2012-11-25

Egun magikoa gaurkoa Olentzerorenean!

Egun magikoa gaurkoa: Olentzerok etxean hartu gaitu Santurtziko euskaldunok eta. Batzuek ia gau osoa esna eman dute gaurko egunaren zain, Olentzero ikusteko irrikan, zer eskatu behar zioten pentsatzen: "Dena ipini ote dut eskutitzean? Ezin zait ezer ahaztu! Eta ikusten dudanean, zer esango diot? Ea, ikus dezagun: txintxo-txintxoa izan naizela, asko ikasten dudala, ez dudala gezurrik esaten...". 

Gaur goizean, basoko atearen ondoan batu gara denok, umeak eskutitzak eskuetan eta helduok gogoan, urduri-urduri Olentzero ikusi behar genuelako. Halako batean, atea ireki eta Mari Domingi agertu da, irribarre handia ahoan, ahots eztiz esan digu: "Egun on! Zuek Santurtziko lagunak zarete, ezta?". Bat-batean ume guztiek inguratu dute txundituta: "Bai, bai, Santurtziko lagunak gara" aho batez. "Ondo etorri Izenadubara! Sartu, sartu gure basora, Olentzero zain duzue Landetxo Goikoan eta. Haraino galtzagorri batek lagunduko dizue, eta bidean aurkituko dituzuen lagunak aurkeztuko. Txintxo ibili!". Galtzagorri bat agertu da gure ondoan: "Egun on, Santurtziko lagunak! Zatozte nirekin, Olentzero zain duzue eta". Gu, poz-pozik, haren atzetik joan gara. -Esan behar dugu gure galtzagorria pixka bat berezia zela, galtza beltzak zeramatzan eta. Baina tira, bere arrazoiak izango zituen!-. 

Atea zeharkatu bezain laster, Maritxu Tailetuko agertu da teilatu gainean, gu agurtzera: "Hara, hara, Santurtziko lagunak! Ondo etorri Izenadubara! Zuen zain geunden. Badakizue nor naizen, ezta? Nik, haginak jausten zaizkizuenean, batu egiten ditut eta zeruko laku magiko batera bota; tanta magiko batzuen modura, izar bihur daitezen. Horretarako, umeok, haginak teilatura bota behar dituzue edo bestela burkoaren azpian utzi eta niri deitu honela: Maritxu tailetuko, gona gorridune, eutsi hagin zaharra eta ekarri barrie! Eta ni berehala joango naiz bila. Ados? Orain zoazte, zoazte aurrera, Olentzero zain duzue eta. Gero ikusiko dugu elkar ostera ere". Eta bidean aurrera egin dugu.

 Bihurgune batera heldu garenean, andre eder bi agertu zaizkigu erreka ondoan ilea orrazten, eta galtzagorrik: "Emakume ederrak, ezta? Baina begiratu oinetara!". Eta guk: "Hara, ahateen oinak dauzkate: lamiak dira!!!". Eta eurek: "Bai, lamiak gara! Atsegin duzue gure basoa? Gu natura zaintzen dutenen lagunak gara; hondatzen dutenekin, aldiz, oso haserretzen gara. Ez ahaztu! Baina jarraitu, jarraitu ezazue aurrera, Euskal Herriko andrerik ederrena ere, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta guk, txintxo-txintxo, aurrera jarraitu dugu.

  Geroago, sorgin bat ere agertu zaigu, Mari Domingirena bezalako buruko zuria buruan, ukendu magikoak egiten: "Kaixo, santurtziarrok! Ondo etorri gurera, eta osasun-arazoren bat baduzue, badakizue non nagoen, hutsik egiten ez duen ukendua prestatuko dizuet! Eta orain jarraitu gure basoa gozatzen! Adiorik ez, hurren arte baizik!". Eta guk, sorginak esan bezala, basoaz gozatzen jarraitu dugu . Emakume jakintsuak gure sorginak! Sugar ere, Anbotoko Mariren senarra, bide-erdian azaldu zaigu eta eskerrak eman dizkiogu; izan ere, berak erabakitzen du Euskal Herrian zer-nolako eguraldia egin behar duen eta gaur, eguzki amandreak lagundu ez badigu ere, euriak ere ez, eta horri esker lasai-lasai ibili ahal izan gara basoan zehar. Berak honela erantzun digu: "Ez horregatik! Baina segi, segi aurrera! Emaztea-eta zain baitituzue apurtxu bat gorago!".

