2011-12-31

2012 urte barri on!!!!

ZORIONAK ETA URTE BARRI ON-ON OPA DEUTSUEGU DANORI!!!
Urte barri, txarri belarri, dekonak ez dekonari, nik ez dekot eta zuk niri, ezpabere mailutxu beteaz haginek kiskiti klauski ♫!!!
♪♪♪ Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz!!! ♪♪♪♪♪
IZAN ZORIONTSU ETA BIZI EUSKARAZ!!! MUSU POTOLO BANA!!!
 

2011-12-10

EUSKAL TRIkiBIAL MUNDIALA!!!

Abenduaren 3an, larunbatarekin, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin genuen 1. euskal triKIbiala mundiala izan zen. Ordu batean, euskaldun piloa elkartu ginen Mamarigan gure hizkuntzaren eguna elkarrekin ospatzeko asmoz, baina EHE eta Bai Esanekook zerbait ezberdina eta berezia antolatu genuen: euskal triKIbiala. Aurreko egunetan denen ahotan zebilen: "Zer ote da triKIbiala?", baina inork ez zekin zer zen, antolatzen genuen lehenengo aldia zen eta.

1. euskal triKIbiala 2011 hastear!

Armintza tabernaren ondoan, lepokoak eta turutak banatu ostean, lehiaketari ekin genion. Han zeudenak hiruzpalaunaka batzen hasi ziren eta sei talde osatzea lortu genuen: Turuta, Zergatik ez, Trueno kapitaina, Naranjitoak, Pizti Zoroak eta Aupa Portu. Sei talde! Ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula, ez! 

Turuta taldea
Pizti Zoroak
Zergatik ez!

Aupa Portu!
Naranjitoak
Trueno kapitaina

E! Zer ipintzen du hor? :-S
Auskalo!
Bat, bi eta hiru! Lehenengo proba hasi zen: esaera zaharrak! Kalean uso, ... Guk lehenengo zatia eman eta bigarrena, hiru aukeraren artean, zein zen igarri behar zuten. Eta hala egin zuten; gehienak asmatu zituzten, ia-ia guztiak.

Aizue, hori autoa da,
ez tabernako barra!
Ondoren, bigarren proba: bertsoak! Mihiluze telesaioan egiten duten antzera, oinak asmatu behar zituzten. Ostean, gainerako probetan legez, ozenki irakurri zituzten; baina orduko hartan, doinua emanda, bertsoak abestuz: ♪♪♪ Peio Joxepe tabernan dala... ♪♪♪. Horretan ere fin-fin ibili ziren, antolatzaileok ere aho bete hortz utzita.


Ez da hain erraza, e!

Hirugarrena: asmakizunak! Aukerarik ez, hitza zein zen igarri ala kale! Eta... bale!!! A zer-nolako maila daukagun herrian! Guzti-guztiak asmatu zituzten! Giroa, pil-pilean! Talde guztiak ia berdinduta. Aldea txiki-txikia zen. Hurrengo proban erabakiko zen dena! Hura bai hura ikusmina! Nork irabaziko ote zuen?
Badakigu!!! Kar-kar-kar!!!


     Aitor,  zelako makina abestiak topatzen!
Hori da tonua, hori!










Proben artean, Unai Laso trikitilaria eta Indira Landera pandero-jotzailea, Trueno Kapitaina taldean parte hartzeaz gain, giroa alaitzen ere ibili ziren. Geroago, santurtziarrei Janire Egaña galdakaoztarra trikitia jotzera batu zitzaien. Aupa zuek!
Aire, aireee!!!

Azkenean, proba erabakigarria heldu zen: laugarrena! Eta zertan zetzan? Bada, hasteko, euskara hitza duten abestiak kantatzean. Hasteko eta amaitzeko, zeren eta, hitz gehiago prest eduki arren, hori berori bukatu baino lehen, proba amaitutzat eman behar izan genuen; bestela, oraindino egongo ginateke han kantu-kantari. Guk euskaraz... Araban bagare... Behin betiko, behin betiko... Euskal Herrian euskaraz... Eta bai, eta bai, nik euskarari bai ta bai... Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen... Nora zoaz eskual semea... eskuara baizik ez zakiten haiek... ♪♪♪ Hura kanta-zaparrada! Hona hemen lagin bat:




Eta irabazleaaak trtrtrrrrrrrr: Trueno kapitaina taldekoak! Zoriooonak!!! Baita parte hartu zenuten guztioi ere!!! Guztiek ospatu zuten, lehenengo saria irabazi izan balute bezala. Ondo eginda, denok merezi zenuten eta!!! Hura maila hura erakutsi zenutena! Egia esan, lehiaketa hartan, denok irabazi genuen, euskara nagusi izan zen eta. Zorionak eta eskerrik asko guzti-guztioi, zuek gabe ezin izango genukeen egin eta.




