bertso-triki-poteoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bertso-triki-poteoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013-07-08

III. bertso-triki-poteoa jaietan

Karmen jaietan, hirugarrenez, bertso-triki-poteo mundiala antolatuko dugu, garagarrilaren 15ean, astelehena, arratsaldeko 8etan, Santurtziko portuan, euskalgunean, gure txosnan hasita. Gonbidatu dugun bertsolari-bikotea paregabea da: Arkaitz Estiballes Ormaetxea galdakaoztarra eta Fredi Paia Ruiz getxoztarra, Bizkaiko txapelduna eta hirugarrena, hurrenez hurren; trikitilariak ere apartak: Iban Lantxo Serrano pandero-jotzailea eta Aner Sertutxa Antruejo trikitilaria, sestaoarrak. Mundiala izango da; beraz, GORDE HITZORDUA ETA ERDU GUGAZ EUSKARAZ GOZATZERA!!!

Bestalde, gogoratu gure txosna dela gure diru-iturri bakarra, hor ateratzen dugun diruari esker antolatzen ditugu honelako ekitaldiak. EGIGUZU BISITA!!!


Hemen hasita, geure txosnan:


Itxaso Antuñano Zeanuri

Fredi Paia Ruiz (Algorta, 1981-) bertsolaria da. Gurasoek euskara jakin ez arren, euskaraz ikasi zuen eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalera heldu den lehen euskaldun berria izan da. Berria egunkarian ere idazten du zutabe bat astero.

Arkaitz Estiballes Ormaetxea (Galdakao, Bizkaia, 1977) bertsolari bizkaitarra da. Euskal Filologian lizentziatua da eta hezkuntza arautuan dabil bertsolaritza sustatzen.
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatutako 2009ko Ibilaldiaren abestiaren leloa sortu zuen eta Biok musika-talde galdakoztarrak musika jarri zion. Arkaitz Estiballes zein Biokeko taldekideak Eguzkibegi Ikastolaren ikasle ohiak dira.
2009ko irailean, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak, Gaztesarea webguneari babesa adierazteagatik, "erakunde armatuarekin" kolaboratzea egotzi zion beste zortzi lagunekin batera.[1]
Wikipedia

Gogoratu geure txosnan kontsumitzen duzun bakoitzean gure herria berreuskalduntzen laguntzen duzula. Arrantza-portutik hasita, 5. txosna da gurea. Edan bitartean, erdian dugun pantailan ipintzen ditugun argazki ederrez gozatu ahalko zara. Bertan agertu gura baduzu, eskatu argazkia ateratzeko! Primeran pasatuko duzu! EGIGUZU BISITA!!!

2012-11-01

Ondo baino hobeto, itzel aurten ere!!!

Zapatuan, urriak 27, gure 6. urteurrena ospatzeko, II. bertso-triki-poteo-afari mundiala antolatu genuen herrian; horretarako, bertsolari paregabe bi gonbidatu genituen: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Euskal Herriko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren.

Lantxo, Sertutxa, Lujanbio eta Arzallus
Arratsaldeko 7etan, Txitxarrako Lagun Etxea tabernan elkartu ginen, giroa triki-poteoarekin berotzen hasteko; Aner Sertutxa trikitilaria eta Iban Lantxo pandero-jotzailea ibili ziren gure herriko kaleak alaitzen. Gero 8etan, bertsolariak etorri ziren, eta triki-poteoa bertso-triki-poteo bihurtu zen. Arratsalde-gau ederrak izan genituen, ilargiak ere kuku egin zigun tarteka-marteka, hotza ere agertu zen gure artean (zenbaitek "fresko" esaten dioten hori), baina euririk ez, zorionez! Zoragarria izan zen bi bertsolariak Santurtziko kaleetan bertsotan entzutea, batzuontzat sinesgaitza. Ametsa zirudien! 

                                                        

Txitxarratik herriaren bestaldera joan ginen, Joan XXIII.a kalerantza. Wagon eta Kalea tabernetan entzun genituen afaldu aurreko azken bertsoak. Hamarrak aldera, tripa-zorriek hala aginduta, Mendizabal kalerantz abiatu ginen, bertan afaldu behar genuen eta, Marina jatetxean. Talde polita batu ginen mahai inguruan: 82 lagun. Ez zen izan marka makala, ez! Ederto afaldutakoan, bertsolarien txanda izan zen ostera ere. Euren maila paregabea erakutsi ziguten beste behin ere. Haiek barre-algarak eta txaloak haiek! Jendea txundituta utzi zuten. "Ze onak diren!" behin baino gehiagotan esan genuen geure artean. Ordu txikietara arte ibili ginen gustura bertsoak entzuten. Atsekabe txiki bat baino ez genuen izan: gure bideo-kamerak ez zuela leku gehiagorik grabatzeko esan zuenekoa, -aurten Olentzerori memoria gehiago eskatu beharko diogu -. Dena dela, gehiena grabatu ahal izan genuen, amaierako bertsoak izan ezik. Horiek gogoan gordeko ditugu han egon ginenok. Zer moduz igaro genuen iruditan gogoratu edo ikusi gura baduzu, hemen dauzkazu argazki gehiago eta laster Youtuben ere ikusi ahalko duzu.

Bai Esan, Lujanbio eta Arzallus bertsolariak, eta Sertutxa trikitilaria
Oharra: Argazkian ez gaude Bai Esaneko guztiak, hor batzuk falta dira, erdiak. Pena batzuk lehenago joan izana, eta beste batzuk etorri ez izana. Ea hurrengoan denok agertzen garen, denon lanari esker antolatzen ditugu horrelako ekitaldiak eta. 

Zorionak elkarteko guzti-guztioi! Horrelako ekitaldiei esker, Santurtzi gero eta euskaldunagoa eta bertsozaleagoa da eta. Ea hurrengoa, hiru urte barru barik, datorren urtean egiterik dugun!
 
Zorionak, Bai Esan! Urte askoan!!! 
Itxaso Antuñano Zeanuri




2012-07-22

Aurten ere ondo baino hobeto: itzel, II. bertso-triki-poteoa jaietan

Karmengo egunean, garagarrilak 16, ondo baino hobeto: itzel! pasatu genuen Jaietako II. bertso-triki-poteoan, Sustrai Colina eta Jon Maia bertsolarien eta Iban Lantxo eta Aner Sertutxa pandero-jotzailearen eta trikitilariaren eskutik.
Sustrai Colina eta Jon Maia
Eskerrik asko etorri zineten guztioi! Asko izan zineten, gainera. Barkatu atzerapena, mikroarekin arazoak izan genituen eta. Azkenean, Bihotz Gaztea elkarteak utzi behar izan zigun, eskerrik asko Iñaki Urkijori batez ere. Eta hastear geundela, ustekabea izan genuen, ETBkoek bertsolariak bahitu egin zizkiguten. Beraz, beranduago hasi behar izan genuen. Saio zati handi bat eurek grabatu zuten, behintzat. Ikusi nahi baduzue, hemen daukazue esteka. Ustekabeak ustekabe, guk primeran pasatu genuen eta zuek ere bai espero dugu.
Itxasoaz 
Aner Sertutxa eta Iban Lantxo