euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012-09-19

II. bertso-afari mundiala

Aurten, Bai Esan euskara elkarteak 6 urte bete ditu ofizialki, gure lehenengo ekitaldia 2006ko apirilaren 1ean egin genuen eta. Behar bezala ospatzeko, urriaren 27an, zapatuan, gure II. bertso-afari mundiala egingo dugu, bertsolari paregabe bi gonbidaturik: Maialen Lujanbio Zugasti eta Amets Arzallus Antia (EHko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren). 

Afaldu aurretik, arratsaldeko 8etan, bertso-triki-poteoa egingo dugu Txitxarran, Joan XXIII.a eta Mendizabal kaleetan, herria girotzeko. Ondoren, 21:30ean gozo-gozo afaltzera joango gara, Marina jatetxera (Mendizabal kalea, 36). Afariak 20 € balio du eta txartelak salgai dituzue Lagun Etxea eta Sotera tabernetan, baita herriko euskaltegietan ere. Dena Santurtziko EHE eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Plan itzela, ezta? Denok zagoze gonbidatuta; beraz, hartu agenda eta erreserbatu eguna, gugaz egoteko.



Lehen esan bezala, aurten, Bai Esan euskara elkarteak 6 urte bete ditu. Ez da marka makala, ez! Sei urtez herrian euskararen erabilera bultzatzen ibiltzea, inolako diru-laguntzarik gabe, autogestioaren bitartez, ez da lan erraza. Gorabehera handiko ibilbidea izan da gurea, behea jotzear ere izan gara  behin baino gehiagotan, gero gorantza egin badugu ere. Gaur egun, zorionez, ospatzeko moduan gara. Iaz, Santurtziko EHE gurekin lan egiten hasteaz gain, jaietako txosna elkarrekin jartzeko aukera ere eman zigun eta, bi urte hauetan ateratako diruaren zati bati esker, zorrak kitatu eta euskarazko ekitaldiak antolatzen eta gure hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitu ahal izan dugu. Gainera, hasieratik gure egitasmo nagusia izan zenak: BERBALAGUNA egitasmoak ere lau urte beteko ditu aurten, abenduaren 4an. Oso arrakastatsua izan da sortu zenetik, 2008an; egun, ia 200 berbalagun ditugu herrian, eta urterik urte, gorantza doa kopurua. BADUGU ZER OSPATU, BAI!

Orain dela 3 urte, I. bertso-afari mundiala antolatu genuen, euskara elkartearen 3. urteurrena ospatzeko. Orduko hartan, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga ekarri genituen, garai hartan EHko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren. Itzel pasatu genuen! Ikusi gura zelan igaro genuen? Jo, bada, gure blog zaharrera, hemen klikatuta. Aurten, gure 6. urteurrena ospatzeko, beste hainbeste egin gura izan dugu, oraingo txapeldunak gonbidatuta.

Bertsolariek ez dute aurkezpen handirik behar; hala ere, hobeto ezagutu nahi badituzu, hemen daukazu 2009ko EHko txapelketa nagusiko bideotxu bat, eta beherago, biografiak. Gozatu!
Itxasoaz


Maialen Lujanbio Zugasti 1976ko azaroaren 26an jaioa, Hernanin (Gipuzkoa). Arte Ederretako lizentziaduna da. Bilbon egin zituen ikasketak (Bizkaia), eta han eman zituen urteak oso garrantzitsuak dira Maialen Lujanbioren ibilbidean, hiri handi batera egin baitzuen jauzi, eta hango giroak, harremanek eta bizimoduak asko eragin zioten. 2000. urtetik 2001era, munduan barrena bidaiatzen aritu zen, eta orduko bizibideek ere eragin handia izan zuten Maialen Lujanbiorengan.
Euskal prentsan iritzi-emaile lanak egin izan ditu, Euskal Herriko zenbait musika talderentzako letrak idatzi izan ditu eta kartelgintzan ere aritu izan da. Marrazki bizidunetako film baten gidoia idatzi du.
Bertsotan, ikastolan hasi zen, hango bertso eskolan. 2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta bitan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an lehenik eta 2001ean gero; urte horretan txapeldunorde izan zen. 90eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, emakumeak leku egiten joan dira goi mailako bertsogintzan, eta Maialen Lujanbiok goren mailara iristea lortu du. Gaur egun, sorkuntzari emana bizi da erabat, eta bertsogintza du jarduera nagusi.
Hainbatetan izan da finalista eta egun, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuenetik, Euskal Herriko txapelduna.

