Bai Esan etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bai Esan etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014-04-12

Zirkulu Polar Artikorako bidaia

Maiatzean, Euskal Herritik atera eta munduan zehar bidaiatu gura dugu, Iparbururaino. Bidaia zoragarria egingo dugu Islandia eta Groenlandia uharteetara, jesarlekutik mugitu ere egin barik, Asier Arantzabal eta Mila Gallastegiren eskutik, maiatzaren 30ean, barikua, arratsaldeko 7:30ean (ez 8etan, barkatu!), dorretxean, DOAN!!! Ikusentzunekoaren iraunpena 55 minutuko da; ondoren,  diaporamaren egileei galderak egiteko nahi beste denbora izango dugu. Gorde arratsaldea eta zatoz beste behin ere gugaz euskaraz gozatzera!!!



 Zirkulu Polar Artikoaren ondoan, iparraldeko argiek edertuta, Islandiako eta Groenlandiako izadiaren handitasunak edonor miraz jartzeko gai da. 


 
Islandia izotzaz eta suaz egina dago. Munduan beste inon ez dute glaziarren eta sumendien indar kontrajarriak bat egiten: laba-basamortuak, riolitazko mendiak, basaltozko anfiteatroak, iturri geotermikoak, geyserak eta izotz azpiko sumendiak, ibai eta urjauzi hunkigarriak sortuaz.

Groenlandia izotzez estalitako irla da, % 84 hain zuzen. Gainontzekoa, udako belarraren berdeak kostaldea bizigarri egiten du,  bertan jaso baitituzte Inuitek bere etxe eta herri koloretsuak, fiordoen ur lasaien ondoan. Inlandsisaren izotzak ere kostalderantz jotzen du fiordoetan zehar irristatuz eta itsasoa zuri-urdinezko iceberg ikusgarriekin betez. 

Ikusentzuneko honekin Inuiten eta Vikingoen lurralde hauetan zehar bidaiatuko dugu, belardien berdearen eta haitz bolkanikoaren beltza zapalduaz, baita glaziarren zuria eta mendien okre, marroi eta gorria zapalduz, etengabeko urtzaldiaren ibaien arrea zeharkatuz, ur beroko errekek sortutako izotz-kobazuloen urdin argian barrena sartuz eta ur-putzu beroen urdin-berdean atsedena hartuaz, beti ere zeru aldakorraren zuri, gris eta urdinari so.  



2014-03-30

Lau haizetara kontari

 Apirilean, Antton Irusta ipuin-kontalaria izango dugu geure artean; Santurtziko dorretxeko Bolintxis aretoan, apirilaren 4an, barikua, arratsaldeko 7,30etan.

Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Helduok ere atsegin dugu ipuinak entzutea, errealitatetik urruntzea eta istorio baten partaidea bihurtzea, ezta? Bada, horretarako, hain zuzen ere, gonbidatu dugu Antton Irusta: egunerokotasunetik asagotuta, mundu zoragarrietara eraman gaitzan. Bazatoz?


"Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Euskal Herrian bizi zen gure laguna, berbalapiko kuttuna. Baina behin mundua ezagutu behar zuela eta, Euskal Herritik alde egin zigun. Nondik nora ibili behar den eta zer ikusi duen azalduko digu ipuin eta abenturaren bitartez".  

Horrela hasten du bere saioa Antton Irustak, hainbat herritako ipuinak kontatuz. Hor aurkituko dituzu han-hemengo ipuinak: “Eguzkiaren semea”, “Iasaren istorioa”, “Berberea eta arrotza”, “Katxinen ibilerak”, “Luki Barrabasa”...



