2014-04-06

Lau haizetara kontari Antton Irusta Santurtzin


 Barikuan, apirilak 4, dorretxean Antton Irusta ipuin-kontalaria izan genuen Lau haizetara kontari. Eskerrik asko etorri zineten guztioi, eta Anttoni berari ere hain arratsalde magikoa igaroarazteagatik.

Herenegun, Bonlintxis aretoan batu ginenok ipuinen munduan murgildu ginen. Hasikeran, hainbat istorioren zehar bidaiatu genuen, hitzen lilurak herrialde miresgarrietara eraman gintuen, baita geure umezarora ere. Eta horretaz gainera, geure ipuinaren protagonistak izateko aukera ere eduki genuen, denon artean sortu eta antzeztu genuen geure ipuina.

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!!!


2014-04-01

GAUR, ZORTZI URTE: ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO, BIHOTZ-BIHOTZEZ!!!

MILA ESKER, bihotz-bihotzez, zoriondu eta zorionduko gaituzuen guzti-guztioi, ez dugu ahaztuko!!! Gaur Santurtziko Bai Esan euskara elkarteak ZORTZI URTE bete ditu. Zortzi urtez, Santurtzin euskararen alde lan egiten ibili gara, GEURE AISIALDIAN, irabazi asmorik gabe; batzuek azken hori entzutea gustuko ez badute ere, guk harro eta ozenki esan dezakegu, zortzi urtez, geure AISIALDIAN aritu eta ari garela; harro eta ozenki esan dezakegu, inor iraintzeko asmo barik, euskararen alde, kobratuta nahiz kobratu gabe, egiten den guztiari ondo deritzogu eta. Zortzi urtez, zentimorik ere kobratu barik; are gehiago, askotan geure poltsikotik ere dirua jarri behar izan dugu (oraindino zorretan gaude geure buruarekin), eta ez gara bakarrak izan, ezta izango ere, jakina; baina esateko eskubide osoa daukagu, egia da eta, batzuek hori entzutea gustuko ez badute ere, batzuk hori entzutean haserretzen badira ere. Horiei zera esan: "Aizue, hori entzutean haserretzen bazarete, arazoa daukazue, larria, gainera; baina utziguzue bakean lan egiten". 

ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO gurean lan egin duzuen guzti-guztioi, gure bazkideak izan zareten guzti-guztioi, kuota ordaindu duzuen guzti-guztioi; dirurik ez geneukanean, lagundu zeniguten guzti-guztioi; dirurik ez geneukanean, gure aurkezpenera zentimorik ere kobratu barik etorri ziren Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariei; zorrak besterik ez geneukanean, baita geure buruarekin ere, tinko eutsi zeniotenei eta, kosta ahala kosta, elkartean jarraitu zenutenoi, ihes egin barik, aurrera segitu zenutenoi; zelanbait lagundu diguzuen guzti-guztioi, lan handia zein lan txikia egin duzuen guzti-guztioi, luzaroan zein tarteka-marteka lagundu diguzuen guzti-guztioi; gure txosnan zerbitzatu zein kontsumitu duzuen guzti-guztioi; gure ekitaldietara (askotara nahiz gutxitara) etorri zareten guzti-guztioi; gure lana egiteagatik, eskerrak eman dizkiguzuen guzti-guztioi; esker onekoak izan zareten guzti-guztioi; gure pegatina edota pigna harro-harro paparrean eroan duzuen guzti-guztioi;  gure ekitaldietan, kobratuta zein kobratu barik, parte hartu duzuen guzti-guztioi; animoak eman dizkiguzuen guzti-guztioi; gugan sinistu duzuen guzti-guztioi; Mintza Egunerako abestia grabatzen lagundu zeniguten guzti-guztioi; euskaldunon gida egiten lagundu diguzuen guzti-guztioi; zuen tabernan gure logoa agerian daukazuen tabernari guzti-guztioi, zuen tabernan kartela ipintzen utzi diguzuen guzti-guztioi, zuen tabernan kartela ipintzen lagundu diguzuen guzti-guztioi, gure pintxo-lehiaketan parte hartu duzuen tabernari eta sukaldari guzti-guztioi; gure txapelketetan parte hartu duzuen guzti-guztioi; nola edo hala lagundu diguten berbalagun guzti-guztioi ... eta hau irakurtzen ari zaren horri ere: ESKERRIK ASKO, EGIATAN!!! Zeuoi esker ere egin ahal izan dugu aurrera eta, zortzi urte hauetan!!! Beraz, ZEUOI ERE ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO, BIHOTZ-BIHOTZEZ!!!

