2012-12-31
2012-12-19
Urtarrilean Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu, bazatoz?
Urtea ondo hasteko, Bai Esan euskara elkartekook Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu. Lehenengo eta behin, denboraren makinan sartu eta 13000 urte atzera egingo dugu, gure arbasoak Santimamiñe kobazuloan bizi ziren garaira arte. Geroago, erromatarren garaira joango gara, Foruko herrixka erromatarrera. Eta azken geldialdia Erdi Aroan egingo dugu, gure herrietako ordezkariak Gernikako Arbolaren azpian batzartzen ziren garaian amaituko da gure bidaia. Plan itzela, ezta? Ez itxaron gehiago, hartu agenda urtarrilaren 19a, larunbata, gorde eta, izena emateko, guri mezua bidali hona: baiesan@kaixo.com Arin ibili, lekuak mugatuak dira eta!!!
Gernikara joango gara, egun pasa urtarrilaren
19an, larunbata. Bizkaiko herri horrek, inguru paregabean kokatua, leku
interesgarri asko eskaintzen ditu eta Euskal Herriaren historiaren zati
garrantzitsu bat ezagutzeko toki ederra da! Horregatik, egun horretarako
hainbat ekintza antolatu ditugu, hona hemen gure egitaraua:
9:30ean Santurtzitik aterako gara autobusez Gernikarako bidean eta lehenengo
geldialdia, denboran mila urte atzera eginda, Santimamiñe kobazuloan
egingo dugu, Kortezubi herriko Basondo auzoan, Ereñozarre mendiaren hegoaldeko hegalean.
10:30ean ikustaldi gidatua egingo dugu Santimamiñen, ordu eta erdikoa. Gaur
egun, pinturen gela zein kobaren barruko garapena ikerkuntza beharretarako
mugatuta daude, eta jendearentzako itxita, kontserbazioa bermatu ahal izateko.
Baina horren lekuan interpretazio eremua
eta Santimamiñeko ermitan kobako bisita birtuala egingo dugu!
Horren ostean Omako basoa
edo Foruko aztarnategi erromatarra ikustera joango gara, eguraldiaren arabera.
Omako baso margotua 1980ko hamarkadaren erdi inguruan egin zuen Agustin Ibarrola artista
basauriarrak. Margoak arboletan daude eginda, hainbat esparru espazialetan
dauden arboletan, eta bloke tematiko bakoitzari sakontasun eta mugimendu
desberdinak eman zizkion.
Basoak bisitarien parte hartzea eskatzen du, bisitariak berak sortzen
edo apurtzen dituelako eszenak, hartzen duen kokalekuaren arabera.
Obra honek hiru dimentsiotan egindako figurak dimentsio bakarreko
oihal bihurtzen ditu, beti ere bisitaria leku egokian jartzen bada.
Basoak, gutxi gorabehera, 5 hektarea hartzen ditu eta Basobarri
mendiaren iparraldeko hegalean dago, Omako nukleorako jaitsieran.
Bestalde, Foruko erromatar herrixka Busturialdeko Forua udalerrian
dagoen arkeologia-gunea da, Bizkaiko erromatar aztarnategi garrantzitsuenetarikoa. Foruaren eta portuaren kokagunea izan zen. Batez ere, erromatar garaiko eraikinen hondakinak
dauzka, I. mende eta IV. mende artekoak.
Forua du izena, baina forum berbatik ei datorkio herri izena. Merkatu
erromatar garrantzitsua zena bere sasoian (k.o. I-V mende artean), gaur
egun herri txiki eta lasaia da. Bizkaiko aztarnategirik handiena dago Foruan. Kristo ondorengo I. eta V.
mendeen artean bizi izan zen jendea han eta burdina landu eta saldu
egiten zuten foruarrek. Historiak jasotzen duenez, burdina forjatzen
aritzen ziren Foruko bizilagunak; izan ere, forum edo merkatu hori
itsasotik penintsularako bidean truke-gune bihurtu zuten. Foruara Ebro
bailarako salgaiak iristen ziren eta itsasoz eramaten ziren eta baita
alderantziz ere. Gaur egun bidearen alde bietan ikusten dira orduko
eraikinen egiturak.