Antton Irusta Zamalloa (Bilbo, 1963) Eubako Pasionistetan ikasi ondoren, Derioko seminarioan egin zituen magisteritza ikasketak eta Deustuan Euskal Filologiako goi mailako ikasketak. Egun, Urretxindorra ikastolan dihardu lanean euskara, literatura eta eta ipuinen tailerrean arduradun. Telebistan ere, Canal Bizkaian, Kontu kontari programa egiten du. 1983an hasi zen ipuin munduan. Madrilen, Bartzelonan eta Guadalajarako ipuin Maratoian parte hartu du. 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak Ipuinen tailerra liburua saritu zuen, kontsulta libururik hoberena izanik. Urteetan zehar haur, gazte, irakasle eta gurasoentzako ipuinen tailerrak ematen aritu da. Garatu irakasleentzako antolatzen diren ikastaroetako irakasle izan da. Ipuin kontalaria dugu. Horrekin batera irakasle eta idazle ere bai baina ipuingintzaren inguruan. Ipuinetan mundua ikusteko modu bat dago, herri baten kultura eta hizkuntzari lotuta, eta gaur egun herri-tradizioko corpus hori eskolumeengana eroaten dauka ardurarik handiena Anttonek. Hainbat mintegi eta eskola eman ditu, ikerketa lagun, eskolan hori suspertzeko metodologia lantzeko. Egun ipuin kontalariez eta kontaketaz tesi doktorala egiten ari da.

2014-02-14

LABURBIRA, Film Laburren XI. Zirkuitua!

Urtero legez, film laburren zirkuitua, Euskal Herriko areto eta antzokietara helduko da ostera ere. Aurtengo edizioa martxoaren 14tik apirilaren 16ra bitartean izango da. Parisen, Bilbon, Gasteizen, Tolosan, Erandion, Arrasaten, Atarrabian, Orion... eta Santurtzin ere LABURBIRA: Film Laburren XI. Zirkuitua!  Martxoaren 21ean, barikua, Kresala aretoan, arratsaldeko 7:30etan, Bai Esan euskara elkarteari esker. Sarrera dohainik. Hartu agenda eta gorde eguna, ezin duzu galdu eta!!!

10Zazpi film labur izango dira aurten, guztira ordu eta laurdeneko saioan. Hautatutako film gehienak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan dira, eta zazpigarrena Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteak sortutakoa da, euskaldun berriekiko sentsibilizazioa bultzatzeko (Euskaldun berriaren esketxa). Filmeen artean daude Kameratoia gazteen rallyko irabazlea (Plaza bakarra) eta Benito Ansola Sariarekin ekoiztutakoa (Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa).

Hona hemen zerrenda:
Abuztua (Pello Gutierrez): Julenek mugitu ezin den amonaren ardura izango du uda euritsuko arratsalde sargorietan. Egunek aurrera egin ahala, hasierako axolagabetasuna jakin-min bilakatuko da. Kontakizun bat maitasuna eta izuaren mugan.

Aio (Asier Sustaeta): 25 urte atzera gertaturikoak...eromenera darama sendi oso bat. 
 

    Euskaldun berriaren esketxa 
    (Kepa Errasti, Loramendi elkartea): 
    Robertok izugarrizko borondatea dauka euskaraz jarduteko. Handiegia, antza, batzuentzat…
      

    Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Maider Fernandez, Maria Elorza, Aitor Gametxo): Gizon batek hitzak lekuak direla esan zigun. Horrela, sei hilabetez tokiz-toki ibili ginen, euskalki ezberdinetako esamoldeak bilatzen. Bidaia horretan topatutakoarekin sei esapide batu eta hiztegi txiki bat osatu dugu, pantaila hitz irudikatuen eta irudi mintzatuen topagune dela pentsatuz.
    Marylin (Iñaki Beraetxe): Askatasunari eta adiskidetasunari kantua da Marylin. Bizitza une batetik bestera aldatu daitekeela erakusten du filmak.

    Plaza bakarra (Mediaworks 3.0): Gabonak badatoz. Amalur neskatxa gaztea urduri dago, aurten izango dituen oparien zain baitago. Baina, bere buruan galdera garrantzitsu bat ari da bueltaka... Zein da gabonen jatorria?

    Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre): Eneko Atxa sukaldariak eta Lara Izagirre zinemagileak sormenaren bideetan barrena eramango gaituzte. Nola egiten da hiru izarreko plater bat? Nola sormen-prozesuari buruzko film labur bat? Elkarren artean hain desberdinak diren bi diziplina horien bestaldera eramango gaituen bidaia. Ikusleari proposaturiko jolasa, bien arteko jolasa, sutondo eta zinemako argi artean jolasturiko jolasa. On egin!

    2014-02-08

    Eta topa egin genuen euskararen alde euskaraz!!!