Bestalde, nahita zein nahigabe, gure ekitaldiak iragartzean, geuk antolatzen ditugula esaten ez dutenei; nahita zein nahigabe, berbalagunei gure ekitaldien berri eman ez diezun horri; nahita zein nahigabe, huts egin diguten guzti-guztioi; nahita zein nahigabe, Mintza Eguneko prentsaurrekoan, Topaguneak eta geuk ere antolatu genuela esatea ahaztu zitzaienei; Mintza Egunean, berbalagunen aurreko dinamizatzaileak euskara elkartea saritzeko eskatuta, horren kontra nahita eta gogotsu aritu zirenei, aitzaki-maitzaki, gezurretan eta gure ordezkaria atsekabetzen aritu zirenei; nahita zein nahigabe, prentsaurrekoetan, Berbalagun egitasmoa geure ekimena ere badela esatea ahazten zaienei; Berbalagunen egitasmoa abian jarri genuenetik, Jarraipen Batzordean, bost urte luzez, bere AISIALDIAN parte hartu duen gure ordezkariaren kontra aritu direnei; gure 1. bertso-afarian, guri faktura eman barik, jatetxea beste batzuen esku utzita, desagertu egin zen jabeari; Mintza Eguneko abestia grabatu genuenean, azken orduan etorri nahi izan ez zuen trikitilariari; gure bizkar, gutaz edota gutariko edozeinez gaizki esaka ibili direnei; gure ordezkariak, gure elkartea edota duen organigrama errespetatzen ez dutenei;... Hau da, gure lana oztopatu eta oztopatzen duten guzti-guztiei zera esan: "DAGOENEKO BARKATUTA ZAUDETE, BAINA UTZIGUZUE BAKEAN LAN EGITEN, EZ OZTOPATU GURE LANA".

Amaitzeko, geuk ere batzuetan bale eta bestetan nahigabe kale, seguru asko, gizakiak gara eta; beraz, bertsolariek esaten duten bezala: "TXARTO ESANAK (edo, gure kasuan, EGINAK) BARKATU ETA ONDO ESANAK (EDO EGINAK) GOGOAN HARTU!!!

GORA GU TA GUTARRAK!!! GORA BAI ESAN EUSKARA ELKARTEA!!! TA GORA SANTURTZI EUSKALDUNA!!!
BAI ESAN EUSKARARI EUSKARAZ!!!
Oharra: Bide batez, barikuan, apirilak 4, dorretxeko Bolintxis aretoan antolatuko dugun ekitaldira gonbidatu gura zaituztegu. Argibide gehiago hemen: http://baiesanturtzi.blogspot.com.es/2014/03/lau-haizetara-kontari.html

2014-03-30

Lau haizetara kontari

 Apirilean, Antton Irusta ipuin-kontalaria izango dugu geure artean; Santurtziko dorretxeko Bolintxis aretoan, apirilaren 4an, barikua, arratsaldeko 7,30etan.

Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Helduok ere atsegin dugu ipuinak entzutea, errealitatetik urruntzea eta istorio baten partaidea bihurtzea, ezta? Bada, horretarako, hain zuzen ere, gonbidatu dugu Antton Irusta: egunerokotasunetik asagotuta, mundu zoragarrietara eraman gaitzan. Bazatoz?


"Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Euskal Herrian bizi zen gure laguna, berbalapiko kuttuna. Baina behin mundua ezagutu behar zuela eta, Euskal Herritik alde egin zigun. Nondik nora ibili behar den eta zer ikusi duen azalduko digu ipuin eta abenturaren bitartez".  

Horrela hasten du bere saioa Antton Irustak, hainbat herritako ipuinak kontatuz. Hor aurkituko dituzu han-hemengo ipuinak: “Eguzkiaren semea”, “Iasaren istorioa”, “Berberea eta arrotza”, “Katxinen ibilerak”, “Luki Barrabasa”...