Amets Arzallus Antia Jexux Arzallus bertsolari goiaztarraren semea. Donibanen jaio arren, Hendaian bizi izan da beti. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Futbolerako ere afizio handia zuen, eta bost urterekin hasi zen. Pilotan ere ibiltzen zen, oso kirolzalea baita. Ikastolan Hendaian hasi zen, eta lagun koadrila txikitatik osatu zuten. Gerora horiei guziei eutsi die, pilotari izan ezik. Hegoaldearekin oso lotua egon arren (jatorrian nahiz bestela), Iparraldekoa sentitzen da. 10 urtetik aurrera ikastera Kanbora joaten zen Seaskaren Kolegiora, eta gero Lizeora Baionara. Orain bertsotan eta futbolean segitzen du, eta ikasketetan, kazetaritzara bideratu da. Argia aldizkariko elkarrizketa egile, Hendaiako bertso-eskolako irakasle eta Euskadi irratian kolaboratzaile. 
Hainbatetan izan da finalista eta egun, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bigarren geratu zenetik, Euskal Herriko txapeldunordea. Iparraldeko txapelduna ere bada, 2008an XILABA Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketa egin zen 1. aldian eta egin diren bietan bera izan da txapelduna.

2012-07-22

Aurten ere ondo baino hobeto: itzel, II. bertso-triki-poteoa jaietan

Karmengo egunean, garagarrilak 16, ondo baino hobeto: itzel! pasatu genuen Jaietako II. bertso-triki-poteoan, Sustrai Colina eta Jon Maia bertsolarien eta Iban Lantxo eta Aner Sertutxa pandero-jotzailearen eta trikitilariaren eskutik.
Sustrai Colina eta Jon Maia
Eskerrik asko etorri zineten guztioi! Asko izan zineten, gainera. Barkatu atzerapena, mikroarekin arazoak izan genituen eta. Azkenean, Bihotz Gaztea elkarteak utzi behar izan zigun, eskerrik asko Iñaki Urkijori batez ere. Eta hastear geundela, ustekabea izan genuen, ETBkoek bertsolariak bahitu egin zizkiguten. Beraz, beranduago hasi behar izan genuen. Saio zati handi bat eurek grabatu zuten, behintzat. Ikusi nahi baduzue, hemen daukazue esteka. Ustekabeak ustekabe, guk primeran pasatu genuen eta zuek ere bai espero dugu.
Itxasoaz 
Aner Sertutxa eta Iban Lantxo

2012-07-14

Irakurri, gozatu eta oparitu: ekaineko sariduna!!!

Aurten, lehenengo aldiz, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan, erosketa-txartel bi zozketatu ditugu parte-hartu duzuenon artean, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko; irakurtzen eta gozatzen jarrai dezazuen lagunduko duten erosketa-txartelak: bata maiatzean liburutegian eta bestea ekainean liburu-dendan. 
Zozketa-unea, Temas liburu-dendan

Maiatzean bezala, ekainean ere, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainan parte hartu duzuenon artean, erosketa-txartela zozketatu genuen. Maiatzari zegokion saria libururen bat irakurri zenutenon artean zozketatu genuen, eta ekainari zegokiona erosi zenutenon artean.

Azken zozketa Temas liburu-dendan egin genuen, uztailaren 1ean, libururen bat erosi zenutenon artean. Parte-hartzaileen izenak paper banatan idatzi, kutxatxo batean sartu eta dendan zegoen neskato bati papertxo bat ateratzeko eskatu genion. Eta hara sariduna: Gemma Alonso Pajares! Zorionak!