Aurtengoa, inolako zalantzarik gabe, oso arrakastatsua izan zen. Horrelakoak sarriago antolatzeko eskatu zeniguten, eta hala egingo dugu. Ez zuek eskatu bezain sarri, astean behin gehiegitxo da eta. Baina laster bai, laster izango da 2. euskal triKIbiala 2012! Hasi prestatzen, bada!!!

Hirurak aldera, Itsasoko Ama ikastetxean AEK-k antolatutako bertso-bazkarira joan ginen. Tira, apur bat beranduago! Gainera, bertsolariak gure artean zebiltzan. Barkatuuu! :-S

Bapo bazkaldu eta gero, bertsolarien txanda etorri zen: Imanol Uria Albizuri getxoztarra, Beñat Vidal Gurrutxaga leioaztarra eta Peio Ormazabal Villanueva arrigorriagarra. Ona hirukotearen saioa!!!



Eta gogoratu: Nazioartean abenduaren 3an izaten da, baina Euskal Herrian, eta baita Santurtzin ere, egunero-egunero da euskararen eguna. GURE HERRIA, SANTURTZI, EGUNERO SORTZEN SEGI DEZAGUN EUSKARATIK ETA EUSKARAZ!!! GORA GU TA GUTARRAK!!! GORA SANTURTZI EUSKALDUNA!!!

Argazki guztiak ikusteko, klikatu hemen! Eta bideoak ikusteko hemen.

 Itxaso Antuñano Zeanuri


2011-11-30

Egun magikoa Olentzerorekin

Larunbatean, azaroak 26, Olentzerok gonbidatuta, Bai Esanen lagunok, Mungiara joan ginen, Izenaduba basora; bertan, parke mitologikoaz gain, Olentzeroren baserria ere badago: Landetxo Goikoa, Bizkaiko baserririk zaharrena, XV. mendekoa. Eguzki amandrea ere gonbidatu genuen gurekin etortzera, eta beti bezala, ez zigun kale egin, gurekin egin zuen ibilaldi osoa eta. Jakin nahi duzue zer gertatu zen?


Mungiara heldu ginenean, behe-lainoak estaltzen zuen herria eta horrek misterio-kutsua ematen zion inguruari. Basoko atearen ondoan batu ginen denok, umeak eskutitzak eskuetan eta helduok gogoan, urduri-urduri Olentzero ikusi behar genuelako. Halako batean, galtzagorri bat agertu zen gure ondoan: "Egun on! Zuek Santurtziko lagunak zarete, ezta? Zatozte nirekin, Olentzero zain duzue eta". Gu, poz-pozik, haren atzetik joan ginen. -Esan behar dugu gure galtzagorria pixka bat berezia zela, galtza urdinak zeramatzan eta. Baina tira, bere arrazoiak izango zituen!- Atea zeharkatu bezain laster, Maritxu Teilatuko agertu zen teilatu gainean, gu agurtzera: "Hara, hara, Santurtziko lagunak, baita Basauriko, Portugaleteko eta Sestaoko batzuk ere! Ondo etorri Izenadubara! Zuen zain geunden. Badakizue nor naizen, ezta? Nik, haginak jausten zaizkizuenean, batu egiten ditut eta zeruko laku magiko batera bota; tanta magiko batzuen modura, izar bihur daitezen. Horretarako, umeok, haginak teilatura bota behar dituzue edo bestela burkoaren azpian utzi eta niri deitu honela: Maritxu tailetuko, gona gorridune, eutsi hagin zaharra eta ekarri barrie! Eta ni berehala joango naiz bila. Ados? Orain zoazte, zoazte aurrera, Olentzero zain duzue eta. Gero ikusiko dugu elkar ostera ere". Eta bidean aurrera egin genuen.