Antton Irusta Zamalloa (Bilbo, 1963) Eubako Pasionistetan ikasi ondoren, Derioko seminarioan egin zituen magisteritza ikasketak eta Deustuan Euskal Filologiako goi mailako ikasketak. Egun, Urretxindorra ikastolan dihardu lanean euskara, literatura eta eta ipuinen tailerrean arduradun. Telebistan ere, Canal Bizkaian, Kontu kontari programa egiten du. 1983an hasi zen ipuin munduan. Madrilen, Bartzelonan eta Guadalajarako ipuin Maratoian parte hartu du. 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak Ipuinen tailerra liburua saritu zuen, kontsulta libururik hoberena izanik. Urteetan zehar haur, gazte, irakasle eta gurasoentzako ipuinen tailerrak ematen aritu da. Garatu irakasleentzako antolatzen diren ikastaroetako irakasle izan da. Ipuin kontalaria dugu. Horrekin batera irakasle eta idazle ere bai baina ipuingintzaren inguruan. Ipuinetan mundua ikusteko modu bat dago, herri baten kultura eta hizkuntzari lotuta, eta gaur egun herri-tradizioko corpus hori eskolumeengana eroaten dauka ardurarik handiena Anttonek. Hainbat mintegi eta eskola eman ditu, ikerketa lagun, eskolan hori suspertzeko metodologia lantzeko. Egun ipuin kontalariez eta kontaketaz tesi doktorala egiten ari da.

2014-02-21

ADIORIK EZ, PRINTZIPIOZ!

AGUR!!! Santurtziko beste eragile batek elkartean sortutako barne arazo larriengatik, Bai Esan euskara elkartearen sare sozialak eta bloga kudeatzen duen honek eten egingo du bere jarduna, behin-behinean. Barkatu eragozpenak, badakit-eta zuetariko askok gure sare sozialei esker izaten duzuela euskaraz eta euskararen inguruan antolatzen denaren berri eta interes handiz irakurtzen duzuela. Zuoi guztioi eskerrik asko, eskaini didazuen arretagatik! Eten hau ulertzea espero dut. ADIORIK EZ, PRINTZIPIOZ!!!

2014-02-14

LABURBIRA, Film Laburren XI. Zirkuitua!

Urtero legez, film laburren zirkuitua, Euskal Herriko areto eta antzokietara helduko da ostera ere. Aurtengo edizioa martxoaren 14tik apirilaren 16ra bitartean izango da. Parisen, Bilbon, Gasteizen, Tolosan, Erandion, Arrasaten, Atarrabian, Orion... eta Santurtzin ere LABURBIRA: Film Laburren XI. Zirkuitua!  Martxoaren 21ean, barikua, Kresala aretoan, arratsaldeko 7:30etan, Bai Esan euskara elkarteari esker. Sarrera dohainik. Hartu agenda eta gorde eguna, ezin duzu galdu eta!!!

10Zazpi film labur izango dira aurten, guztira ordu eta laurdeneko saioan. Hautatutako film gehienak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan dira, eta zazpigarrena Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteak sortutakoa da, euskaldun berriekiko sentsibilizazioa bultzatzeko (Euskaldun berriaren esketxa). Filmeen artean daude Kameratoia gazteen rallyko irabazlea (Plaza bakarra) eta Benito Ansola Sariarekin ekoiztutakoa (Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa).

Hona hemen zerrenda:
Abuztua (Pello Gutierrez): Julenek mugitu ezin den amonaren ardura izango du uda euritsuko arratsalde sargorietan. Egunek aurrera egin ahala, hasierako axolagabetasuna jakin-min bilakatuko da. Kontakizun bat maitasuna eta izuaren mugan.

Aio (Asier Sustaeta): 25 urte atzera gertaturikoak...eromenera darama sendi oso bat. 
 