Saria atzo eman genion, jaietako lehenengo egunean, non eta gure txosnan, ireki bezain laster. Gogoratu txosnan irabazten dugun diruari esker bakarrik antolatzen ditugula euskarazko ekitaldiak, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina esaterako!  Beraz, JAIETAN EGIGUZUE BISITA TXOSNAN!!!

Zoriooonak, Gemma!!!

"Ez dago liburua bezalako itsasontzirik, urrun bidaiatzeko" Emily Dickinson. Gu dagoeneko igo gara itsasontzi horretara, eta zu? JARRAITU EUSKARAZ IRAKURRIZ GOZATZEN!!!
Itxasoaz

2012-06-24

MIntza Eguneko bideoaren emanaldia

Ostiralean, ekainak 29, arratsaldeko 7etan, Mintza Egunean grabatu genuen bideoa ikusiko dugu Dorretxean. Baietz zeu ere agertu! Eta gero, elkarrekin poteatzera joango gara, ikasturteari amaiera emateko. Bazatoz?
Badakizuenez, ekainaren 2an, Euskal Herriko VII. Mintza Eguna ospatu genuen Santurtzin. Bertan Euskal Herriko lau ertzetako berbalagunak (solaslagunak, mintzalagunak, solaskideak, mintzakideak...) batu ginen herrian, geure eguna ospatzeko. Santurtziarrontzat oso egun garrantzitsua, aspaldian ez genuen horrelako egunik herrian eta. Euskal Herriko herrialde guztietako euskaldunak batu ginen, mingainak eta gorputzak euskaraz astintzeko. Eta ondo astindu ere, goizetik gauera arte, lotu barik. Egun itzela izan zen! Ikusi nahi baduzu, badakizu: zatoz ostiralean gurekin ikustera!!!
 Itxasoaz










2012-04-29

MINTZA EGUNA, SANTURTZIN!!!

Aurten, Mintza Eguna, Euskal Herriko berbalagun guztion eguna, Santurtzin ospatuko dugu ekainaren 2an. Horretarako, egitarau mundiala prestatzen gabiltza! Ezin duzu galdu. Hartu agenda eta erreserbatu eguna gurekin egoteko! Ez zaizu damutuko, ondo baino hobeto pasatuko duzu eta.

Ekainaren 2an goizeko 11etan Santurtziko portuan elkartuko gara euskaraz bizi nahi dugunok. ZEUK ERE EUSKARAZ BIZI NAHI BADUZU, ZATOZ GUREKIN!!!

Hona hemen, behin-behineko egitaraua:

11:00 Ondoetorria eta hamaiketakoa portuan, Bihotz Gaztea kantu-taldeak eta Mamarigako Kultur Etxeko txalapartariek eta bertsolarigaien bertso-jarriek lagunduta.
12:00 Ibilaldi gidatua herritik berbalagunon eskutik / Gurasolagun eta umeentzako jolasak parke nagusian
13:30 Berba kalejira, Maskarrada taldearekin.
14:30 Bazkaria Gernika parkean (20 €)*
16:00 Sari-banaketa eta bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Iñaki Apalategi
17:00 Euskal erromeria, Aldats taldearen eskutik.
20:00 Kantu-triki-poteoa, Dangiliske taldearen eskutik

* Bazkari-txartelak AEKn dituzu salgai dagoeneko, maiatzaren 23ra arte, (zeliakoa edo barazkijalea bazara, esaiozu izena hartzen dizunari) . Umeentzako bazkaria ere egongo da, 10 €-koa. Ez itxaron azken unera arte, lekuak mugatuak dira eta!

Menu gozo-gozoa: 1. oilasko-paella, 2. txahal-masailak txanpiñoi eta patata paristarrekin, postrea, ardoa eta kafea.