    Atzo, barikua, zezeilak 7, txakolin-, ardo- eta gazta-dastaketa egin genuen, dorretxean, Mikel Garaizabal enologo eta somelierraren eskutik, Hazi eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Itzelezko bidaia egin genuen, lekutik mugitu ere egin barik!!!
     

     

    Dorretxeko Rompeolas aretoan, hogeita bat euskaldun batu ginen mahai inguruan, Mikel Garaizabalen eskutik, bidaia zoragarriari ekiteko prest. Aurrena, usaimenetik hasi ginen. Behin gure sudurrak zelan egiten duen lan ulertuta, usaintzeari ekin genion: loreak, belarrak, frutak, zuhaitzak... muxika, mugurdia, kanela, zedroa, bioleta... A zer-nolako usain festa gure sudurretan!


    Gero, ahoaren txanda heldu zen. Hasteko, txakolinak dastatu genituen, hirurak. Lehenengo, Getariakoa; ostean, Arabakoa, eta, amaitzeko, Bizkaikoa. Zelako aldea! Izen bera izan arren, zein ezberdinak diren!
    Mihiaren atal guztiak sentitu genituen; gure dastamen papilek, ardoak ukitzean,  zer egiten duten sentitu eta ulertu genuen; zapore-mota guztiak: garratza, mingotsa, gozoa, gazia eta umamia. Bai, ondo irakurri duzu, umamia,  bosgarren zaporea. Horren berri ere izan genuen, dastatzea beste baterako utzi bagenuen ere, ez ei da oso atsegina eta.

     

    Ondoren, Idiazabalgo gazta dastatzeko aukera izan genuen. Garaizabal elorriarrak erakutsi zigun zer hartu behar den kontuan gazta ona ala txarra den jakiteko; erakutsi zigun itxurari erreparatzen; erakutsi zigun antzematen gure ahoan gertatzen den guztia. Erakutsi zigun guztiari esker orain hobeto hauteman ditzakegu xehetasunak eta ñabardurak, gazta-txapelketetan egiten duten antzera.



    Azkenik, Arabako Errioxako ardoa dastatu genuen. Ardo mota bi: bata, eskailerapekoa edo urteko ardo berezia, eta bestea, ondua. Orduan ere, bai sudurra eta bai ahoa lanean jarri genituen; dastamen-papil guztiak dantzan, beste behin ere. Kopa barruan, ardoaz gain, baso osoa zegoela zirudien, zenbat usain  batera: bananak, ahabiak, mugurdiak, masustak... basoko fruitu guztiak han barruan zeudela ematen zuen. Ardo bien artean, gazta ketua eroan genuen ahora eta erkatu aurrekoarekin. 

    Bukatzeko, ardo onduaren txanda iritsi zen. Usaimenaren eta dastamenaren bitartez, bereizi ahal izan genituen ardo bien arteko alde handiak. Eta zein izan zen gozoena? Bada, atsotitzak dioen bezala, batak arrosaren kolorea maite, besteak usaina!!!

    Hura usain- eta zapore-dantza atzokoa!!! Ekitaldiari erramua emateko, ardo gozoa eskuan, topa egin genuen euskararen alde euskaraz!!!

     Argazki guztiak hemen!!!
    Itxaso Antuñano Zeanuri

    2013-11-24

    Txapelak badu nork jantzi, badugu txapelduna

            
       
        Atzo eguerdian, Santurtziko I. Pintxo Txapelketa Euskalduna egin genuen. 5 tabernak hartu zuten parte: Lagun Etxeak, Herriko tabernak, Txistu tabernak, Jon tabernak eta Novo Muiño-Errotaberri tabernak. Zoriooonak eta eskerrik asko zinez guzti-guztioi!!! Maila gorena dugu herrian pintxotan, bai horixe! A zer-nolako pintxoak! Kategorikoak! Zein baino zein gozoagoa! Epaimahaikooi lan zaila jarri ziguten, egiatan!

         Dastatzaileak bilduta, hastera goaz!

    Hona hemen ibilbidearen arabera ordenatuta:
    Lagun Etxea
    Arrautza

    Herriko taberna

    Patata habia

    Txistu taberna

    Txanpiñoi otzara

    Jon taberna
    Otarrainxka pintxoa

    Novo Muiño Errotaberri taberna - Txanpiñoi pintxoa
    Arestian esan bezala, lehia estua izan zen. Epaimahaikook lan zaila izan genuen. Baina norbaitek irabazi behar, txapel bakarra zegoen eta azkenean:
    NOVO MUIÑO-ERROTABERRI tabernak 
     irabazi zuen. ZORIOOONAK!!! 

