2011-11-30

Egun magikoa Olentzerorekin

Larunbatean, azaroak 26, Olentzerok gonbidatuta, Bai Esanen lagunok, Mungiara joan ginen, Izenaduba basora; bertan, parke mitologikoaz gain, Olentzeroren baserria ere badago: Landetxo Goikoa, Bizkaiko baserririk zaharrena, XV. mendekoa. Eguzki amandrea ere gonbidatu genuen gurekin etortzera, eta beti bezala, ez zigun kale egin, gurekin egin zuen ibilaldi osoa eta. Jakin nahi duzue zer gertatu zen?


Mungiara heldu ginenean, behe-lainoak estaltzen zuen herria eta horrek misterio-kutsua ematen zion inguruari. Basoko atearen ondoan batu ginen denok, umeak eskutitzak eskuetan eta helduok gogoan, urduri-urduri Olentzero ikusi behar genuelako. Halako batean, galtzagorri bat agertu zen gure ondoan: "Egun on! Zuek Santurtziko lagunak zarete, ezta? Zatozte nirekin, Olentzero zain duzue eta". Gu, poz-pozik, haren atzetik joan ginen. -Esan behar dugu gure galtzagorria pixka bat berezia zela, galtza urdinak zeramatzan eta. Baina tira, bere arrazoiak izango zituen!- Atea zeharkatu bezain laster, Maritxu Teilatuko agertu zen teilatu gainean, gu agurtzera: "Hara, hara, Santurtziko lagunak, baita Basauriko, Portugaleteko eta Sestaoko batzuk ere! Ondo etorri Izenadubara! Zuen zain geunden. Badakizue nor naizen, ezta? Nik, haginak jausten zaizkizuenean, batu egiten ditut eta zeruko laku magiko batera bota; tanta magiko batzuen modura, izar bihur daitezen. Horretarako, umeok, haginak teilatura bota behar dituzue edo bestela burkoaren azpian utzi eta niri deitu honela: Maritxu tailetuko, gona gorridune, eutsi hagin zaharra eta ekarri barrie! Eta ni berehala joango naiz bila. Ados? Orain zoazte, zoazte aurrera, Olentzero zain duzue eta. Gero ikusiko dugu elkar ostera ere". Eta bidean aurrera egin genuen.

Bihurgune batera heldu ginenean, andre eder bi agertu zitzaizkigun erreka ondoan ilea orrazten, eta galtzagorrik esan zigun: "Emakume ederrak, ezta? Baina begiratu oinetara!". Eta guk: "Hara, ahateen oinak dauzkate: lamiak dira!!!". Eta eurek: "Bai, lamiak gara! Atsegin duzue gure basoa? Gu natura zaintzen dutenen lagunak gara; hondatzen dutenekin, aldiz, oso haserretzen gara. Ez ahaztu! Baina jarraitu, jarraitu ezazue aurrera, Euskal Herriko andrerik ederrena ere, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta guk, txintxo-txintxo, aurrera jarraitu genuen.

Geroago, sorgin bat ere agertu zitzaigun, Mari Domingirena bezalako buruko zuria buruan, ukendu magikoak egiten: "Kaixo, santurtziarrok! Ondo etorri gurera, eta osasun-arazoren bat baduzue, badakizue non nagoen, hutsik egiten ez duen ukendua prestatuko dizuet! Eta orain jarraitu gure basoa gozatzen! Adiorik ez, hurren arte baizik!". Eta guk, sorginak esan bezala, basoaz gozatzen jarraitu genuen. Emakume jakintsuak gure sorginak! Sugar ere, Anbotoko Mariren senarra, bide-erdian azaldu zitzaigun eta eskerrak eman genizkion; izan ere, berak erabakitzen du Euskal Herrian zer-nolako eguraldia egin behar duen eta egun hartan eguraldi zoragarria eduki genuen, eguzki amandrea bidelagun izan genuen egun osoan eta. Berak honela erantzun zigun: "Ez horregatik! Baina segi, segi aurrera! Emaztea-eta zain baitituzue apurtxu bat gorago!".