15:00etan bazkaldu egingo dugu, garagardotegian, menu gozoa eta merkea,
eta kafea Gernikan hartu.
16:30ean beste ikustaldi gidatua edukiko dugu, oraingoan Batzar Etxean, Bizkaiko erakunderik gorenaren egoitza, hain zuzen
ere.
Ikustaldi gidatuaren ostean
Gernika bisitatzeko denbora egongo da, arbolaren ondoan argazkiak egin, herritik paseoa
eman, edota Euskal Herria museoa bisitatzeko aukera ere, sarrera dohainik da eta! Museo horretan, kultura eta
tradizioen bitartez ezagutu daiteke Euskal Herriaren historia, baita euskal
kirola eta folklorea era interaktiboan ere.
Irati Cabello Artamendi eta Itxaso Antuñano Zeanuri
Etiketak:
2013ko urtarrilean,
Bai Esan,
Batzarretxea,
Euskal Herria museoa,
Forua,
Gernika,
Gernikako arbola,
Santimamiñe,
Santurtzi,
Santurtziko euskara elkartea,
txangoa
2012-11-28
EUSKARAREN EGUNA EGUNERO ETA ABENDUAREN 3AN ERE BAI
Euskararen eguna guretzat egunero da, egunero-egunero erabiltzen dugulako; hala ere, oraindino normaltasunez erabili ezin dugunez, Euskararen eguna ospatu egin behar, bada.
Santurtzin Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditugu euskalgintzan gabiltzanok. Ikusi, ikusi:
2012-11-26
EUSKARAZ BIZI GURA DUGU!!!
Larunbatean, azaroak 1, arratsaldeko 5etan, EUSKARAZ BIZI GURA DUGUla aldarrikatzeko manifestazioa Donostian, Kontseiluak deituta. Zatoz zeu ere!!!
Autobusa Santurtziko arkupeetatik irtengo da 3etan, eta manifestazioa amaitutakoan itzuliko.
Egun osorako joan gura baduzu, ostera, autobusa Barakaldoko epaitegiaren atzeko autobus-geltokitik aterako da 11:30ean, eta 7etan itzuliko.
Batean zein bestean izena emateko, idatzi hona: ezkerraldea@aek.org Prezioa: 10 €
2012-11-25
Egun magikoa gaurkoa Olentzerorenean!
Egun magikoa gaurkoa: Olentzerok etxean hartu gaitu Santurtziko euskaldunok eta. Batzuek ia gau osoa esna eman dute gaurko egunaren zain, Olentzero ikusteko irrikan, zer eskatu behar zioten pentsatzen: "Dena ipini ote dut eskutitzean? Ezin zait ezer ahaztu! Eta ikusten dudanean, zer esango diot? Ea, ikus dezagun: txintxo-txintxoa izan naizela, asko ikasten dudala, ez dudala gezurrik esaten...".
Gaur goizean, basoko atearen ondoan batu gara denok, umeak eskutitzak eskuetan eta
helduok gogoan, urduri-urduri Olentzero ikusi behar genuelako. Halako
batean, atea ireki eta Mari Domingi agertu da, irribarre handia ahoan, ahots eztiz esan digu: "Egun on! Zuek Santurtziko lagunak zarete, ezta?". Bat-batean ume guztiek inguratu dute txundituta: "Bai, bai, Santurtziko lagunak gara" aho batez. "Ondo etorri Izenadubara! Sartu, sartu gure basora, Olentzero zain duzue Landetxo Goikoan eta. Haraino galtzagorri batek lagunduko dizue, eta bidean aurkituko dituzuen lagunak aurkeztuko. Txintxo ibili!". Galtzagorri bat agertu da gure ondoan: "Egun on, Santurtziko lagunak! Zatozte nirekin, Olentzero zain duzue eta".