    Zoriooonak, txapeldunak!!!

    Pintxo irabazlea
    Bai Esaneko kide batzuk irabazleekin

    Epaimahaiko gehienak, ez denak
    Zoriooonak, txapelduna!!!
    Emaitzak honako hauek izan dira:
    1. Novo Muiño Errotaberri 8,7
    2. Herriko taberna 7,69
    3. Lagun Etxea 7,11
    4. Txistu taberna 6,65
    5. Jon taberna 6

    Goizean, itsas museora!!!

    Atzo goizean, Santurtziko itsas museora joan ginen. Bertan hobeto ezagutu gura genuen gure herriaren historia, zer-nolako garapena izan duen, zelakoa zen antzina, zelakoak ziren lehengo santurtziarrak, zertan aritzen ziren, ...

    Hori guztia ezagutzeko asmotan joan bai, baina... asmoak asmo: euskarazko testuak arinegi igarotzen ziren, ez zegoen irakurtzeko modurik, birritan ikusita ere, esaldi erdiak besterik ezin izan genuen irakurri; holakoetan, hobe audioa grabatzea, irakurtzeko badago kanpoko guztia eta (eskerrak hormetakoak ezin direla mugitu, osterantzean....). Hori gutxi ez, eta batzuk ibili ere ez zebiltzan; ezin izan genuen ikusi Maria Errenteria nor zen, esaterako. Penagarria!!! Holako museoa, berri-berria, eta holako akatsak!!! Ez dut uste behin ere ikusi dutenik, euskaraz, behintzat, nahikoa da eta konturatzeko. Gainera, itzelezko hotza zegoen, kanpoan baino hotz handiagoa! Kontserba-museoa izateko primerakoa!

    Argazki guztiak hemen!
     Itxaso Antuñano Zeanuri

    2013-06-09

    Santurtziko II. euskal kantu-triki-poteo mundiala!!!

    Atzo, bagilak 21, barikua, itzel igaro genuen Santurtziko II. euskal kantu-triki-poteo mundialean!!! Espero baino jende gutxiago etorri zen arren, talde polita osatu eta Txitxarra kantuz alaitu genuen. Gainera, erdaldun euskaltzale batzuk ere animatu ziren gugaz kantuan egiten. Pozgarria, egiatan!!!


     Txistu tabernaren aurrean geundelarik, bertako tabernariek pintxoak atera zizkiguten. Bai gozoak! Detaile polita! Eskerrik asko, Txistu!

    Argazki gehiago, hemen!


    Ikasturtearen amaiera ospatzeko, Santurtziko II. euskal kantu-triki-poteo mundiala egingo dugu Ezkerraldeko musikarien eskutik. Apuntatu ondo: bagilaren 21ean, barikua, arratsaldeko 8etan, Txitxarran, Lagun Etxea tabernan hasita.
    Lehenengoa iaz egin genuen, Mintza Egunean. Gaueko ekitaldia izan zen, gogoratzen? Gogoan duzue zer ondo igaro genuen? Itzel, ezta? Bada, aurten ere errepikatu gura dugu. GORDE EGUNA ETA ZATOZ ZEU ERE!!!
    Itxaso Antuñano Zeanuri
    Hona hemen iazko argazki batzuk, gainerakoak Flickr-en!



    2012-12-19

    Urtarrilean Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu, bazatoz?



    Urtea ondo hasteko, Bai Esan euskara elkartekook Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu. Lehenengo eta behin, denboraren makinan sartu eta 13000 urte atzera egingo dugu, gure arbasoak Santimamiñe kobazuloan bizi ziren garaira arte. Geroago, erromatarren garaira joango gara, Foruko herrixka erromatarrera. Eta azken geldialdia Erdi Aroan egingo dugu, gure herrietako ordezkariak Gernikako Arbolaren azpian batzartzen ziren garaian amaituko da gure bidaia. Plan itzela, ezta? Ez itxaron gehiago, hartu agenda urtarrilaren 19a, larunbata, gorde eta, izena emateko, guri mezua bidali hona: baiesan@kaixo.com Arin ibili, lekuak mugatuak dira eta!!!