Bihurgune batera heldu ginenean, andre eder bi agertu zitzaizkigun erreka ondoan ilea orrazten, eta galtzagorrik esan zigun: "Emakume ederrak, ezta? Baina begiratu oinetara!". Eta guk: "Hara, ahateen oinak dauzkate: lamiak dira!!!". Eta eurek: "Bai, lamiak gara! Atsegin duzue gure basoa? Gu natura zaintzen dutenen lagunak gara; hondatzen dutenekin, aldiz, oso haserretzen gara. Ez ahaztu! Baina jarraitu, jarraitu ezazue aurrera, Euskal Herriko andrerik ederrena ere, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta guk, txintxo-txintxo, aurrera jarraitu genuen.

Geroago, sorgin bat ere agertu zitzaigun, Mari Domingirena bezalako buruko zuria buruan, ukendu magikoak egiten: "Kaixo, santurtziarrok! Ondo etorri gurera, eta osasun-arazoren bat baduzue, badakizue non nagoen, hutsik egiten ez duen ukendua prestatuko dizuet! Eta orain jarraitu gure basoa gozatzen! Adiorik ez, hurren arte baizik!". Eta guk, sorginak esan bezala, basoaz gozatzen jarraitu genuen. Emakume jakintsuak gure sorginak! Sugar ere, Anbotoko Mariren senarra, bide-erdian azaldu zitzaigun eta eskerrak eman genizkion; izan ere, berak erabakitzen du Euskal Herrian zer-nolako eguraldia egin behar duen eta egun hartan eguraldi zoragarria eduki genuen, eguzki amandrea bidelagun izan genuen egun osoan eta. Berak honela erantzun zigun: "Ez horregatik! Baina segi, segi aurrera! Emaztea-eta zain baitituzue apurtxu bat gorago!".

Eta hala izan zen, apurtxu bat gorago, bidearen bihurgune batean Anbotoko Mari, Basajaun, Tartalo, galtzagorri bat, Maritxu Teilatuko eta Olentzero agertu ziren. Baina ez ziren benetakoak, irudi erraldoi batean zeuden margotuta, Sugarrek ziri txikia sartu zigun. Orduan, gure galtzaurdina aurrean jarrita: "Jolas magikoa da, aukeratu bat eta, atzeko aldetik, aurpegia duen lekuan burua sartuta, une batez hura izango zarete". Eta, txandaka, hala egin genuen. Oso dibertigarria izan zen!

Azkenean, bidearen amaieran, Landetxo Goikora heldu ginen. A zer-nolako baserria: zoragarria! Handi-handia eta eder-ederra! Goitik behera, kanpotik eta barrutik harriz eta egurrez egina; haritzaren egurrez, gainera! Ataria oso-osorik egurrezkoa, baita aurrealdearen erdialdea ere, teilaturaino. Behin atea topatuta, eguzki-lorearen azpitik, barrura sartu ginen. Bular barruan, taup-taup hasi zitzaigun bihotza: Olentzeroren etxean geunden! Hura poza eta ilusioa!


























Atea zeharkatuta, sukaldera heldu ginen: erdi-erdian, beheko sua eta, gainean laratzetik zintzilik, lapiko handia. Umeak suaren inguruan jesarri ziren arineketan, antzina gure ahaideek egiten zuten bezala, eta atzean helduok, geure galtzaurdinak zer kontatu behar zigun entzuteko. Gure buruen gainean, sabaiaren ordez, tximinia erraldoia zegoen, kanpora barik, goiko pisura heltzen zen tximinia; antzina, kea jatekoak kontserbatzeko erabiltzen zuten eta. Sua ere oso garrantzitsua zen, jakina, eta subilek, beheko suan erretzen ziren enbor sendoek, etxeko hainbat txokotan jarrita, pertsonak eta animaliak gaixotasunetatik babesten zituzten. Geuk ere horrelako babesa nahi genuenez, ate azpian zegoen subilaren gainetik salto egin genuen. Hala egin behar ei da eta: gainetik jauzi, ez zapaldu ez beste barik pasatu, ez, jauzi egin behar da, jauzi! Hortaz, osasuntsu ibiliko gara danok urte osoan!

