Atzo, barikua, zezeilak 7, txakolin-, ardo- eta gazta-dastaketa egin genuen, dorretxean, Mikel Garaizabal enologo eta somelierraren eskutik, Hazi eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Itzelezko bidaia egin genuen, lekutik mugitu ere egin barik!!!
Dorretxeko Rompeolas aretoan, hogeita bat euskaldun batu ginen mahai inguruan, Mikel Garaizabalen eskutik, bidaia zoragarriari ekiteko prest. Aurrena, usaimenetik hasi ginen. Behin gure sudurrak zelan egiten duen lan ulertuta, usaintzeari ekin genion: loreak, belarrak, frutak, zuhaitzak... muxika, mugurdia, kanela, zedroa, bioleta... A zer-nolako usain festa gure sudurretan!
Gero, ahoaren txanda heldu zen. Hasteko, txakolinak dastatu genituen, hirurak. Lehenengo, Getariakoa; ostean, Arabakoa, eta, amaitzeko, Bizkaikoa. Zelako aldea! Izen bera izan arren, zein ezberdinak diren!
Mihiaren atal guztiak sentitu genituen; gure dastamen papilek, ardoak ukitzean, zer egiten duten sentitu eta ulertu genuen; zapore-mota guztiak: garratza, mingotsa, gozoa, gazia eta umamia. Bai, ondo irakurri duzu, umamia, bosgarren zaporea. Horren berri ere izan genuen, dastatzea beste baterako utzi bagenuen ere, ez ei da oso atsegina eta.
Ondoren, Idiazabalgo gazta dastatzeko aukera izan genuen. Garaizabal elorriarrak erakutsi zigun zer hartu behar den kontuan gazta ona ala txarra den jakiteko; erakutsi zigun itxurari erreparatzen; erakutsi zigun antzematen gure ahoan gertatzen den guztia. Erakutsi zigun guztiari esker orain hobeto hauteman ditzakegu xehetasunak eta ñabardurak, gazta-txapelketetan egiten duten antzera.
Azkenik, Arabako Errioxako ardoa dastatu genuen. Ardo mota bi: bata, eskailerapekoa edo urteko ardo berezia, eta bestea, ondua. Orduan ere, bai sudurra eta bai ahoa lanean jarri genituen; dastamen-papil guztiak dantzan, beste behin ere. Kopa barruan, ardoaz gain, baso osoa zegoela zirudien, zenbat usain batera: bananak, ahabiak, mugurdiak, masustak... basoko fruitu guztiak han barruan zeudela ematen zuen. Ardo bien artean, gazta ketua eroan genuen ahora eta erkatu aurrekoarekin.
Bukatzeko, ardo onduaren txanda iritsi zen. Usaimenaren eta dastamenaren bitartez, bereizi ahal izan genituen ardo bien arteko alde handiak. Eta zein izan zen gozoena? Bada, atsotitzak dioen bezala, batak arrosaren kolorea maite, besteak usaina!!!
Hura usain- eta zapore-dantza atzokoa!!! Ekitaldiari erramua emateko, ardo gozoa eskuan, topa egin genuen euskararen alde euskaraz!!!
Argazki guztiak hemen!!!
Argazki guztiak hemen!!!
Itxaso Antuñano Zeanuri
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.