    Gernikara joango gara, egun pasa urtarrilaren 19an, larunbata. Bizkaiko herri horrek, inguru paregabean kokatua, leku interesgarri asko eskaintzen ditu eta Euskal Herriaren historiaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko toki ederra da! Horregatik, egun horretarako hainbat ekintza antolatu ditugu, hona hemen gure egitaraua:

    9:30ean Santurtzitik aterako gara autobusez Gernikarako bidean eta lehenengo geldialdia, denboran mila urte atzera eginda, Santimamiñe kobazuloan egingo dugu, Kortezubi herriko Basondo auzoan, Ereñozarre mendiaren hegoaldeko hegalean.

    10:30ean ikustaldi gidatua egingo dugu Santimamiñen, ordu eta erdikoa. Gaur egun, pinturen gela zein kobaren barruko garapena ikerkuntza beharretarako mugatuta daude, eta jendearentzako itxita, kontserbazioa bermatu ahal izateko. Baina horren lekuan interpretazio eremua eta Santimamiñeko ermitan kobako bisita birtuala egingo dugu!

    Horren ostean Omako basoa edo Foruko aztarnategi erromatarra ikustera joango gara, eguraldiaren arabera. 

    Omako baso margotua 1980ko hamarkadaren erdi inguruan egin zuen Agustin Ibarrola artista basauriarrak. Margoak arboletan daude eginda, hainbat esparru espazialetan dauden arboletan, eta bloke tematiko bakoitzari sakontasun eta mugimendu desberdinak eman zizkion.
    Basoak bisitarien parte hartzea eskatzen du, bisitariak berak sortzen edo apurtzen dituelako eszenak, hartzen duen kokalekuaren arabera.
    Obra honek hiru dimentsiotan egindako figurak dimentsio bakarreko oihal bihurtzen ditu, beti ere bisitaria leku egokian jartzen bada.
    Basoak, gutxi gorabehera, 5 hektarea hartzen ditu eta Basobarri mendiaren iparraldeko hegalean dago, Omako nukleorako jaitsieran.



    Bestalde, Foruko erromatar herrixka  Busturialdeko Forua udalerrian dagoen arkeologia-gunea da, Bizkaiko erromatar aztarnategi garrantzitsuenetarikoa. Foruaren eta portuaren kokagunea izan zen. Batez ere, erromatar garaiko eraikinen hondakinak dauzka, I. mende eta IV. mende artekoak. 
    Forua du izena, baina forum berbatik ei datorkio herri izena. Merkatu erromatar garrantzitsua zena bere sasoian (k.o. I-V mende artean), gaur egun herri txiki eta lasaia da. Bizkaiko aztarnategirik handiena dago Foruan. Kristo ondorengo I. eta V. mendeen artean bizi izan zen jendea han eta burdina landu eta saldu egiten zuten foruarrek. Historiak jasotzen duenez, burdina forjatzen aritzen ziren Foruko bizilagunak; izan ere, forum edo merkatu hori itsasotik penintsularako bidean truke-gune bihurtu zuten. Foruara Ebro bailarako salgaiak iristen ziren eta itsasoz eramaten ziren eta baita alderantziz ere. Gaur egun bidearen alde bietan ikusten dira orduko eraikinen egiturak.

    15:00etan bazkaldu egingo dugu, garagardotegian, menu gozoa eta merkea, eta kafea Gernikan hartu.

    16:30ean beste ikustaldi gidatua edukiko dugu, oraingoan Batzar Etxean, Bizkaiko erakunderik gorenaren egoitza, hain zuzen ere.

    Ikustaldi gidatuaren ostean Gernika bisitatzeko denbora egongo da, arbolaren ondoan argazkiak egin, herritik paseoa eman, edota Euskal Herria museoa bisitatzeko aukera ere, sarrera dohainik da eta! Museo horretan, kultura eta tradizioen bitartez ezagutu daiteke Euskal Herriaren historia, baita euskal kirola eta folklorea era interaktiboan ere.

    Irati Cabello Artamendi eta Itxaso Antuñano Zeanuri