2014-01-25

Eureka!!! Izerretaraino ere heldu ginen.

Eureka! zientzia-museoan, ez ukitzea debekatuta dago eta guk txintxo-txintxo bete genuen araua, den-dena ukitu genuen, eta batzuetan behin baino gehiagotan. Zientziaren zoko-moko guztietara heldu ginen, gure txikiak gizakiaren sudurreraino ere bai. Gainera, irakasle paregabea eduki genuen, besteak beste, zientziaren hainbat sekretu azaltzeko. Ai, gure zientzia-irakasleak horrelakoak izan balira!


Gure bidaiaren erdian, izarretaraino ere heldu ginen. Planetarik planeta ibili ginen, argizagietan, izarrik izar, hartz handiarekin eta txikiarekin olgetan, karramarroarekin, lehoiarekin eta lehoi txikiarekin... Ilargian kulunkatu ginen, orain gora, orain behera. Asko ikasi genuen; planetak eta izarrak bereizten, esaterako. Orain, zerura begira, badakigu Artizarra non dagoen, badakigu izarrak zergatik dabiltzan keinuka, badakigu ilargia noiz dagoen ilgora eta noiz ilbehera. Orain zerua ez dago hain urrun guretzat!

Halaber, 1 Formulako autoa gidatu ahal izan genuen munduko zirkuitu onenetan; jolas-parke birtualean, itzulipurdika ibili ginen; fakirren ohean etzan ginen, inolako minik hartu gabe; eta, une batez, Gulliver bihurtuta, Gipuzkoako eraikin garrantzitsuenak ere ikusi ahal izan genituen. 

Sekulako eguna, benetan!!! Zoragarria da zientziaz horrela gozatu ahal izatea!!!

Itxaso Antuñano Zeanuri



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.