Eta hala izan da, apurtxu bat gorago, bidearen bihurgune batean Anbotoko Mari, Basajaun, Tartalo, galtzagorri bat, Maritxu Teilatuko eta Olentzero agertu dira. Baina ez benetakoak, irudi erraldoi batean zeuden margotuta, Sugarrek ziri txikia sartu digu. Orduan, gure galtzabeltza aurrean jarrita: "Jolas magikoa da, aukeratu bat eta, atzeko aldetik, aurpegia duen lekuan burua sartuta, une batez hura izango zarete". Eta, txandaka, hala egin dugu. Oso dibertigarria izan da: orain Anbotoko Mari, orain Olentzero, orain Tartalo...

Azkenean, bidearen amaieran, Landetxo Goikora heldu gara. A zer-nolako baserria: zoragarria! Handi-handia eta eder-ederra! Goitik behera, kanpotik eta barrutik harriz eta egurrez egina; haritzaren egurrez, gainera! Ataria oso-osorik egurrezkoa, baita aurrealdearen erdialdea ere, teilaturaino. Behin atea topatuta, eguzki-lorearen azpitik, barrura sartu gara. Bular barruan, taup-taup hasi zaigu bihotza: Olentzeroren etxean gaude! Hau poza eta ilusioa! 




 Atea zeharkatuta, sukaldera heldu gara: erdi-erdian, beheko sua eta, gainean laratzutik zintzilik, lapiko handia. Umeak suaren inguruan jesarri dira arineketan, antzina gure ahaideek egiten zuten legez, eta atzean helduok, geure galtzabeltzak zer kontatu behar zigun entzuteko. Gure buruen gainean, sabaiaren ordez, tximinia erraldoia egon da, kanpora barik, goiko pisura heltzen den tximinia; antzina, kea jatekoak kontserbatzeko erabiltzen zuten eta. Sua ere oso garrantzitsua zen, jakina, eta subilek, beheko suan erretzen ziren enbor sendoek, etxeko hainbat txokotan jarrita, pertsonak eta animaliak gaixotasunetatik babesten zituzten. Geuk ere horrelako babesa nahi genuenez, ate azpian egon den subilaren gainetik salto egin dugu. Hala egin behar ei da eta: gainetik jauzi, ez zapaldu ez beste barik pasatu, ez, jauzi egin behar da, jauzi! Eta horrela egin dugu denok, umeek zein helduok. Hortaz, osasuntsu ibiliko gara danok urte osoan! Urte oso baterako balioko ahal du!

Eta horrela, salto batez, baserri barruko baso magikora heldu gara. Bertan, Olentzero agertu zaigu ostera bere, baina oraingoan ere ez da izan benetakoa, alegiazkoa baizik. "Egun on, lagun maiteok! Zer moduz? Gozatzen zabilze? Hala espero dot. Badakit zuokaz geratu nintzena, baina Gabonak ate joka dagozanez, oso lanpetuta nabil opariak prestatzen, eta ezin izango naz garaiz heldu. Dena dela, nire lagun txiki batzuk aurkeztu gura dotsuedaz: galtzagorriak. Iratxo txiki onak dira, asko laguntzen deuste zuentzako erregaluak prestatzen, baina oso bihurriak ere badira, beti dabilz iheska. Lagunduko dostozue harrapatzen?" esan digu Olentzero birtualak. Eta guk, zelan ez, baietz esan diogu. Eta han ibili gara, zoko-moko guztietan galtzagorri bihurriak harrapatzen. Ondoren, beste areto batera joan gara, eta han txikienek txabola batean zeuden pilotatxuak kanpoko otzarara eraman behar izan dituzte, basoan adarrak biltzen diren bezalaxe, gero sua egiteko.

Han amaitutakoan, goiko solairura joan gara. Bertan, alegiazko Maritxu Teilatuko agertu zaigu beste behin ere, baina oraingoan pantaila batean, eta berarekin jolasean eta kantuan ibili gara: "Kolpe kolpe kolpeka, josi eta josi, josi eta josi, kolpe kolpe kolpeka, josi eta josirik zapatak. Haria hartu argizaria orratzean zatz! korapilo bat, korapilo bat!".

Ondoren, gure galtzabeltzak behera joan behar genuela esan digu, baina ez beheko solairura, beherago oraindino, etxe azpian dagoen leizera; han baten bat gure zain zegoela eta! Gu eskailerak jaisten hasi gara, harrituta, geure buruari galdezka: "Etxe azpian dagoen leizera? Eta nor ote dago han, bada, gure zain? Anbotoko Mari, agian? Osterantzean, nor?".