Eta horrela, salto batez, baserri barruko baso magikora heldu ginen. Bertan, Olentzero agertu zitzaigun, baina oraingoan ere ez zen izan benetakoa, alegiazkoa baizik. "Egun on, lagun maiteok! Zer moduz? Gozatzen ari zarete? Hala espero dut. Badakit zuekin geratu nintzena, baina Gabonak ate joka daudenez, oso lanpetuta nabil opariak prestatzen, eta ezin izango naiz garaiz heldu. Dena den, nire lagun txiki batzuk aurkeztu nahi dizkizuet: galtzagorriak. Iratxo txiki onak dira, asko laguntzen didate zuentzako erregaluak prestatzen, baina oso bihurriak ere badira, beti dabiltza iheska. Lagunduko didazue harrapatzen?" esan zigun Olentzero birtualak. Eta guk, zelan ez, baietz esan genion. Eta han ibili ginen, zoko-moko guztietan galtzagorri bihurriak harrapatzen. Ondoren, beste areto batera joan ginen, eta han txikienek txabola batean zeuden pilotatxoak kanpoko otzarara eraman behar izan zituzten, basoan adarrak biltzen diren bezalaxe, gero sua egiteko.



Han amaitutakoan, goiko solairura joan ginen. Bertan, alegiazko Maritxu Teilatuko agertu zitzaigun beste behin ere, baina orduan pantaila batean, eta berarekin jolasean eta kantuan ibili ginen: "Kolpe kolpe kolpeka, josi eta josi, josi eta josi, kolpe kolpe kolpeka, josi eta josirik zapatak. Haria hartu argizaria orratzean zatz! korapilo bat, korapilo bat!".

Ondoren, gure galtzaurdinak behera joan behar genuela esan zigun, baina ez beheko solairura, beherago oraindino, etxe azpian dagoen leizera; han baten bat gure zain zegoela eta! Gu eskailerak jaisten hasi ginen, harrituta, geure buruari galdezka: "Etxe azpian dagoen leizera? Eta nor ote dago han, bada, gure zain? Anbotoko Mari, agian? Bestela, nor?".

Heldutakoan: "Ene, Olentzero da eta! Hezur-haragizkoa, ez alegiazkoa! Kaixo, Olentzero!". Arineketan, haren ondora joan ginen. "Kaixo, kaixo, laguntxuak! Zelan zagoze? Ondo pasatu dozue gure baso eta baserrian?". Eta umeak, banan-banan, haren altzora, eskutitza ematera eta Gabonetarako zer nahi duten zuzenean belarrira esatera. Olentzerok ume guzti-guztiak magalean gozo-gozo hartu eta gero: "Tira, neska-mutilok! Banoa, beharrean segidu behar dot eta! Txintxoak izan, e! Eta hilabete barru, Gabon gauean, zuen etxeetan agertuko naz, baina joan aurretik, opari bana daukat zuentzat!". Opariak eta bosteko bana eman ostean, kanpora irten ginen, irribarrea ezpainetan, liluratuta: "Olentzerorekin berarekin egon gara. Sinestezina!".


























Behin kanpoan, jolas-parke bitxia zegoen. Bertan, jolasteko leku asko, gure txikiak, ikusi bezain laster, arrapaladan hasi ziren leku guztietara igotzen. Bazter batean, Tartalo, begi-bakarra, zuhaitz bati igota, ardiak jan eta jan. Geure txikiak ere jan ez zituen, bada! 
"Kaixo, lagunok! Hau gosea! Zatozte, zatozte, zeuek ere jango zaituztet eta! Baina aurretik, joan zaitezte hor ezkerrean dagoen kobazulora, Euskal Herriko emakumerik ederrena, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta hala egin genuen, haitzetatik sartu eta han, hondoan, andre eder-ederra zegoen, adats eder luze-luzea urrezko orrazi batez orrazten: "Sartu, sartu! Ondo etorri nire haitzulora! Ni Mari nauzue, Euskal Herriko jainkosa nagusia. Zuen zain nengoen". Mariri hika egin behar zaio, ez zaio gezurrik esan behar eta ezin zara jesarri, berarekin hitz egin bitartean, berak hala eskatuta ere. Gure herriarentzat bakea eta askatasuna eskatu ondoren, sartu bezala atera ginen leize-zulotik, Mariri bizkarra eman barik, tradizioak agindu legez.
Ondoren, Basajaunen bila, labirintoan sartu ginen. Erdian, baseliza txikia zegoen, eta kanpaiak jo ostean -zorte ona ematen omen du-, irteeraren bila hasi ginen. 