    Euskaldun berriaren esketxa 
    (Kepa Errasti, Loramendi elkartea): 
    Robertok izugarrizko borondatea dauka euskaraz jarduteko. Handiegia, antza, batzuentzat…
      

    Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Maider Fernandez, Maria Elorza, Aitor Gametxo): Gizon batek hitzak lekuak direla esan zigun. Horrela, sei hilabetez tokiz-toki ibili ginen, euskalki ezberdinetako esamoldeak bilatzen. Bidaia horretan topatutakoarekin sei esapide batu eta hiztegi txiki bat osatu dugu, pantaila hitz irudikatuen eta irudi mintzatuen topagune dela pentsatuz.
    Marylin (Iñaki Beraetxe): Askatasunari eta adiskidetasunari kantua da Marylin. Bizitza une batetik bestera aldatu daitekeela erakusten du filmak.

    Plaza bakarra (Mediaworks 3.0): Gabonak badatoz. Amalur neskatxa gaztea urduri dago, aurten izango dituen oparien zain baitago. Baina, bere buruan galdera garrantzitsu bat ari da bueltaka... Zein da gabonen jatorria?

    Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre): Eneko Atxa sukaldariak eta Lara Izagirre zinemagileak sormenaren bideetan barrena eramango gaituzte. Nola egiten da hiru izarreko plater bat? Nola sormen-prozesuari buruzko film labur bat? Elkarren artean hain desberdinak diren bi diziplina horien bestaldera eramango gaituen bidaia. Ikusleari proposaturiko jolasa, bien arteko jolasa, sutondo eta zinemako argi artean jolasturiko jolasa. On egin!

    2014-02-08

    Eta topa egin genuen euskararen alde euskaraz!!!

    Atzo, barikua, zezeilak 7, txakolin-, ardo- eta gazta-dastaketa egin genuen, dorretxean, Mikel Garaizabal enologo eta somelierraren eskutik, Hazi eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Itzelezko bidaia egin genuen, lekutik mugitu ere egin barik!!!
     

     

    Dorretxeko Rompeolas aretoan, hogeita bat euskaldun batu ginen mahai inguruan, Mikel Garaizabalen eskutik, bidaia zoragarriari ekiteko prest. Aurrena, usaimenetik hasi ginen. Behin gure sudurrak zelan egiten duen lan ulertuta, usaintzeari ekin genion: loreak, belarrak, frutak, zuhaitzak... muxika, mugurdia, kanela, zedroa, bioleta... A zer-nolako usain festa gure sudurretan!


    Gero, ahoaren txanda heldu zen. Hasteko, txakolinak dastatu genituen, hirurak. Lehenengo, Getariakoa; ostean, Arabakoa, eta, amaitzeko, Bizkaikoa. Zelako aldea! Izen bera izan arren, zein ezberdinak diren!
    Mihiaren atal guztiak sentitu genituen; gure dastamen papilek, ardoak ukitzean,  zer egiten duten sentitu eta ulertu genuen; zapore-mota guztiak: garratza, mingotsa, gozoa, gazia eta umamia. Bai, ondo irakurri duzu, umamia,  bosgarren zaporea. Horren berri ere izan genuen, dastatzea beste baterako utzi bagenuen ere, ez ei da oso atsegina eta.

     

    Ondoren, Idiazabalgo gazta dastatzeko aukera izan genuen. Garaizabal elorriarrak erakutsi zigun zer hartu behar den kontuan gazta ona ala txarra den jakiteko; erakutsi zigun itxurari erreparatzen; erakutsi zigun antzematen gure ahoan gertatzen den guztia. Erakutsi zigun guztiari esker orain hobeto hauteman ditzakegu xehetasunak eta ñabardurak, gazta-txapelketetan egiten duten antzera.



    Azkenik, Arabako Errioxako ardoa dastatu genuen. Ardo mota bi: bata, eskailerapekoa edo urteko ardo berezia, eta bestea, ondua. Orduan ere, bai sudurra eta bai ahoa lanean jarri genituen; dastamen-papil guztiak dantzan, beste behin ere. Kopa barruan, ardoaz gain, baso osoa zegoela zirudien, zenbat usain  batera: bananak, ahabiak, mugurdiak, masustak... basoko fruitu guztiak han barruan zeudela ematen zuen. Ardo bien artean, gazta ketua eroan genuen ahora eta erkatu aurrekoarekin. 

    Bukatzeko, ardo onduaren txanda iritsi zen. Usaimenaren eta dastamenaren bitartez, bereizi ahal izan genituen ardo bien arteko alde handiak. Eta zein izan zen gozoena? Bada, atsotitzak dioen bezala, batak arrosaren kolorea maite, besteak usaina!!!