Hurrengo egunean, domekan, ekainak 3, Ibilaldia izango dela kontuan hartuta, gaua Santurtzin eman dezakezue kanpotik etorriko zaretenok. Hona hemen ostatuen estekak:

Santurtziko ostatuak: http://turismo.santurtzi.com/eu/alojamientos.aspx
Barlovento ostatua:  http://www.pensionbarlovento.blogspot.com.es/
Iruña ostatua http://www.pensioniruna.com/habitaciones.htm

Eta aurten, lehenengo aldiz, Mintza Egunak kanta ere badu. Abestia ere egin dugu zu gonbidatzeko, hona hemen:



Santurtziko portuan!
Noz? Ekainaren 2an.
Santurtziko portuan,
goizeko hamaiketan.
Bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
TXO, berbalagun guztiak!!!
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
Bai Esanek dino.

Santurtziarrak gara eta
euskara dogu hizkuntza.
Berbalagunak gara eta
euskarak batzen gaitu.
Zeuk ere gura badozu.
Zeuk ere gura badozu.
Zeuk ere gura badozu.
ÑO! Zatoz gugaz batera.
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
ekainaren 2an.

Euskaraz bizi gura dogun
santurtziarrak gara.
Astean behin alkartuuta,
gogotsu ibiltzen gara.
Jaietan zein oporretan,
Jaietan zein oporretan,
Jaietan zein oporretan,
TXO! Gure hizkuntza ahoan.
Atsegin dot, atsegin dot
berbalagun izatea;
atsegin dot, atsegin dot,
euskaldun naz eta.

Santurtziko portuan!
Noz? Ekainaren 2an.
Santurtziko portuan,
goizeko hamaiketan.
Bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
ÑO! Berbalagun guztiak!!!
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
Bai Esanek dino.

Doinua: Bermioko portuan, herrikoia
Hitza: Itxaso Antuñano Zeanuri

Abeslariak: Santurtziko berbalagunak
Kantu-zuzendaria: Lorea Artetxe
Soinu-jotzailea: Marina Gutierrez
Soinu-teknikaria: Juanpe Salvador
Bideo-egilea: Urko Rio
Otzarak: Bihotz Gaztea dantza-taldea

Doinua entzuteko, klikatu hemen.

Gure bideoaren kronika:

Kantaren hitza eta bideoa grabatzearen ideia neureak badira ere, bideo hau hor agertzen garen guztion (eta agertzen ez diren batzuen) artean egin dugu.

Kanta egin ostean, taldez talde joanda, berbalagun talde handia batu nuen kantatzeko, hainbat taldetako lagunak, eta entseatzen hasi ginen. Gainerakoa, batetik eta bestetik lortu genuen: Josek bazuela bideo-kamera; Nereak Benito, itsasontziaren jabea, ezagutzen zuela. Mamarigako Kulturreko Urkok grabatu egingo zuela. Trikitilari bati esan, eta baietz, berak joko zuela. Ez zen erraza izan grabatzeko eguna aukeratzea, baina denbora gutxi geneukan eta lehenbailehen egin behar. Beraz, entsegu bi egin ostean (a capela, gainera, trikitilaria ezin izan zen etorri eta; zuzendaria, ordea, bai: Lorea Artetxe, laguntza ederra!), eguna aukeratu nuen eta aurrera. Saioetan ibili ziren batzuk ezin izan ziren etorri; dena den, haiei ere eskerrak eman nahi dizkiet, honen guztiaren parte ere badira, bideoan agertu ez arren.

Maiatzaren 6a aukeratu nuen grabatzeko, Santurtziko portuan eta gero parke nagusian. Eguraldiaren beldur ginen, txarra zegoen iragarrita eta; hala ere, ausartu eta joan egin ginen. Eguzki amandrearekin hitzordua geneukan eta ez zigun kale egin (trikitilariak ez bezala). Atsekabeak eta malkoak ere egon ziren, ez pentsa, eta ez nolanahikoak, grabaketa bertan behera uzterainokoak, gainera. Hala eta guztiz ere, azkenean grabatu egin genuen, entseguetan bezala: a capela, baina ederto baten. Egun ederra izan zen, primeran pasatu genuen, eta, bide batez, herria alaitu genuen. Maiatzaren 10ean, arineketan soinu-jotzailea bilatu ostean, Juanperen estudioan grabatu genuen Mamarigan. Marina Gutierrez soinu-jotzailearekin estudioan bertan behin entseatu eta grabatzeari ekin genion.


