Santurtziko euskara elkartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Santurtziko euskara elkartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014-01-25

Eureka!!! Izerretaraino ere heldu ginen.

Eureka! zientzia-museoan, ez ukitzea debekatuta dago eta guk txintxo-txintxo bete genuen araua, den-dena ukitu genuen, eta batzuetan behin baino gehiagotan. Zientziaren zoko-moko guztietara heldu ginen, gure txikiak gizakiaren sudurreraino ere bai. Gainera, irakasle paregabea eduki genuen, besteak beste, zientziaren hainbat sekretu azaltzeko. Ai, gure zientzia-irakasleak horrelakoak izan balira!


Gure bidaiaren erdian, izarretaraino ere heldu ginen. Planetarik planeta ibili ginen, argizagietan, izarrik izar, hartz handiarekin eta txikiarekin olgetan, karramarroarekin, lehoiarekin eta lehoi txikiarekin... Ilargian kulunkatu ginen, orain gora, orain behera. Asko ikasi genuen; planetak eta izarrak bereizten, esaterako. Orain, zerura begira, badakigu Artizarra non dagoen, badakigu izarrak zergatik dabiltzan keinuka, badakigu ilargia noiz dagoen ilgora eta noiz ilbehera. Orain zerua ez dago hain urrun guretzat!

Halaber, 1 Formulako autoa gidatu ahal izan genuen munduko zirkuitu onenetan; jolas-parke birtualean, itzulipurdika ibili ginen; fakirren ohean etzan ginen, inolako minik hartu gabe; eta, une batez, Gulliver bihurtuta, Gipuzkoako eraikin garrantzitsuenak ere ikusi ahal izan genituen. 

Sekulako eguna, benetan!!! Zoragarria da zientziaz horrela gozatu ahal izatea!!!

Itxaso Antuñano Zeanuri



2013-07-08

III. bertso-triki-poteoa jaietan

Karmen jaietan, hirugarrenez, bertso-triki-poteo mundiala antolatuko dugu, garagarrilaren 15ean, astelehena, arratsaldeko 8etan, Santurtziko portuan, euskalgunean, gure txosnan hasita. Gonbidatu dugun bertsolari-bikotea paregabea da: Arkaitz Estiballes Ormaetxea galdakaoztarra eta Fredi Paia Ruiz getxoztarra, Bizkaiko txapelduna eta hirugarrena, hurrenez hurren; trikitilariak ere apartak: Iban Lantxo Serrano pandero-jotzailea eta Aner Sertutxa Antruejo trikitilaria, sestaoarrak. Mundiala izango da; beraz, GORDE HITZORDUA ETA ERDU GUGAZ EUSKARAZ GOZATZERA!!!

Bestalde, gogoratu gure txosna dela gure diru-iturri bakarra, hor ateratzen dugun diruari esker antolatzen ditugu honelako ekitaldiak. EGIGUZU BISITA!!!


Hemen hasita, geure txosnan:


Itxaso Antuñano Zeanuri

Fredi Paia Ruiz (Algorta, 1981-) bertsolaria da. Gurasoek euskara jakin ez arren, euskaraz ikasi zuen eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalera heldu den lehen euskaldun berria izan da. Berria egunkarian ere idazten du zutabe bat astero.

Arkaitz Estiballes Ormaetxea (Galdakao, Bizkaia, 1977) bertsolari bizkaitarra da. Euskal Filologian lizentziatua da eta hezkuntza arautuan dabil bertsolaritza sustatzen.
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatutako 2009ko Ibilaldiaren abestiaren leloa sortu zuen eta Biok musika-talde galdakoztarrak musika jarri zion. Arkaitz Estiballes zein Biokeko taldekideak Eguzkibegi Ikastolaren ikasle ohiak dira.
2009ko irailean, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak, Gaztesarea webguneari babesa adierazteagatik, "erakunde armatuarekin" kolaboratzea egotzi zion beste zortzi lagunekin batera.[1]
Wikipedia

Gogoratu geure txosnan kontsumitzen duzun bakoitzean gure herria berreuskalduntzen laguntzen duzula. Arrantza-portutik hasita, 5. txosna da gurea. Edan bitartean, erdian dugun pantailan ipintzen ditugun argazki ederrez gozatu ahalko zara. Bertan agertu gura baduzu, eskatu argazkia ateratzeko! Primeran pasatuko duzu! EGIGUZU BISITA!!!