Handik ateratakoan, aker beltzarekin egin genuen topo. Ipurdiko zuloan musu emateak ere zorte ona ematen duela eta, umeek bana eman zioten. Gure galtzaurdinak, umeak urrundu ostean, etxe guztietan bana egoten zela esan zigun, ugalkortasunaren sinboloa zelako; eta akelarreetan, egoten zen gizonezko bakarra bera izaten zela. Egia esan, ez nuen ulertu umeek zergatik ezin zuten hori entzun, baina tira!

Gure ibilaldiaren amaieran, berriro agertu zitzaigun Maritxu Teilatuko: "Kaixo, lagunok! Ondo pasatu duzue? Joan baino lehen, ikusi nahi duzue nola egiten dudan lan? Igo zaitezte nire hegoen gainera eta lagundu iezadazue galtzagorri batek kendu didan hagin bat berreskuratzen!". Eta guk: "Baina Maritxu Teilatuko, gu handiegiak gara zure hegoen gainera igotzeko!" Berak: "Ene! Bai, bai, arrazoi duzue!" Eta hitz magikoak esanda, txiki-txiki bihurtu gintuen, beraren gainera igotzeko modukoak. Eta han joan ginen hegan, haginaren bila!"

Hura bai egun magikoa hura! Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!

Zer? Ez didazu sinesten? Pertsonaia horiek guztiak ez direla existitzen? Ez dela galtzagorririk? Ezta Olentzerorik, Anbotoko Maririk-eta ere? "Izena duen guztia da" dio esaera zaharrak. Ez esan ez dela, ikusi ez duzulako, Izenaduba! Bestalde, Maritxu Teilatukok esan bezala, irudimena eta sormena dira lagunik onenak, nahi dugun guztia lortzeko. Beraz, zer edo zer benetan lortu nahi baduzu, itxi begiak eta irudikatu! Baietz lortu!!!

Itxaso Antuñano Zeanuri

Argazki guztiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen!




2011-11-29

Euskararen Nazioarteko Egunean: TRIkiBIALA!!!


Larunbatean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Tira, jakin badakizue euskararen eguna EGUNERO dela, baina egun hori aitzakiatzat hartuta, Bai Esanek eta Euskal Herrian Euskarazek Trikibiala antolatu dute. Trikibiala zer ote den? Trikitixaren musikaren laguntzaz gure poteoa alaituko dugu, Unai eta Indira lagunei esker, baina, horretaz gain, hainbat jolas eta proba antolatu ditugu  jai-giroan ondo pasa dezagun gure hizkuntzarekin jostari. Probotan parte hartzeko 3-4 laguneko taldeak osatu behar dira eta talde-lanean proba errazak eta dibertigarriak egin beharko dituzue: igarkizunak, esaera zaharrak, bertsoak osatu, abestu eta imintzioka aritu. Lehenengo postuetan geratzen diren taldeentzat sariak egongo dira, baita parte-hartzaileentzako oparitxoak ere. Anima zaitezte parte hartzen, erraza eta kristonakoa izango da eta!!! Hitzordua Mamarigako Armintza tabernan izango da 13:00etan.
Gure poteo bereziaren ondoren, AEK-ko Saribari euskaltegiak bertso-bazkaria antolatu du 15:00etan Mamarigako Itsasoko Ama eskolan, Algortako bertso eskolako bertsolariekin. Trikibialera edonor etor daiteke, baina bertso-bazkarirako azaroaren 30a baino lehen eman behar da izena, AEKn edo ezkerraldea@aek.org helbidera mezua bidalita.
Gogoratu euskara euskaldun guztiok dugun altxorra dela. Santurtzi bezalako herrietan aukera gutxi izaten ditugu gure hizkuntzan aritzeko eta, hori dela eta, Bai Esan euskara elkarteak antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, bai eta zuen egunerokotasunean lanean, eskolan, familian, lagunartean, kalean, dendetan, tabernetan… euskaraz hitz egitera. GURE HIZKUNTZ ESKUBIDEAK DEFENDA DITZAGUN!!! EUSKARA BIHOTZEAN ETA AHOAN!!! EUSKARAZ BIZI!!!

