2012-01-29

Larunbat goizean, Bilboko Euskal Museoan

Mikeldi gure atzean
Larunbatean, urtarrilak 28, Euskal Etnografia eta Kondaira Museoan egon ginen. Gehienok egonda geunden, baina aspaldian, eta horregatik, ideia polita iruditu zitzaigun berriro ikustea. Gainera, orain dela urte batzuk berriztatu egin zuten, eta arkeologia saila beste museo batera eraman. Beraz, aldaketak ikusteko gogotsu geunden.

Goizeko 10etan hitzordua egin genuen Santurtziko tren-geltokian eta, erreka-ondotik bidaiatuz, berehala heldu ginen Abandora. Egia esan, metroa baino garestiagoa izan arren, arinagoa eta politagoa da trenez joatea; dena den, nire ustez, lehen, Najaraino heltzen zenean, askoz politagoa zen, baina tira. Behin Bilbon, paseotxo bat egin genuen Unamuno enparantzaraino; eta bertan, kafetxo bana hartu ostean (goiz izateaz gain, hotz zegoen eta), museora joan ginen.

Barruan, Miren gidaria gure zain zegoen. Aurkezpena egin eta gero, klaustrora eraman gintuen. Han, Mikeldi* ezaguna aurkeztu eta museoari buruzko historia azaldu zigun. Ondoren, Durangoko Kurutziagako gurutzearen erreplikaren inguruko eskaileretatik lehenengo solairura igo ginen. Bertan, lihoa eta artilea zelan lantzen zituzten erakutsi ziguten. Arte-lana, egiatan! Lihogintzan andreak aritzen ziren, baina artilegintzan gizonak; artzainak, hain zuzen ere; mendietako bordetan ardiak zaintzen ematen zituzten hilabete luzeetan, josten ere jarduten ziren. 

Ondoko aretoetan, arrantzaren eta artzaintzaren gaineko erakusketak daude; baina, dena azaltzeko astirik ez eta aukeratu behar izan genuen: bata ala bestea. Hasieran, zalantzak izan genituen, gu itsas herrikoak izanik, arrantzaren alde beti, baina ekainean Santurtziko Agurtza atunketarian eta urrian Donostiako Untzi Museoan balearen arrantzari buruzko erakusketa ikusten egon ginenez, orduko hartan artzaintza aukeratu genuen. Eta ez zitzaigun damutu, benetan interesgarria izan zen eta.


Bisita gidatua amaitzeko, goiko solairura joan ginen, antzina, Bilbo harresi batez inguratuta zegoenean, zelakoa zen maketa baten ikustera. Maketa horretan, besteak beste ikusi ahal izan genuen lehenengo udaletxea San Anton elizari zetxekion etxe txiki batean zegoela eta San Anton zubia elizaren beste aldean eta ez gaur egun ezagutzen dugun lekuan. Hamaika gauza bitxi eta interesgarri kontatu zizkigun gidariak.

Mirenek solairu horretan agurtu ondoren, hirugarrenera joan ginen Bizkaiko maketa erraldoia ikustera. Botoiak ez zebiltzan edo guk behintzat ez genuen asmatu; deiadar-mendien argiak piztu nahi genituen, baina alferrik! Gainera, aretoa nahiko ilun zegoen. Hala eta guztiz ere, merezi izan zuen gure lurraldea horrelako maketa batean ikustea, itzela da! Eta inguruan, Bizkaiko dorretxe ezagunenen (Erandioko Martiartu dorrea eta Muskizko Muñatones gaztelua, esaterako) eta baserri batzuen maketa politak daude.

Baina gure bisita ez zen hor amaitu. Ondoko gelan, Bilboko Kontsulatuaren aretoa ikusi genuen. Eta gero, atzera egin genuen eskaileretatik behera, ikusi barik utzi genuen guztia lasaitasunez ikusi ahal izateko: arrantzari buruzkoa, berbarako. Beheko solairuan, gainera, Inauterien inguruko erakusketa ikusteko aukera ere izan genuen; Euskal Herriko mozorroak ez ezik, Europako zenbait herrialdetakoak ere bazeuden.

Amaitzeko, beste bisita bat egin genion Mikeldiri, agur egiteko eta bide batez beste argazki batzuk atera ahal izateko. Museotik atera ostean, behin gure jakin-mina asebeteta, egarria asetzera joan ginen Kalderapeko tabernara.

Leire, Esther, Laura, Javi, Arantza, Itxaso, Blanca eta Begoña (argazkia atera zigunak moztu egin zuen :-S)


*Lehenaldiaren aztarnak Mikeldi Idoloa irudi zoomorfo paleokristaua da, euskaldunek praktikatzen zuten antzinako erlijio paganoaren adierazgarri. Bere hankek disko handi batzuei eusten diete, eguzkiaren eta ilargiaren sinbolo. XIX. mendearen amaieran Durangaldean aurkitu zuten irudi hau, Mikeldiko San Bizente ermitatik hurbil.  Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan dagoen pieza preziatuenetako bat da.


Erromatarren garai aurrekoa da. Eskultura bitxia da zinez eta ez du parekorik Euskal Herrian. Antzeko batzuk Gaztelan aurkitu ziren eta beste bat Tarragonan, baina ez dute erdiko biribila. Mikeldi, berriz, aurkitu zuten lekuan egin zen, Iurretako harrobiko harri bakar batez eginda dago eta. Eztabaida handiak izan dira irudiaren esanahi erlijioso edo funerarioek eraginda, aipatzen delarik, halaber, munarri edota oinordekotza bideekin zerikusia izan zezakeela. Gehienen ustez, animalia aketza da (ernaltzeko erabiltzen den txerri arra).

 Itxaso Antuñano Zeanuri

Oharra: argazki guztiak hemen. Eta aurkezpen interesgarria hemen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.