Larunbatean, urriak 22, goizeko 9etan Santurtzitik irten eta 10:30erako bageunden Donostiako pasealeku berrian. Autobusetik jaitsi eta, hain eguraldi zoragarria ikusita eta Kontxa badia ederra aurrean, museorako bidean gure pausuak motelak izan ziren. Baina behin barruan, bidaia zoragarria egin genuen lehengo euskal baleazaleekin batera, Aitor Buitronen eskutik: Kanadako Ternuraino ere heldu ginen, Red Bayraino, baleen olioa usaindu eta bizarrak eskuen artean izateko aukera eduki genuen.
Garai batean, euskaldunontzat baleen arrantza oso garrantzitsua izan zen, eta halaxe erakutsi zigun Jon Maiak ere Apaizac Obeto* dokumentala Santurtzira ekarri genuenean, 2007an. -Orain dela bost urte Albaola elkarteko sei kidek lehengo euskal baleazaleen antzera egin zuten espedizio hartan erabili zuten Beothuk txalupa ere ikusi eta ukitu ahal izan genuen larunbatean-. Gaur egun, zorionez, euskaldunok ez dugu balearik arrantzatzen; beste herrialde batzuek bai, ordea, eta horien berri ere eman ziguten Untzi-museoan.
Gure bidaia itsas azpian amaitu genuen, urpeko batean sartu eta itsaso zabalean ibili ginen ur azpiko zoko-moko guztiak arakatzen. Ederto ibili ere!
* Orduan ikusi ez zenutenok edo berriro egin nahi duzuenok Barakaldon ikusteko aukera izango duzue azaroaren 10ean arratsaldeko 7:30ean San Bizenteko Kultur Etxean. Edo ETB-1ean gaueko 10:30ean.
Talde ederra eta jatorra, egiatan! Pena bakarra, joan ginen guztiok ez agertzea. |
Eguna ez zen hor amaitu baina, beste bidaia zoragarri bat genuen zain kanpoan. Gainera, eguzki amandrea ere gurekin etortzera gonbidatu genuen eta ez zigun kale egin, gure ondoan eman zuen egun osoa! Alde zaharretik osteratxo bat egin genuen, ogitarteko batzuen bila, eta, tentazioari ezin eutsita, taberna aurrean zegoen dendan litxarreria piloa erosi genuen. Ummm!!!! Ondoren, Kontxa hondartza zoragarrian kanpamentua ipini eta bertan bazkaldu genuen. Bazkalostean, batzuk kafea hartzera joan ziren, beste batzuk eguzkitan gozo-gozo geratu ziren eta besteok oinutsik itsasertzetik osteratxo bat egitera joan ginen, eta gutariko batek bainua ere hartu zuen, gainerakook bekaitzak jota utzita. Ura epel-epel omen zegoen!
Arratsaldeko lauretan, museo ondoan elkartu ginen berriro, beste bidaia bati ekiteko: Donostia zaharrean zehar. Untzi-museoan hasi eta Bretxa azokan amaitu genuen ibilaldia, kalerik kale, Aitorren azalpenek lagunduta, beste behin ere. Amaitutakoan, Bretxatik Boulevardera joan ginen izozki gozo-gozo bana jatera ("musu" eta guzti), zelan ez! Donostiarrek Aste Nagusian egin ohi duten bezalaxe. Ondoren, eguna biribiltzeko, ostera ere joan ginen alde zaharrera, pintxoak eta poteak hartzera. Ilundu zuenerako, autobusa zain genuen pasealeku berrian. Eta etxerako bidea poz-pozik eta kantu-kantari egin genuen.
Egun zoragarria, zinez! Ondo baino hobeto pasatu genuen. Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Eta gure bidaia argazkietan ikusi nahi baduzue, hona hemen batzuk eta hemen beste batzuk.
Itxaso Antuñano Zeanuri
Gure kanpamentua Kontxa hondartzan, antxetak ere gurekin bazkaldu nahi izan zuen. |
Portuan, guztiok adi-adi Aitorren azalpenei |
Alde zaharrean (argazkia gure Aitorrena da) |
Eta hemen gure bidaiaren protagonista: balea! Berari esker joan ginen Donostiara eta baleazale bihurtu, baina ez arrantzatzeko, hemen bezala, igerian aske ikusteko baino:
Beste bideo interesgarri batzuk: baleak, baleazaleak erakusketa (azken horretan museoan ikusi genuena ikus daiteke) eta Apaizac Obeto.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.