Heldutakoan: "Ene, Olentzero da eta! Hezur-haragizkoa, ez alegiazkoa! Kaixo, Olentzero!". Arineketan, haren ondora joan gara. "Kaixo, kaixo, laguntxuak! Zelan zagoze? Ondo pasatu dozue gure baso eta baserrian?". Eta umeak, banan-banan, haren altzora, eskutitza ematera eta Gabonetarako zer gura duten zuzenean belarrira esatera. Olentzerok ume guzti-guztiak altzoan gozo-gozo hartu eta gero: "Tira, neska-mutilok! Banoa, beharrean segidu behar dot eta! Txintxoak izan, e! Eta hilabete barru, Gabon gauean, zuen etxeetan agertuko naz, baina joan aurretik, opari bana daukat zuentzat!". Opariak eta bosteko bana eman ostean, kanpora irten gara, irribarrea ezpainetan, liluratuta: "Olentzerorekin berarekin egon gara. Sinestezina!".




Behin kanpoan, jolas-parke bitxia egon da. Bertan, jolasteko leku asko, gure txikiak, ikusi bezain laster, arrapaladan hasi dira leku guztietara igotzen. Bazter batean, Tartalo, begi-bakarra, zuhaitz bati igota, ardiak jan eta jan. Geure txikiak ere jan ez ditu, bada! "Kaixo, lagunok! Hau gosea! Zatozte, zatozte, zeuek ere jango zaituztet eta! Baina aurretik, joan zaitezte hor ezkerrean dagoen kobazulora, Euskal Herriko emakumerik ederrena, Anbotoko Mari, begira duzue eta!". Eta hala egin dugu, haitzetatik sartu eta han, hondoan, andre eder-ederra zegoen, adats eder luze-luzea urrezko orrazi batez orrazten: "Sartu, sartu! Ondo etorri nire haitzulora! Ni Mari nauzue, Euskal Herriko jainkosa nagusia. Zuen zain nengoen". Mariri hika egin behar zaio, ez zaio gezurrik esan behar eta ezin zara jesarri, berarekin hitz egin bitartean, berak hala eskatuta ere. Gure herriarentzat bakea eta askatasuna eskatu ondoren, sartu bezala atera gara leize-zulotik, Mariri bizkarra eman barik, tradizioak agindu legez. Ondoren, Basajaunen bila, labirintoan sartu gara. Erdian, baseliza txikia zegoen, eta kanpaiak jo ostean -zorte ona ematen omen du-, irteeraren bila hasi gara. Handik ateratakoan, aker beltzarekin egin dugu topo. Ipurdiko zuloan pa emateak zorte ona ematen duela eta, bana eman diogu. Etxe guztietan bana egoten zen lehen, ugalkortasunaren sinboloa zelako; eta akelarreetan, egoten zen gizonezko bakarra bera izaten zen.

Gure ibilaldiaren amaieran, berriro agertu zaigu Maritxu Teilatuko: "Kaixo, lagunok! Ondo pasatu duzue? Joan baino lehen, ikusi gura duzue nola egiten dudan lan? Igo zaitezte nire hegoen gainera eta lagundu iezadazue galtzagorri batek kendu didan hagina berreskuratzen!". Eta guk: "Baina Maritxu Teilatuko, gu handiegiak gara zure hegoen gainera igotzeko!" Berak: "Ene! Bai, bai, arrazoi duzue!" Eta hitz magikoak esanda, txiki-txiki bihurtu gaitu, beraren gainera igotzeko modukoak. Eta han joan gara hegan, haginaren bila!"

Hau bai egun magikoa hau! Eta hala izan bada edo izan ez bada, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!

Zer? Ez didazu sinisten? Pertsonaia horiek guztiak ez direla existitzen? Ez dela galtzagorririk? Ezta Olentzerorik, Anbotoko Maririk-eta ere? "Izena duen guztia da" dio esaera zaharrak. Ez esan ez dela, ikusi ez duzulako, Izenaduba! Bestalde, Maritxu Teilatukok esan bezala, irudimena eta sormena dira lagunik onenak, gura dugun guztia lortzeko. Beraz, zer edo zer benetan lortu gura baduzu, itxi begiak eta irudikatu! Baietz lortu!!!

Itxaso Antuñano Zeanuri



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.