    Hura usain- eta zapore-dantza atzokoa!!! Ekitaldiari erramua emateko, ardo gozoa eskuan, topa egin genuen euskararen alde euskaraz!!!

     Argazki guztiak hemen!!!
    Itxaso Antuñano Zeanuri

    2014-01-25

    Ardoari ardo, txakolinari txakolin eta gaztari gazta

    Errioxako ardoa gustuko duzu? Eta txakolina? Idiazabalgo gazta ere bai? Ikasi gura duzu ardoa dastatzen modu atsegin eta dibertigarrian? Adi, beraz!!! Zezeilaren 7an, barikua, arratsaldeko 7,30etan, dorretxean, Rompeolas aretoan, ardoaz, txakolinaz eta gaztaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dugu. Dena dohainik, gainera, Hazi korporazioari eta Bai Esan euskara elkarteari esker.

    Errioxako ardo bi, hiru txakolin -Bizkaikoa, Gipuzkoako eta Arabakoa- eta Idiazabalgo gazta bi (bata, ketua eta bestea, ketu gabea) dastatuko ditugu. Gainera, Mikel Garaizabalek, enologoa eta sommelierra bera, dastatzen irakatsiko digu. 

    Mikel Garaizabal Pildain

    Oraingoan, ardaoaz eta gaztaiaz gozatuko dugu euskaraz!!! Halaber, ikasiko dugu Euskal Herriko produktu ezagunenetarikoak dastatzen era atsegin, pedagogiko eta dibertigarrian. Animatu, baina kontuz, plazak mugatuak izango dira eta; beraz, ez pentsatu gehiago, eta eman izena lehenbailehen; horretarako, idatzi iezaguzu mezua hona: baiesan@kaixo.com  Izena emateko azken eguna otsailaren 3a, astelehena, izango da.

    Zatoz gugaz euskararen alde topa egitera!!!


    Eureka!!! Izerretaraino ere heldu ginen.

    Eureka! zientzia-museoan, ez ukitzea debekatuta dago eta guk txintxo-txintxo bete genuen araua, den-dena ukitu genuen, eta batzuetan behin baino gehiagotan. Zientziaren zoko-moko guztietara heldu ginen, gure txikiak gizakiaren sudurreraino ere bai. Gainera, irakasle paregabea eduki genuen, besteak beste, zientziaren hainbat sekretu azaltzeko. Ai, gure zientzia-irakasleak horrelakoak izan balira!


    Gure bidaiaren erdian, izarretaraino ere heldu ginen. Planetarik planeta ibili ginen, argizagietan, izarrik izar, hartz handiarekin eta txikiarekin olgetan, karramarroarekin, lehoiarekin eta lehoi txikiarekin... Ilargian kulunkatu ginen, orain gora, orain behera. Asko ikasi genuen; planetak eta izarrak bereizten, esaterako. Orain, zerura begira, badakigu Artizarra non dagoen, badakigu izarrak zergatik dabiltzan keinuka, badakigu ilargia noiz dagoen ilgora eta noiz ilbehera. Orain zerua ez dago hain urrun guretzat!

    Halaber, 1 Formulako autoa gidatu ahal izan genuen munduko zirkuitu onenetan; jolas-parke birtualean, itzulipurdika ibili ginen; fakirren ohean etzan ginen, inolako minik hartu gabe; eta, une batez, Gulliver bihurtuta, Gipuzkoako eraikin garrantzitsuenak ere ikusi ahal izan genituen. 

    Sekulako eguna, benetan!!! Zoragarria da zientziaz horrela gozatu ahal izatea!!!

    Itxaso Antuñano Zeanuri



    2013-12-31

    URTE BARRI EUSKALDUN ON-ON!!!

    ZORIONAK ETA URTE BARRI ON-ONA OPA DEUTSUEGU DANORI!!!
    ♫ Urte barri, txarri belarri, dekonak ez dekonari, nik ez dekot eta zuk niri, ezpabere mailutxu beteaz haginek kiskiti klauski ♫!!!
    ♪♪♪ Gure berbak esan, ostera bere esan, ez daitezala ahaztu, ez daitezala galdu ♪♪♪
    ♪♪♪ Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz!!! ♪♪♪♪♪
    IZAN ZORIONTSU ETA BIZI EUSKARAZ!!! MUSU POTOLO BANA!!!
    2014AN ERE BAI ESAN EUSKARARI EUSKARAZ!!!
    Gure hitzak, Mikel Laboa

    2013-12-30

    2013ko ekitaldiak!!! Akordaten zara?




