2012-11-01

Ondo baino hobeto, itzel aurten ere!!!

Zapatuan, urriak 27, gure 6. urteurrena ospatzeko, II. bertso-triki-poteo-afari mundiala antolatu genuen herrian; horretarako, bertsolari paregabe bi gonbidatu genituen: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Euskal Herriko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren.

Lantxo, Sertutxa, Lujanbio eta Arzallus
Arratsaldeko 7etan, Txitxarrako Lagun Etxea tabernan elkartu ginen, giroa triki-poteoarekin berotzen hasteko; Aner Sertutxa trikitilaria eta Iban Lantxo pandero-jotzailea ibili ziren gure herriko kaleak alaitzen. Gero 8etan, bertsolariak etorri ziren, eta triki-poteoa bertso-triki-poteo bihurtu zen. Arratsalde-gau ederrak izan genituen, ilargiak ere kuku egin zigun tarteka-marteka, hotza ere agertu zen gure artean (zenbaitek "fresko" esaten dioten hori), baina euririk ez, zorionez! Zoragarria izan zen bi bertsolariak Santurtziko kaleetan bertsotan entzutea, batzuontzat sinesgaitza. Ametsa zirudien! 

                                                        

Txitxarratik herriaren bestaldera joan ginen, Joan XXIII.a kalerantza. Wagon eta Kalea tabernetan entzun genituen afaldu aurreko azken bertsoak. Hamarrak aldera, tripa-zorriek hala aginduta, Mendizabal kalerantz abiatu ginen, bertan afaldu behar genuen eta, Marina jatetxean. Talde polita batu ginen mahai inguruan: 82 lagun. Ez zen izan marka makala, ez! Ederto afaldutakoan, bertsolarien txanda izan zen ostera ere. Euren maila paregabea erakutsi ziguten beste behin ere. Haiek barre-algarak eta txaloak haiek! Jendea txundituta utzi zuten. "Ze onak diren!" behin baino gehiagotan esan genuen geure artean. Ordu txikietara arte ibili ginen gustura bertsoak entzuten. Atsekabe txiki bat baino ez genuen izan: gure bideo-kamerak ez zuela leku gehiagorik grabatzeko esan zuenekoa, -aurten Olentzerori memoria gehiago eskatu beharko diogu -. Dena dela, gehiena grabatu ahal izan genuen, amaierako bertsoak izan ezik. Horiek gogoan gordeko ditugu han egon ginenok. Zer moduz igaro genuen iruditan gogoratu edo ikusi gura baduzu, hemen dauzkazu argazki gehiago eta laster Youtuben ere ikusi ahalko duzu.

Bai Esan, Lujanbio eta Arzallus bertsolariak, eta Sertutxa trikitilaria
Oharra: Argazkian ez gaude Bai Esaneko guztiak, hor batzuk falta dira, erdiak. Pena batzuk lehenago joan izana, eta beste batzuk etorri ez izana. Ea hurrengoan denok agertzen garen, denon lanari esker antolatzen ditugu horrelako ekitaldiak eta. 

Zorionak elkarteko guzti-guztioi! Horrelako ekitaldiei esker, Santurtzi gero eta euskaldunagoa eta bertsozaleagoa da eta. Ea hurrengoa, hiru urte barru barik, datorren urtean egiterik dugun!
 
Zorionak, Bai Esan! Urte askoan!!! 
Itxaso Antuñano Zeanuri




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.