2012-12-19

Urtarrilean Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu, bazatoz?



Urtea ondo hasteko, Bai Esan euskara elkartekook Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu. Lehenengo eta behin, denboraren makinan sartu eta 13000 urte atzera egingo dugu, gure arbasoak Santimamiñe kobazuloan bizi ziren garaira arte. Geroago, erromatarren garaira joango gara, Foruko herrixka erromatarrera. Eta azken geldialdia Erdi Aroan egingo dugu, gure herrietako ordezkariak Gernikako Arbolaren azpian batzartzen ziren garaian amaituko da gure bidaia. Plan itzela, ezta? Ez itxaron gehiago, hartu agenda urtarrilaren 19a, larunbata, gorde eta, izena emateko, guri mezua bidali hona: baiesan@kaixo.com Arin ibili, lekuak mugatuak dira eta!!!

Gernikara joango gara, egun pasa urtarrilaren 19an, larunbata. Bizkaiko herri horrek, inguru paregabean kokatua, leku interesgarri asko eskaintzen ditu eta Euskal Herriaren historiaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko toki ederra da! Horregatik, egun horretarako hainbat ekintza antolatu ditugu, hona hemen gure egitaraua:

9:30ean Santurtzitik aterako gara autobusez Gernikarako bidean eta lehenengo geldialdia, denboran mila urte atzera eginda, Santimamiñe kobazuloan egingo dugu, Kortezubi herriko Basondo auzoan, Ereñozarre mendiaren hegoaldeko hegalean.

10:30ean ikustaldi gidatua egingo dugu Santimamiñen, ordu eta erdikoa. Gaur egun, pinturen gela zein kobaren barruko garapena ikerkuntza beharretarako mugatuta daude, eta jendearentzako itxita, kontserbazioa bermatu ahal izateko. Baina horren lekuan interpretazio eremua eta Santimamiñeko ermitan kobako bisita birtuala egingo dugu!

Horren ostean Omako basoa edo Foruko aztarnategi erromatarra ikustera joango gara, eguraldiaren arabera. 

Omako baso margotua 1980ko hamarkadaren erdi inguruan egin zuen Agustin Ibarrola artista basauriarrak. Margoak arboletan daude eginda, hainbat esparru espazialetan dauden arboletan, eta bloke tematiko bakoitzari sakontasun eta mugimendu desberdinak eman zizkion.
Basoak bisitarien parte hartzea eskatzen du, bisitariak berak sortzen edo apurtzen dituelako eszenak, hartzen duen kokalekuaren arabera.
Obra honek hiru dimentsiotan egindako figurak dimentsio bakarreko oihal bihurtzen ditu, beti ere bisitaria leku egokian jartzen bada.
Basoak, gutxi gorabehera, 5 hektarea hartzen ditu eta Basobarri mendiaren iparraldeko hegalean dago, Omako nukleorako jaitsieran.



Bestalde, Foruko erromatar herrixka  Busturialdeko Forua udalerrian dagoen arkeologia-gunea da, Bizkaiko erromatar aztarnategi garrantzitsuenetarikoa. Foruaren eta portuaren kokagunea izan zen. Batez ere, erromatar garaiko eraikinen hondakinak dauzka, I. mende eta IV. mende artekoak. 
Forua du izena, baina forum berbatik ei datorkio herri izena. Merkatu erromatar garrantzitsua zena bere sasoian (k.o. I-V mende artean), gaur egun herri txiki eta lasaia da. Bizkaiko aztarnategirik handiena dago Foruan. Kristo ondorengo I. eta V. mendeen artean bizi izan zen jendea han eta burdina landu eta saldu egiten zuten foruarrek. Historiak jasotzen duenez, burdina forjatzen aritzen ziren Foruko bizilagunak; izan ere, forum edo merkatu hori itsasotik penintsularako bidean truke-gune bihurtu zuten. Foruara Ebro bailarako salgaiak iristen ziren eta itsasoz eramaten ziren eta baita alderantziz ere. Gaur egun bidearen alde bietan ikusten dira orduko eraikinen egiturak.