Eta hala izan zen, apurtxu bat gorago, bidearen bihurgune batean Anbotoko Mari, Basajaun, Tartalo, galtzagorri bat, Maritxu Teilatuko eta Olentzero agertu ziren. Baina ez ziren benetakoak, irudi erraldoi batean zeuden margotuta, Sugarrek ziri txikia sartu zigun. Orduan, gure galtzaurdina aurrean jarrita: "Jolas magikoa da, aukeratu bat eta, atzeko aldetik, aurpegia duen lekuan burua sartuta, une batez hura izango zarete". Eta, txandaka, hala egin genuen. Oso dibertigarria izan zen!

Azkenean, bidearen amaieran, Landetxo Goikora heldu ginen. A zer-nolako baserria: zoragarria! Handi-handia eta eder-ederra! Goitik behera, kanpotik eta barrutik harriz eta egurrez egina; haritzaren egurrez, gainera! Ataria oso-osorik egurrezkoa, baita aurrealdearen erdialdea ere, teilaturaino. Behin atea topatuta, eguzki-lorearen azpitik, barrura sartu ginen. Bular barruan, taup-taup hasi zitzaigun bihotza: Olentzeroren etxean geunden! Hura poza eta ilusioa!


























Atea zeharkatuta, sukaldera heldu ginen: erdi-erdian, beheko sua eta, gainean laratzetik zintzilik, lapiko handia. Umeak suaren inguruan jesarri ziren arineketan, antzina gure ahaideek egiten zuten bezala, eta atzean helduok, geure galtzaurdinak zer kontatu behar zigun entzuteko. Gure buruen gainean, sabaiaren ordez, tximinia erraldoia zegoen, kanpora barik, goiko pisura heltzen zen tximinia; antzina, kea jatekoak kontserbatzeko erabiltzen zuten eta. Sua ere oso garrantzitsua zen, jakina, eta subilek, beheko suan erretzen ziren enbor sendoek, etxeko hainbat txokotan jarrita, pertsonak eta animaliak gaixotasunetatik babesten zituzten. Geuk ere horrelako babesa nahi genuenez, ate azpian zegoen subilaren gainetik salto egin genuen. Hala egin behar ei da eta: gainetik jauzi, ez zapaldu ez beste barik pasatu, ez, jauzi egin behar da, jauzi! Hortaz, osasuntsu ibiliko gara danok urte osoan!

Eta horrela, salto batez, baserri barruko baso magikora heldu ginen. Bertan, Olentzero agertu zitzaigun, baina oraingoan ere ez zen izan benetakoa, alegiazkoa baizik. "Egun on, lagun maiteok! Zer moduz? Gozatzen ari zarete? Hala espero dut. Badakit zuekin geratu nintzena, baina Gabonak ate joka daudenez, oso lanpetuta nabil opariak prestatzen, eta ezin izango naiz garaiz heldu. Dena den, nire lagun txiki batzuk aurkeztu nahi dizkizuet: galtzagorriak. Iratxo txiki onak dira, asko laguntzen didate zuentzako erregaluak prestatzen, baina oso bihurriak ere badira, beti dabiltza iheska. Lagunduko didazue harrapatzen?" esan zigun Olentzero birtualak. Eta guk, zelan ez, baietz esan genion. Eta han ibili ginen, zoko-moko guztietan galtzagorri bihurriak harrapatzen. Ondoren, beste areto batera joan ginen, eta han txikienek txabola batean zeuden pilotatxoak kanpoko otzarara eraman behar izan zituzten, basoan adarrak biltzen diren bezalaxe, gero sua egiteko.



Han amaitutakoan, goiko solairura joan ginen. Bertan, alegiazko Maritxu Teilatuko agertu zitzaigun beste behin ere, baina orduan pantaila batean, eta berarekin jolasean eta kantuan ibili ginen: "Kolpe kolpe kolpeka, josi eta josi, josi eta josi, kolpe kolpe kolpeka, josi eta josirik zapatak. Haria hartu argizaria orratzean zatz! korapilo bat, korapilo bat!".

Ondoren, gure galtzaurdinak behera joan behar genuela esan zigun, baina ez beheko solairura, beherago oraindino, etxe azpian dagoen leizera; han baten bat gure zain zegoela eta! Gu eskailerak jaisten hasi ginen, harrituta, geure buruari galdezka: "Etxe azpian dagoen leizera? Eta nor ote dago han, bada, gure zain? Anbotoko Mari, agian? Bestela, nor?".