    EUREKA!!! Zientzia-museora urtarrilean

    Izarrei begiratzea atsegin duzu?  Eta zientzia, estudiatu barik, ulertu ahal izatea? Baietz jolastea gogoko izan! Horietako bati gutxienez baiezkoa eman badiozu, gurekin etorri behar duzu: 


    Urtarrilaren 18an, zapatua, Donostiako EUREKA!!! zientzia-museora joango gara, EZ ukitzea debekatuta dagoen lekura!!! Eureka museoa interaktiboa da; hau da, zientzia praktikatuz ulertu ahalko dugu, teorian baino. Ez da nahikoa ikustea edo entzutea, ukitu ere egin behar da. Horretaz gain, Planetariuma ikusteko aukera ere izango dugu, baita hainbat tailerretan parte hartzekoa ere. 15 laguneko taldean joanez gero, sarrerak 8 € balio du, planetariuma barne. Eta arratsaldean, Donostiako berbalagunekin elkartuko gara alde zaharrean. Plan itzela, ezta?  Gainera, betetzea lortzen badugu, autobusa gure kontura!!! Ez pentsatu gehiago eta eman ezazu izena lehenbailehen!!! Beti legez, eguzki amandrea ere gurekin etorriko da!!!


    Eureka Zientzia Museoa, kutxaren Gizarte Ekintza, gure gizartearentzako kultura- eta hezkuntza- baliabidea da. Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dago, ingurune natural ikusgarrian, eta museo interaktiboa da. Izan ere, informazioa modu erakargarrian aurkezten du eta komunikazio-estilo berria du, objektuen maneiuan eta esperimentuetan oinarritua.

    Eureka Zientzia Museoak inguru bizia eskaini nahi du, zientziaren eta teknikaren munduarekin loturiko jardueretan parte hartzeko. Adin guztietarako egokia den dibulgazio zientifikoko zentroa da, printzipio zientifikoak ulertzeko hezkuntza-programen osagarri eta aisialdirako baliabide egokia, bai familiarekin bai bakarrik gozatzeko.
    Zentroak erakusketa iraunkor bat du: HIPATIA, zientziaren hainbat alor aztertzeko aukera izango dugu, gaikako 8 aretotan banatutako 160 modulu interaktibo baino gehiagori esker.

    Azken belaunaldiko PLANETARIUM ere badu Eureka Zientzia Museoak, 142 lagun hartzeko prestatua. Oso tresna erabilgarria da astronomia irakasteko eta murgiltze-zinemako proiekzio ludikoak eskaintzeko.
    Horrez guztiaz gain, hauek ere baditu: astronomia-behatokia (30 m-ko dorre batean), Foucaulten pendulua (14 m-ko beirazko dorre batean) eta animazio eta ikuskizun ugari (elektrizitatearena da aipagarriena, Espainiako estatuko bakarra). Jolas-eremu bat ere badago. Zur eta lur utziko zaitu hango errusiar mendiak.

    Kanpoko lorategietan maketa-multzo bat (Gipuzkoako ondare-eraikinen maketak) eta lorategi botaniko txikia daude.

    Aparkalekua doakoa da. Azkenik, kutxaren Gizarte Ekintzak kafetegia/jatetxea, denda, haurrentzako parkea, leihatilak eta piknikgunea jarri ditu bisitarien eskura.


    BISITA SOZIOKULTURALA EUREKA! ZIENTZIA MUSEORA
    Arrazoi askorengatik da nahitaezkoa Eureka! Zientzia Museoa bisitatzea.
    1. Azken belaunaldiko Planetarium digitala
    2. Miniaturazko Gipuzkoan paseatzeko aukera.
    3. Arreta pertsonalizatua, begirale-talde profesional baten eskutik.
    4. Bereziki helduentzat diseinatutako jardueren aniztasuna.
    5. Baina, agian, erakargarriena da zientziaren eta teknologiaren arloko edukietara hurbiltzeko aukera ematen duela, modu ezin atseginagoan. Harritu egingo zaituzte, bai edukiak (gure inguruko errealitatetik hurbil baitago), bai bisitan izatea espero dugun sentsazioek.
    Proposatzen dugun jarduerak bi orduko iraupena du, eta taldeek, gutxienez, 15 lagunekoak izan behar dute.