Gu, poz-pozik, haren atzetik joan gara. -Esan behar dugu gure
galtzagorria pixka bat berezia zela, galtza beltzak zeramatzan eta.
Baina tira, bere arrazoiak izango zituen!-.
Atea zeharkatu bezain laster,
Maritxu Tailetuko agertu da teilatu gainean, gu agurtzera: "Hara,
hara, Santurtziko lagunak! Ondo etorri Izenadubara! Zuen zain geunden. Badakizue nor
naizen, ezta? Nik, haginak jausten zaizkizuenean, batu egiten ditut eta
zeruko laku magiko batera bota; tanta magiko batzuen modura, izar bihur
daitezen. Horretarako, umeok, haginak teilatura bota behar dituzue edo
bestela burkoaren azpian utzi eta niri deitu honela: Maritxu tailetuko,
gona gorridune, eutsi hagin zaharra eta ekarri barrie! Eta ni berehala
joango naiz bila. Ados? Orain zoazte, zoazte aurrera, Olentzero zain
duzue eta. Gero ikusiko dugu elkar ostera ere". Eta bidean aurrera egin dugu.
Bihurgune batera heldu garenean, andre eder bi agertu zaizkigu erreka ondoan ilea orrazten, eta galtzagorrik: "Emakume ederrak, ezta? Baina begiratu oinetara!". Eta guk: "Hara, ahateen oinak dauzkate: lamiak dira!!!". Eta eurek: "Bai,
lamiak gara! Atsegin duzue gure basoa? Gu natura zaintzen dutenen
lagunak gara; hondatzen dutenekin, aldiz, oso haserretzen gara. Ez
ahaztu! Baina jarraitu, jarraitu ezazue aurrera, Euskal Herriko andrerik
ederrena ere, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta guk, txintxo-txintxo, aurrera jarraitu dugu.
Geroago, sorgin bat ere agertu zaigu, Mari Domingirena bezalako buruko zuria buruan, ukendu magikoak egiten: "Kaixo,
santurtziarrok! Ondo etorri gurera, eta osasun-arazoren bat baduzue,
badakizue non nagoen, hutsik egiten ez duen ukendua prestatuko dizuet!
Eta orain jarraitu gure basoa gozatzen! Adiorik ez, hurren arte
baizik!". Eta guk, sorginak esan bezala, basoaz gozatzen jarraitu dugu . Emakume jakintsuak gure sorginak! Sugar ere, Anbotoko Mariren
senarra, bide-erdian azaldu zaigu eta eskerrak eman dizkiogu; izan
ere, berak erabakitzen du Euskal Herrian zer-nolako eguraldia egin behar
duen eta gaur, eguzki amandreak lagundu ez badigu ere, euriak ere ez, eta horri esker lasai-lasai ibili ahal izan gara basoan zehar. Berak honela erantzun digu: "Ez horregatik! Baina segi, segi aurrera! Emaztea-eta zain baitituzue apurtxu bat gorago!".
Eta hala izan da, apurtxu bat gorago, bidearen bihurgune batean
Anbotoko Mari, Basajaun, Tartalo, galtzagorri bat, Maritxu Teilatuko eta
Olentzero agertu dira. Baina ez benetakoak, irudi erraldoi
batean zeuden margotuta, Sugarrek ziri txikia sartu digu. Orduan, gure
galtzabeltza aurrean jarrita: "Jolas magikoa da, aukeratu bat eta, atzeko aldetik, aurpegia duen lekuan burua sartuta, une batez hura izango zarete". Eta, txandaka, hala egin dugu. Oso dibertigarria izan da: orain Anbotoko Mari, orain Olentzero, orain Tartalo...
Azkenean, bidearen amaieran, Landetxo Goikora heldu gara. A zer-nolako
baserria: zoragarria! Handi-handia eta eder-ederra! Goitik behera,
kanpotik eta barrutik harriz eta egurrez egina; haritzaren egurrez,
gainera! Ataria oso-osorik egurrezkoa, baita aurrealdearen erdialdea
ere, teilaturaino. Behin atea topatuta, eguzki-lorearen azpitik, barrura
sartu gara. Bular barruan, taup-taup hasi zaigu bihotza:
Olentzeroren etxean gaude! Hau poza eta ilusioa!