Heldutakoan: "Ene, Olentzero da eta! Hezur-haragizkoa, ez alegiazkoa! Kaixo, Olentzero!". Arineketan, haren ondora joan ginen. "Kaixo, kaixo, laguntxuak! Zelan zagoze? Ondo pasatu dozue gure baso eta baserrian?". Eta umeak, banan-banan, haren altzora, eskutitza ematera eta Gabonetarako zer nahi duten zuzenean belarrira esatera. Olentzerok ume guzti-guztiak magalean gozo-gozo hartu eta gero: "Tira, neska-mutilok! Banoa, beharrean segidu behar dot eta! Txintxoak izan, e! Eta hilabete barru, Gabon gauean, zuen etxeetan agertuko naz, baina joan aurretik, opari bana daukat zuentzat!". Opariak eta bosteko bana eman ostean, kanpora irten ginen, irribarrea ezpainetan, liluratuta: "Olentzerorekin berarekin egon gara. Sinestezina!".


























Behin kanpoan, jolas-parke bitxia zegoen. Bertan, jolasteko leku asko, gure txikiak, ikusi bezain laster, arrapaladan hasi ziren leku guztietara igotzen. Bazter batean, Tartalo, begi-bakarra, zuhaitz bati igota, ardiak jan eta jan. Geure txikiak ere jan ez zituen, bada! 
"Kaixo, lagunok! Hau gosea! Zatozte, zatozte, zeuek ere jango zaituztet eta! Baina aurretik, joan zaitezte hor ezkerrean dagoen kobazulora, Euskal Herriko emakumerik ederrena, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta hala egin genuen, haitzetatik sartu eta han, hondoan, andre eder-ederra zegoen, adats eder luze-luzea urrezko orrazi batez orrazten: "Sartu, sartu! Ondo etorri nire haitzulora! Ni Mari nauzue, Euskal Herriko jainkosa nagusia. Zuen zain nengoen". Mariri hika egin behar zaio, ez zaio gezurrik esan behar eta ezin zara jesarri, berarekin hitz egin bitartean, berak hala eskatuta ere. Gure herriarentzat bakea eta askatasuna eskatu ondoren, sartu bezala atera ginen leize-zulotik, Mariri bizkarra eman barik, tradizioak agindu legez.
Ondoren, Basajaunen bila, labirintoan sartu ginen. Erdian, baseliza txikia zegoen, eta kanpaiak jo ostean -zorte ona ematen omen du-, irteeraren bila hasi ginen. 

Handik ateratakoan, aker beltzarekin egin genuen topo. Ipurdiko zuloan musu emateak ere zorte ona ematen duela eta, umeek bana eman zioten. Gure galtzaurdinak, umeak urrundu ostean, etxe guztietan bana egoten zela esan zigun, ugalkortasunaren sinboloa zelako; eta akelarreetan, egoten zen gizonezko bakarra bera izaten zela. Egia esan, ez nuen ulertu umeek zergatik ezin zuten hori entzun, baina tira!

Gure ibilaldiaren amaieran, berriro agertu zitzaigun Maritxu Teilatuko: "Kaixo, lagunok! Ondo pasatu duzue? Joan baino lehen, ikusi nahi duzue nola egiten dudan lan? Igo zaitezte nire hegoen gainera eta lagundu iezadazue galtzagorri batek kendu didan hagin bat berreskuratzen!". Eta guk: "Baina Maritxu Teilatuko, gu handiegiak gara zure hegoen gainera igotzeko!" Berak: "Ene! Bai, bai, arrazoi duzue!" Eta hitz magikoak esanda, txiki-txiki bihurtu gintuen, beraren gainera igotzeko modukoak. Eta han joan ginen hegan, haginaren bila!"

Hura bai egun magikoa hura! Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!

Zer? Ez didazu sinesten? Pertsonaia horiek guztiak ez direla existitzen? Ez dela galtzagorririk? Ezta Olentzerorik, Anbotoko Maririk-eta ere? "Izena duen guztia da" dio esaera zaharrak. Ez esan ez dela, ikusi ez duzulako, Izenaduba! Bestalde, Maritxu Teilatukok esan bezala, irudimena eta sormena dira lagunik onenak, nahi dugun guztia lortzeko. Beraz, zer edo zer benetan lortu nahi baduzu, itxi begiak eta irudikatu! Baietz lortu!!!

Itxaso Antuñano Zeanuri

Argazki guztiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.