15:00etan bazkaldu egingo dugu, garagardotegian, menu gozoa eta merkea, eta kafea Gernikan hartu.

16:30ean beste ikustaldi gidatua edukiko dugu, oraingoan Batzar Etxean, Bizkaiko erakunderik gorenaren egoitza, hain zuzen ere.

Ikustaldi gidatuaren ostean Gernika bisitatzeko denbora egongo da, arbolaren ondoan argazkiak egin, herritik paseoa eman, edota Euskal Herria museoa bisitatzeko aukera ere, sarrera dohainik da eta! Museo horretan, kultura eta tradizioen bitartez ezagutu daiteke Euskal Herriaren historia, baita euskal kirola eta folklorea era interaktiboan ere.

Irati Cabello Artamendi eta Itxaso Antuñano Zeanuri



2012-11-01

Ondo baino hobeto, itzel aurten ere!!!

Zapatuan, urriak 27, gure 6. urteurrena ospatzeko, II. bertso-triki-poteo-afari mundiala antolatu genuen herrian; horretarako, bertsolari paregabe bi gonbidatu genituen: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Euskal Herriko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren.

Lantxo, Sertutxa, Lujanbio eta Arzallus
Arratsaldeko 7etan, Txitxarrako Lagun Etxea tabernan elkartu ginen, giroa triki-poteoarekin berotzen hasteko; Aner Sertutxa trikitilaria eta Iban Lantxo pandero-jotzailea ibili ziren gure herriko kaleak alaitzen. Gero 8etan, bertsolariak etorri ziren, eta triki-poteoa bertso-triki-poteo bihurtu zen. Arratsalde-gau ederrak izan genituen, ilargiak ere kuku egin zigun tarteka-marteka, hotza ere agertu zen gure artean (zenbaitek "fresko" esaten dioten hori), baina euririk ez, zorionez! Zoragarria izan zen bi bertsolariak Santurtziko kaleetan bertsotan entzutea, batzuontzat sinesgaitza. Ametsa zirudien! 

                                                        

Txitxarratik herriaren bestaldera joan ginen, Joan XXIII.a kalerantza. Wagon eta Kalea tabernetan entzun genituen afaldu aurreko azken bertsoak. Hamarrak aldera, tripa-zorriek hala aginduta, Mendizabal kalerantz abiatu ginen, bertan afaldu behar genuen eta, Marina jatetxean. Talde polita batu ginen mahai inguruan: 82 lagun. Ez zen izan marka makala, ez! Ederto afaldutakoan, bertsolarien txanda izan zen ostera ere. Euren maila paregabea erakutsi ziguten beste behin ere. Haiek barre-algarak eta txaloak haiek! Jendea txundituta utzi zuten. "Ze onak diren!" behin baino gehiagotan esan genuen geure artean. Ordu txikietara arte ibili ginen gustura bertsoak entzuten. Atsekabe txiki bat baino ez genuen izan: gure bideo-kamerak ez zuela leku gehiagorik grabatzeko esan zuenekoa, -aurten Olentzerori memoria gehiago eskatu beharko diogu -. Dena dela, gehiena grabatu ahal izan genuen, amaierako bertsoak izan ezik. Horiek gogoan gordeko ditugu han egon ginenok. Zer moduz igaro genuen iruditan gogoratu edo ikusi gura baduzu, hemen dauzkazu argazki gehiago eta laster Youtuben ere ikusi ahalko duzu.

Bai Esan, Lujanbio eta Arzallus bertsolariak, eta Sertutxa trikitilaria
Oharra: Argazkian ez gaude Bai Esaneko guztiak, hor batzuk falta dira, erdiak. Pena batzuk lehenago joan izana, eta beste batzuk etorri ez izana. Ea hurrengoan denok agertzen garen, denon lanari esker antolatzen ditugu horrelako ekitaldiak eta. 

Zorionak elkarteko guzti-guztioi! Horrelako ekitaldiei esker, Santurtzi gero eta euskaldunagoa eta bertsozaleagoa da eta. Ea hurrengoa, hiru urte barru barik, datorren urtean egiterik dugun!
 
Zorionak, Bai Esan! Urte askoan!!! 
Itxaso Antuñano Zeanuri