Atea zeharkatuta, sukaldera heldu gara: erdi-erdian, beheko sua eta,
gainean laratzutik zintzilik, lapiko handia. Umeak suaren inguruan
jesarri dira arineketan, antzina gure ahaideek egiten zuten legez, eta
atzean helduok, geure galtzabeltzak zer kontatu behar zigun entzuteko.
Gure buruen gainean, sabaiaren ordez, tximinia erraldoia egon da, kanpora
barik, goiko pisura heltzen den tximinia; antzina, kea jatekoak
kontserbatzeko erabiltzen zuten eta. Sua ere oso garrantzitsua zen,
jakina, eta subilek, beheko suan erretzen ziren enbor sendoek, etxeko
hainbat txokotan jarrita, pertsonak eta animaliak gaixotasunetatik
babesten zituzten. Geuk ere horrelako babesa nahi genuenez, ate azpian egon den subilaren gainetik salto egin dugu. Hala egin behar ei da eta:
gainetik jauzi, ez zapaldu ez beste barik pasatu, ez, jauzi egin behar
da, jauzi! Eta horrela egin dugu denok, umeek zein helduok. Hortaz, osasuntsu ibiliko gara danok urte osoan! Urte oso baterako balioko ahal du!
Eta horrela, salto batez, baserri barruko baso magikora heldu gara.
Bertan, Olentzero agertu zaigu ostera bere, baina oraingoan ere ez da izan
benetakoa, alegiazkoa baizik. "Egun on, lagun maiteok! Zer moduz?
Gozatzen zabilze? Hala espero dot. Badakit zuokaz geratu nintzena,
baina Gabonak ate joka dagozanez, oso lanpetuta nabil opariak prestatzen,
eta ezin izango naz garaiz heldu. Dena dela, nire lagun txiki batzuk
aurkeztu gura dotsuedaz: galtzagorriak. Iratxo txiki onak dira, asko
laguntzen deuste zuentzako erregaluak prestatzen, baina oso bihurriak
ere badira, beti dabilz iheska. Lagunduko dostozue harrapatzen?" esan
digu Olentzero birtualak. Eta guk, zelan ez, baietz esan diogu. Eta
han ibili gara, zoko-moko guztietan galtzagorri bihurriak harrapatzen.
Ondoren, beste areto batera joan gara, eta han txikienek txabola
batean zeuden pilotatxuak kanpoko otzarara eraman behar izan dituzte,
basoan adarrak biltzen diren bezalaxe, gero sua egiteko.
Han amaitutakoan, goiko solairura joan gara. Bertan, alegiazko Maritxu
Teilatuko agertu zaigu beste behin ere, baina oraingoan pantaila
batean, eta berarekin jolasean eta kantuan ibili gara: "Kolpe kolpe
kolpeka, josi eta josi, josi eta josi, kolpe kolpe kolpeka, josi eta
josirik zapatak. Haria hartu argizaria orratzean zatz! korapilo bat,
korapilo bat!".
Ondoren, gure galtzabeltzak behera joan behar genuela esan digu, baina
ez beheko solairura, beherago oraindino, etxe azpian dagoen leizera; han
baten bat gure zain zegoela eta! Gu eskailerak jaisten hasi gara,
harrituta, geure buruari galdezka: "Etxe azpian dagoen leizera? Eta nor ote dago han, bada, gure zain? Anbotoko Mari, agian? Osterantzean, nor?".
Heldutakoan: "Ene, Olentzero da eta! Hezur-haragizkoa, ez alegiazkoa! Kaixo, Olentzero!". Arineketan, haren ondora joan gara. "Kaixo, kaixo, laguntxuak! Zelan zagoze? Ondo pasatu dozue gure baso eta baserrian?".