2011-11-01

Donostiako kronika

    Larunbatean, urriak 22, goizeko 9etan Santurtzitik irten eta 10:30erako bageunden Donostiako pasealeku berrian. Autobusetik jaitsi eta, hain eguraldi zoragarria ikusita eta Kontxa badia ederra aurrean, museorako bidean gure pausuak motelak izan ziren. Baina behin barruan, bidaia zoragarria egin genuen lehengo euskal baleazaleekin batera, Aitor Buitronen eskutik: Kanadako Ternuraino ere heldu ginen, Red Bayraino, baleen olioa usaindu eta bizarrak eskuen artean izateko aukera eduki genuen. 
    Garai batean, euskaldunontzat baleen arrantza oso garrantzitsua izan zen, eta halaxe erakutsi zigun Jon Maiak ere Apaizac Obeto* dokumentala Santurtzira ekarri genuenean, 2007an. -Orain dela bost urte Albaola elkarteko sei kidek lehengo euskal baleazaleen antzera egin zuten espedizio hartan erabili zuten Beothuk txalupa ere ikusi eta ukitu ahal izan genuen larunbatean-. Gaur egun, zorionez, euskaldunok ez dugu balearik arrantzatzen; beste herrialde batzuek bai, ordea, eta horien berri ere eman ziguten Untzi-museoan.
    Gure bidaia itsas azpian amaitu genuen, urpeko batean sartu eta itsaso zabalean ibili ginen ur azpiko zoko-moko guztiak arakatzen. Ederto ibili ere!

* Orduan ikusi ez zenutenok edo berriro egin nahi duzuenok Barakaldon ikusteko aukera izango duzue azaroaren 10ean arratsaldeko 7:30ean San Bizenteko Kultur Etxean. Edo ETB-1ean gaueko 10:30ean.


Talde ederra eta jatorra, egiatan! Pena bakarra, joan ginen guztiok ez agertzea.

     Eguna ez zen hor amaitu baina, beste bidaia zoragarri bat genuen zain kanpoan. Gainera, eguzki amandrea ere gurekin etortzera gonbidatu genuen eta ez zigun kale egin, gure ondoan eman zuen egun osoa! Alde zaharretik osteratxo bat egin genuen, ogitarteko batzuen bila, eta, tentazioari ezin eutsita, taberna aurrean zegoen dendan litxarreria piloa erosi genuen. Ummm!!!! Ondoren, Kontxa hondartza zoragarrian kanpamentua ipini eta bertan bazkaldu genuen. Bazkalostean, batzuk kafea hartzera joan ziren, beste batzuk eguzkitan gozo-gozo geratu ziren eta besteok oinutsik itsasertzetik osteratxo bat egitera joan ginen, eta gutariko batek bainua ere hartu zuen, gainerakook bekaitzak jota utzita. Ura epel-epel omen zegoen!
    Arratsaldeko lauretan, museo ondoan elkartu ginen berriro, beste bidaia bati ekiteko: Donostia zaharrean zehar. Untzi-museoan hasi eta Bretxa azokan amaitu genuen ibilaldia, kalerik kale, Aitorren azalpenek lagunduta, beste behin ere. Amaitutakoan, Bretxatik Boulevardera joan ginen izozki gozo-gozo bana jatera ("musu" eta guzti), zelan ez! Donostiarrek Aste Nagusian egin ohi duten bezalaxe. Ondoren, eguna biribiltzeko, ostera ere joan ginen alde zaharrera, pintxoak eta poteak hartzera. Ilundu zuenerako, autobusa zain genuen pasealeku berrian. Eta etxerako bidea poz-pozik eta kantu-kantari egin genuen.
    Egun zoragarria, zinez! Ondo baino hobeto pasatu genuen. Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Eta gure bidaia argazkietan ikusi nahi baduzue, hona hemen batzuk eta hemen beste batzuk.
Itxaso Antuñano Zeanuri


Gure kanpamentua Kontxa hondartzan, antxetak ere gurekin bazkaldu nahi izan zuen.
Portuan, guztiok adi-adi Aitorren azalpenei



Alde zaharrean (argazkia gure Aitorrena da)

Eta hemen gure bidaiaren protagonista: balea! Berari esker joan ginen Donostiara eta baleazale bihurtu, baina ez arrantzatzeko, hemen bezala, igerian aske ikusteko baino:

 

Beste bideo interesgarri batzuk: baleak,  baleazaleak erakusketa (azken horretan museoan ikusi genuena ikus daiteke) eta Apaizac Obeto.

2011-10-21

Olentzerok etxera gonbidatu zaitu!