    Gainera, Gipuzkoa Miniaturan Eureka! Zientzia Museoan Gipuzkoan zehar kokatuak dauden eraikin esanguratsuenen eskalazko maketen erakusketa ikusgai dago Eureka! Zientzia Museoaren lorategian.

    • Hasiera: 2013/01/1       Bukaera: 2014/12/31
    Erakusgai dagoen eraikina
    Deskribapena
    Erakusgai dagoen eraikina

    Irudikatutako eraikinak:
    • Loiolako Santutegia
    • Arantzazuko Santutegia
    • Gipuzkoa Plaza - Foru Jauregia
    • Irungo Udaletxea
    • Oñatiko Unibertsitatea
    • Zumarragako Antioko Ermita
    • Beasaingo Igartza Jauregia
    • Azpeitiako Enparan Etxea
    • Zestoako Lili Jauregia
    • Donostiako Udaletxe Zaharra
    • Debako Santa Maria Parrokia
    • Eta abar.






    Zoriooonak, Amets!!! Eskarrik asko, Bertsozale elkartea!!!

    Abenduaren 15ean, Amets Arzallus Antiak irabazi zuen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zoriooonak, Amets! Eta zorionak oholtza gainean izan ziren bertsolari guztiei: Maialen Lujanbiori, Igor Elortzari, Aitor Mendiluzeri, Aitor Sarriegiri, Unai Iturriagari, Beñat Gaztelumendiri eta Sustrai Colinari. A zer-nolako maila!!! Egun gogoangarria, benetan!!!


    Itzelezko maila bertsotan!!! Eta giroa ere, paregabea! Guzti-guztiok euskara hutsean: euskara batuan, bizkaieraz, lapurteraz, zubereraz, nafarreraz eta gipuzkeraz!!! Zoragarria!!! Plazer hutsa belarrietan, txoko guztietan!!! Euskal Herri txikia, herri euskalduna, euskararen herria... non eta Ezkerraldean!!! GORA EZKERRALDE EUSKALDUNA!!! GORA BERTSOLARITZA!!!


    Eskerrik asko Bertsozale elkarteari ere, horrelako eguna antolatzeagatik!!! Baita bertan laguntzen ibili ziren bertsolari eta laguntzaileei ere!!! Horrelakorik Euskal Herrian baino ez!!! Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!!!





    2013-12-13

    DOMEKAN EUSKALDUNOK BECEN HITZORDUA IZANGO DUGU


    Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia-2013

    Domekan, abenduak 15, euskaldunok hitzordu garrantzitsua izango dugu, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala izango da Barakaldon eta; BECen hain zuzen ere, goizeko 11etatik arratsaldera arte. Oraingo txapeldunarekin batera, Maialen Lujanbio hernaniarrarekin batera, beste zazpi bertsolari izango dira oholtza gainean, bi bizkaitar, bi lapurtar eta hiru gipuzkoar:


    Onenak irabazi daiala!!!

    BECera joateko aukerarik ez badaukazue, telebistan ikusteko aukera izango duzue, baita Interneten ere. Ez galdu, ikustea merezi du eta!!!

    Hemen duzue Bertsolari filmaren zatitxua, bertan aurreko txapelketan bizi izandakoa ikusi dezakezue.





    2013-11-29

    Abenduan, Durangoko azokara



    Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskararen eta euskarazko kulturaren erakustoki erraldoia eta jai nagusia da; aurten, 48. edizioa izango da eta abenduaren 5etik 8ra egongo da zabalik. Guk zapatuan, abenduak 7, joatea erabaki dugu. Etorri gura duzu? Hala bada, bidali iezaguzu mezua hona lehenbailehen: baiesan@kaixo.com.
    Azokari buruzko informazio gehiago gura baduzu, klikatu hemen! Hor azokan egingo diren ekitaldi guztien berri ematen dute.