Eta umeak, banan-banan, haren altzora, eskutitza ematera eta
Gabonetarako zer gura duten zuzenean belarrira esatera. Olentzerok ume
guzti-guztiak altzoan gozo-gozo hartu eta gero: "Tira,
neska-mutilok! Banoa, beharrean segidu behar dot eta! Txintxoak izan, e!
Eta hilabete barru, Gabon gauean, zuen etxeetan agertuko naz, baina
joan aurretik, opari bana daukat zuentzat!". Opariak eta bosteko bana eman ostean, kanpora irten gara, irribarrea ezpainetan, liluratuta: "Olentzerorekin berarekin egon gara. Sinestezina!".
Behin kanpoan, jolas-parke bitxia egon da. Bertan, jolasteko leku asko,
gure txikiak, ikusi bezain laster, arrapaladan hasi dira leku
guztietara igotzen. Bazter batean, Tartalo, begi-bakarra, zuhaitz bati
igota, ardiak jan eta jan. Geure txikiak ere jan ez ditu, bada! "Kaixo, lagunok! Hau gosea!
Zatozte, zatozte, zeuek ere jango zaituztet eta! Baina aurretik, joan
zaitezte hor ezkerrean dagoen kobazulora, Euskal Herriko emakumerik
ederrena, Anbotoko Mari, begira duzue eta!". Eta hala egin dugu,
haitzetatik sartu eta han, hondoan, andre eder-ederra zegoen, adats eder
luze-luzea urrezko orrazi batez orrazten: "Sartu, sartu! Ondo etorri nire haitzulora! Ni Mari nauzue, Euskal Herriko jainkosa nagusia. Zuen zain nengoen".
Mariri hika egin behar zaio, ez zaio gezurrik esan behar eta ezin zara
jesarri, berarekin hitz egin bitartean, berak hala eskatuta ere. Gure
herriarentzat bakea eta askatasuna eskatu ondoren, sartu bezala atera gara leize-zulotik, Mariri bizkarra eman barik, tradizioak agindu
legez. Ondoren, Basajaunen bila,
labirintoan sartu gara. Erdian, baseliza txikia zegoen, eta kanpaiak jo
ostean -zorte ona ematen omen du-, irteeraren bila hasi gara. Handik
ateratakoan, aker beltzarekin egin dugu topo. Ipurdiko zuloan pa emateak zorte ona ematen duela eta, bana eman diogu. Etxe guztietan bana egoten zen lehen, ugalkortasunaren sinboloa zelako; eta akelarreetan, egoten
zen gizonezko bakarra bera izaten zen.
Gure ibilaldiaren amaieran, berriro agertu zaigu Maritxu Teilatuko: "Kaixo,
lagunok! Ondo pasatu duzue? Joan baino lehen, ikusi gura duzue nola
egiten dudan lan? Igo zaitezte nire hegoen gainera eta lagundu iezadazue
galtzagorri batek kendu didan hagina berreskuratzen!". Eta guk: "Baina Maritxu Teilatuko, gu handiegiak gara zure hegoen gainera igotzeko!" Berak: "Ene! Bai, bai, arrazoi duzue!"
Eta hitz magikoak esanda, txiki-txiki bihurtu gaitu, beraren gainera
igotzeko modukoak. Eta han joan gara hegan, haginaren bila!"
Hau bai egun magikoa hau! Eta hala izan bada edo izan ez bada, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!
Zer? Ez didazu sinisten?
Pertsonaia horiek guztiak ez direla existitzen? Ez dela galtzagorririk?
Ezta Olentzerorik, Anbotoko Maririk-eta ere? "Izena duen guztia da" dio
esaera zaharrak. Ez esan ez dela, ikusi ez duzulako, Izenaduba!
Bestalde, Maritxu Teilatukok esan bezala, irudimena eta sormena dira
lagunik onenak, gura dugun guztia lortzeko. Beraz, zer edo zer benetan
lortu gura baduzu, itxi begiak eta irudikatu! Baietz lortu!!!
Itxaso Antuñano Zeanuri
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)