Berbalagunak: Jose, Nerea, Irati, Lorea, Marijo, Zulema, Gladys, Rosana, Juanan, Bego, Amaia, Yoli, Gontzal, Eva, Marian, Balen, Luis, Oihane, Ane eta ni, Itxaso.

Laguntzaileak: Inma eta senarra, berari eta Faniri esker lortu nituen Bihotz Gaztea dantza-taldearen otzarak. Eta, gainera, argazkiak ateratzen eta zaintzen ibili ziren, inor sar ez zedin erdian guk grabatu bitartean.

Hara hor, gure kronika. Arineketan eginda dena, gorabeherez beteta, baina lortu genuen, eta ez da gutxi. Eskerrik asko bihotz-bihotzez zelan edo halan parte hartu duzuen guzti-guztioi, musu bana.

Itxaso Antuñano Zeanuri

Hona hemen grabaketa argazkitan, grabaketaren erreportajeak: lehenengo luzea eta gero laburra:




2011-12-10

EUSKAL TRIkiBIAL MUNDIALA!!!

Abenduaren 3an, larunbatarekin, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin genuen 1. euskal triKIbiala mundiala izan zen. Ordu batean, euskaldun piloa elkartu ginen Mamarigan gure hizkuntzaren eguna elkarrekin ospatzeko asmoz, baina EHE eta Bai Esanekook zerbait ezberdina eta berezia antolatu genuen: euskal triKIbiala. Aurreko egunetan denen ahotan zebilen: "Zer ote da triKIbiala?", baina inork ez zekin zer zen, antolatzen genuen lehenengo aldia zen eta.

1. euskal triKIbiala 2011 hastear!

Armintza tabernaren ondoan, lepokoak eta turutak banatu ostean, lehiaketari ekin genion. Han zeudenak hiruzpalaunaka batzen hasi ziren eta sei talde osatzea lortu genuen: Turuta, Zergatik ez, Trueno kapitaina, Naranjitoak, Pizti Zoroak eta Aupa Portu. Sei talde! Ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula, ez! 

Turuta taldea
Pizti Zoroak
Zergatik ez!

Aupa Portu!
Naranjitoak
Trueno kapitaina

E! Zer ipintzen du hor? :-S
Auskalo!
Bat, bi eta hiru! Lehenengo proba hasi zen: esaera zaharrak! Kalean uso, ... Guk lehenengo zatia eman eta bigarrena, hiru aukeraren artean, zein zen igarri behar zuten. Eta hala egin zuten; gehienak asmatu zituzten, ia-ia guztiak.

Aizue, hori autoa da,
ez tabernako barra!
Ondoren, bigarren proba: bertsoak! Mihiluze telesaioan egiten duten antzera, oinak asmatu behar zituzten. Ostean, gainerako probetan legez, ozenki irakurri zituzten; baina orduko hartan, doinua emanda, bertsoak abestuz: ♪♪♪ Peio Joxepe tabernan dala... ♪♪♪. Horretan ere fin-fin ibili ziren, antolatzaileok ere aho bete hortz utzita.


Ez da hain erraza, e!

Hirugarrena: asmakizunak! Aukerarik ez, hitza zein zen igarri ala kale! Eta... bale!!! A zer-nolako maila daukagun herrian! Guzti-guztiak asmatu zituzten! Giroa, pil-pilean! Talde guztiak ia berdinduta. Aldea txiki-txikia zen. Hurrengo proban erabakiko zen dena! Hura bai hura ikusmina! Nork irabaziko ote zuen?
Badakigu!!! Kar-kar-kar!!!


     Aitor,  zelako makina abestiak topatzen!
Hori da tonua, hori!










Proben artean, Unai Laso trikitilaria eta Indira Landera pandero-jotzailea, Trueno Kapitaina taldean parte hartzeaz gain, giroa alaitzen ere ibili ziren. Geroago, santurtziarrei Janire Egaña galdakaoztarra trikitia jotzera batu zitzaien. Aupa zuek!
Aire, aireee!!!