Aizu, Olentzerok eskutitz hau bidali digu zuretzat:


 

Olentzero                                                         
Olentzeroren baserria
Landetxo Goikoa
48100 Mungia




Bai Esanen lagun maitea:

Azaroaren 26an, larunbatarekin, festa bat egingo dut etxean eta zeu ere Bai Esanekoekin batera etortzea nahiko nuke. Santurtziko euskara elkartekoek oso ondo hitz egin didate zutaz eta ezagutzeko gogo handia daukat. Goiz zoragarria izango da, bertan lagun asko izango dira eta: Mari Domingi, Lamiak, Maritxu Teilatuko, Galtzagorriak, Tartalo, Basajaun, Anbotoko Mari... Bi ordu magiko igaroko ditugu elkarrekin. Eta gogoratu: Izena duen guztia bada!

Goizeko 10:15ean atarian egongo gara zuen zain, ez huts egin! 

Musu potolo bat

Olentzero

Oharra: Animatzen bazara, idatz iezaiezu mezua Bai Esanekoei lehenbailehen hona: baiesan@kaixo.com

Hemen izango gaituzu zain, geure baserrian!

Izenaduba Basoa:
Euskal Herriko lehen parke mitologikoa da Izenaduba Basoa (Izena duen guztia bada, ba). Hor gure mitologia eta tradizioak ezagutuko ditugu jolasaren eta olgetaren bidez, ingurune berezi eta bitxian. Ingurune magikoa nagusi eta umeentzat.
Landetxo Goikoa bera ere lehen euskal baserriaren (1510 inguru) erakusgarririk onena dugu. bertan Baserri magikoa erakusketa ere ikus daiteke, bitxia eta jakingarria.


Landetxo Goikoa, gaur egun Olentzeoren eta beraren lagunen baserria, Bizkaiko baserririk aspaldikoena eta preziatuena da. Gaur egun arketipoa da Bizkaiko baserrien artean. Atari zabalekoa da, eta baserriaren aurrealdea hiru zatitan dago banatuta... lehen aldiz abereak eta etxekoak teilatupe berean. 1510. urtean eraiki zen, eta bertan, baserritar familia dirudun bat bizi zen. Aurreko garaietan baserriak bailarako zonalde garaietan eraikitzen bazituzten ere, lapurrengandik eta erasoetatik babesteko, Landetxo Goikoa herritik gertu jasotakoa da. Garaiko jauntxoen arteko guda eta liskarrak amaitzen ari ziren seinale. 
Landetxo Goikoa baserriaren aurrealdeko egurrezko leihoak baserriaren bitxitasunaren adierazle dira. Garai hartako bizilagunek, aisialdi garaietan, atsedenerako erabiltzen zuten baserri hau, eta beste garaietan ganbara moduan. Bestalde, leihoen garaiera medio, ez zuten ezusteko "bisitaririk" izaten. Tximinia baserriko bizitzaren ardatza, bilgune eta batez ere berotasunaren iturri zen. Tximiniaren berreraikuntzak lan handia suposatu zuen, izan ere, haritzaren egurrarekin eta garaiko teknikak erabilita egin baitzen. 
Landetxo Goikoa baserriak garai hartako biztanleen bizimodua ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Beheko suaren garrantzia, bihitegiaren kokapena... Landetxo Goikoa baserriak banandu zituen lehen aldiz animaliak eta pertsonak teilatupe berean.
Olentzerok aurkeztuta, bisitariok ibilbide magikoa egingo dugu: filmen, jokoen, tailerren... bitartez, gure ipuinen kondairen haitzuloraino. Era dibertigarria, txikienak eta nagusiok gurea ezagutzeko, Olentzerorekin batera. 
Eta kanpoko jolasek, hainbat belaunaldi eskutik helduta, gure mitologia ezagutzen lagunduko digute. Pertsonaiak, ohiturak, kondairak... mitologia jolas bihurtuta.
Izenaduba basoa  


MARITXU TAILETUKO, GONA GORRIDUNE, EUTSI HAGIN ZAHARRA ETA EKARRI BARRIE!!!
Umeari hortza (esneko hortza edo txantxurra) jausten zaionean, burkoaren azpian itxi edo teilatura bota eta Maritxu teilatukoari esan! Maritxu Tailetukok izar bihurtuten ei deitxuz!
Itxaso Antuñano Zeanuri