2011-11-29

Euskararen Nazioarteko Egunean: TRIkiBIALA!!!


Larunbatean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Tira, jakin badakizue euskararen eguna EGUNERO dela, baina egun hori aitzakiatzat hartuta, Bai Esanek eta Euskal Herrian Euskarazek Trikibiala antolatu dute. Trikibiala zer ote den? Trikitixaren musikaren laguntzaz gure poteoa alaituko dugu, Unai eta Indira lagunei esker, baina, horretaz gain, hainbat jolas eta proba antolatu ditugu  jai-giroan ondo pasa dezagun gure hizkuntzarekin jostari. Probotan parte hartzeko 3-4 laguneko taldeak osatu behar dira eta talde-lanean proba errazak eta dibertigarriak egin beharko dituzue: igarkizunak, esaera zaharrak, bertsoak osatu, abestu eta imintzioka aritu. Lehenengo postuetan geratzen diren taldeentzat sariak egongo dira, baita parte-hartzaileentzako oparitxoak ere. Anima zaitezte parte hartzen, erraza eta kristonakoa izango da eta!!! Hitzordua Mamarigako Armintza tabernan izango da 13:00etan.
Gure poteo bereziaren ondoren, AEK-ko Saribari euskaltegiak bertso-bazkaria antolatu du 15:00etan Mamarigako Itsasoko Ama eskolan, Algortako bertso eskolako bertsolariekin. Trikibialera edonor etor daiteke, baina bertso-bazkarirako azaroaren 30a baino lehen eman behar da izena, AEKn edo ezkerraldea@aek.org helbidera mezua bidalita.
Gogoratu euskara euskaldun guztiok dugun altxorra dela. Santurtzi bezalako herrietan aukera gutxi izaten ditugu gure hizkuntzan aritzeko eta, hori dela eta, Bai Esan euskara elkarteak antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, bai eta zuen egunerokotasunean lanean, eskolan, familian, lagunartean, kalean, dendetan, tabernetan… euskaraz hitz egitera. GURE HIZKUNTZ ESKUBIDEAK DEFENDA DITZAGUN!!! EUSKARA BIHOTZEAN ETA AHOAN!!! EUSKARAZ BIZI!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.