Azkenean, proba erabakigarria heldu zen: laugarrena! Eta zertan zetzan? Bada, hasteko, euskara hitza duten abestiak kantatzean. Hasteko eta amaitzeko, zeren eta, hitz gehiago prest eduki arren, hori berori bukatu baino lehen, proba amaitutzat eman behar izan genuen; bestela, oraindino egongo ginateke han kantu-kantari. Guk euskaraz... Araban bagare... Behin betiko, behin betiko... Euskal Herrian euskaraz... Eta bai, eta bai, nik euskarari bai ta bai... Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen... Nora zoaz eskual semea... eskuara baizik ez zakiten haiek... ♪♪♪ Hura kanta-zaparrada! Hona hemen lagin bat:




Eta irabazleaaak trtrtrrrrrrrr: Trueno kapitaina taldekoak! Zoriooonak!!! Baita parte hartu zenuten guztioi ere!!! Guztiek ospatu zuten, lehenengo saria irabazi izan balute bezala. Ondo eginda, denok merezi zenuten eta!!! Hura maila hura erakutsi zenutena! Egia esan, lehiaketa hartan, denok irabazi genuen, euskara nagusi izan zen eta. Zorionak eta eskerrik asko guzti-guztioi, zuek gabe ezin izango genukeen egin eta.




Aurtengoa, inolako zalantzarik gabe, oso arrakastatsua izan zen. Horrelakoak sarriago antolatzeko eskatu zeniguten, eta hala egingo dugu. Ez zuek eskatu bezain sarri, astean behin gehiegitxo da eta. Baina laster bai, laster izango da 2. euskal triKIbiala 2012! Hasi prestatzen, bada!!!

Hirurak aldera, Itsasoko Ama ikastetxean AEK-k antolatutako bertso-bazkarira joan ginen. Tira, apur bat beranduago! Gainera, bertsolariak gure artean zebiltzan. Barkatuuu! :-S

Bapo bazkaldu eta gero, bertsolarien txanda etorri zen: Imanol Uria Albizuri getxoztarra, Beñat Vidal Gurrutxaga leioaztarra eta Peio Ormazabal Villanueva arrigorriagarra. Ona hirukotearen saioa!!!



Eta gogoratu: Nazioartean abenduaren 3an izaten da, baina Euskal Herrian, eta baita Santurtzin ere, egunero-egunero da euskararen eguna. GURE HERRIA, SANTURTZI, EGUNERO SORTZEN SEGI DEZAGUN EUSKARATIK ETA EUSKARAZ!!! GORA GU TA GUTARRAK!!! GORA SANTURTZI EUSKALDUNA!!!

Argazki guztiak ikusteko, klikatu hemen! Eta bideoak ikusteko hemen.

 Itxaso Antuñano Zeanuri


2011-09-22

EUSKARAK BEHAR ZAITU, BAZATOZ?

Agur t’erdi, euskaldunok eta euskaltzaleok! 

Oporren ostean berriro gatoz gogotsu euskararen alde lan egitera, baina ez dugu zu gabe hasi nahi. Euskarak Santurtzin, gure herrian, denon beharra du, batez ere zeurea. Euskarak behar zaitu, bazatoz? Elkartekidea izateko ez duzu agiririk behar, euskaltzalea izatea nahikoa da! Baina zer egin horretarako?

Gurekin lan egin nahi baduzu eta Bai Esan Santurtziko euskara elkartearen kidea izan, hainbat era duzu:

*Elkarteko bazkidea izan zaitezke, Bai Esanen txartela jaso eta hainbat abantaila lortuko duzu zenbait denda eta kultur ekimenetan.
*Edota bi astean behin Bai Esanen batzarretara etor zaitezke; horrela, era aktiboagoan hartuko duzu parte, Santurtzin euskararen egoera hobetze aldera. 
* Edo bestela, antolatzen ditugun ekitaldietan laguntzailea izan zaitezke.

Bazatoz, ezta? Idatzi, bada, email honetara: baiesan@kaixo.com

Euskarari zure aletxoa eman nahi badiozu, Bai Esan euskara elkartean parada ezin hobea daukazu. Anima zaitez!