2012-06-24

II. bertso-triki-poteoa jaietan!!!

Karmen egunean, garagarrilak 16, astelehena, arratsaldeko 7:30ean, II. bertso-triki-poteoa Santurtziko portuan, txosnetako euskalgunean, Bai Esan euskara elkarteari eta Santurtziko EHEri esker, geure txosnan hasita. Iaz bezala, aurten ere txosnaz txosna ibiliko gara, bi bertsolari aparta lagun ditugula: Jon Maia gipuzkoarra eta Sustrai Colina lapurtarra, biak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak hainbat alditan. Etorriko zara, ezta?
 
Bertso-triki-poteoa gure txosnan hasiko da!!! Bai, ondo irakurri duzu, aurten bigarren urtez izango dugu txosna, EHErekin batera. Horixe izango da gure diru-iturri bakarra. Txosnan ateratako diruari esker antolatzen ditugu horrelako ekitaldiak bai jaietan, bai hilero. Beraz, jaietan, egiguzu bisita!!! GORA AUTOGESTIOA!!!
Hori da gurea! Hor hasiko da!



 Iaz I. bertso-triki-poteoa jaietan egin genuen. Eta izugarri ondo pasatu genuen, ikusi nahi duzu? Bada, klikatu hemen: Ondo bai ondo jaietako bertso-triki-poteoan.
Aurten etorriko diren bertsolariek ez dute aurkezpen handirik behar, baina ezagutzen ez badituzu edo gehiago jakin nahi baduzu, hemen dituzu biografiak:

 Jon Maia Soria (Urretxu, Gipuzkoa, 1972ko abenduaren 24) bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, itzultzailea eta kultura eragilea da. Euskal Filologia lizentziaduna da, eta Zumaian du bizilekua. 1997, 2001, 2005 eta 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan finalista.
Urretxun jaio zen, baina sei urte zituela, Zumaiara joan zen bizitzera. Zortzi urte eman zituen Gasteizen bizitzen; hango bizimoduak eragin handia izan zuen Jon Maiarengan. Euskal Filologiako lizentziaduna da, eta itzultzaile lanean aritzen da. 1990ean atxilotu egin zuten Espainiako Segurtasun Indarrek, arrazoi politikoak zirela medio, eta horrek ere arrasto sakona utzi zion. Euskal prentsan kazetari eta kolaboratzaile aritu da, iritzi-emaile. Euskal Herriko musika talde askorentzat idatzi izan ditu abestien letrak. Karidadeko benta musika taldeko kide ere izan zen eta hiru disko argitara eman zituzten. Idazle lanetan ere jarduten du. Bestalde, hainbat ikus-entzunezko egin ditu: Bidaia intimoak dokumentala (2009), zuzendari eta gidoilari (Orio produkzioak, Korrika); Kresala aretora 2007an ekarri genuen Apaizac Obeto dokumentala (2010), zuzendari eta gidoilari (Orio produkzioak); Gazta zati bat dokumentala (2012), zuzendari eta gidoilari (Nazioen mundua).
Bertsoarekin lehen harremana eskolan izan zuen, eta Zumaiako Bertso eskolan trebatu zen. Joanito Dorronsoro bertso-doinu biltzaile eta ikertzailea izan zuen irakasle. 1997an, 2001ean eta 2005ean, Txapelketa Nagusiko azken saiora iritsi zen, eta 2003ko Gipuzkoako Txapelketan ere finalean izan zen.
Bat-bateko bertsoa formatu berrietara eraman nahian, bertso trama izeneko ikuskizuna sortu zutenetakoa izan zen. Gaur egun, bertsogintza du bere jarduera nagusietakoa.

Sustrai Colina Akordarrementeria 1982ko urriaren 20an jaio nintzen eta betidanik Urruñan bizi naiz. Baionako unibertsitatean zuzenbidean lizentziatua naiz, eta gaur egun Argia aldizkarirako elkarrizketak egiten ditut. 2001, 2005 eta 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan finalista, eta 2008ko Iparraldeko Txapelketako txapeldunordea.
Ikastolan egin zituen lehen ikasketak. Pilotazale amorratua, esku huska pilotan aritu zen bost urte zituenetik hamazazpi urte bete arte. Egun, bertsolaritzan dabil buru-belarri: bertsotan aritu ez ezik, irakatsi ere egiten du, Hendaian. Bertso saioetan ere kantukide ohikoena duen Amets Arzallusekin batera dihardu bertso irakasle.
Gainera, zutabeak idazten ditu Berria egunkarirako, eta elkarrizketak Argia astekarirako.
Bertsolari ibilbidea: Donostian egin zuen bere lehen plaza, 1992an, Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan. Ordutik aurrera hainbat txapelketetan parte hartu izan du; 2000an Iparraldeko Bertsolari Gazteen txapelketa irabazi zuen, eta, nagusien mailan, 2000 eta 2003 arteko Nafarroako txapelketetan parte hartu du, baita 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere (finalista izan zen bi hauetan). 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalera heldu zen, eta seigarren izan zen.

MIntza Eguneko bideoaren emanaldia

Ostiralean, ekainak 29, arratsaldeko 7etan, Mintza Egunean grabatu genuen bideoa ikusiko dugu Dorretxean. Baietz zeu ere agertu! Eta gero, elkarrekin poteatzera joango gara, ikasturteari amaiera emateko. Bazatoz?
Badakizuenez, ekainaren 2an, Euskal Herriko VII. Mintza Eguna ospatu genuen Santurtzin. Bertan Euskal Herriko lau ertzetako berbalagunak (solaslagunak, mintzalagunak, solaskideak, mintzakideak...) batu ginen herrian, geure eguna ospatzeko. Santurtziarrontzat oso egun garrantzitsua, aspaldian ez genuen horrelako egunik herrian eta. Euskal Herriko herrialde guztietako euskaldunak batu ginen, mingainak eta gorputzak euskaraz astintzeko. Eta ondo astindu ere, goizetik gauera arte, lotu barik. Egun itzela izan zen! Ikusi nahi baduzu, badakizu: zatoz ostiralean gurekin ikustera!!!
 Itxasoaz










2012-06-17

Irakurri, gozatu eta oparitu: maiatzeko sariduna

Aurten, lehenengo aldiz, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan, bi erosketa-txartel zozketatuko ditugu parte-hartzen duzuenon artean, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko; irakurtzen eta gozatzen jarrai dezazuen lagunduko duten erosketa-txartelak: bata maiatzean liburutegian eta bestea ekainean liburu-dendan. 

Mintza Egunean, saridunak-eta oholtza gainean
Zozketa-unea, liburutegian
Lehendabizikoa lehengo egunean, ekainaren 1ean, egin genuen liburutegian. Parte hartu zuten guztien izenak kutxa batean sartu, liburutegian bertan zegoen ume bati bat ateratzeko eskatu, eta hara: June Santin Contreras portugaletetarrari egokitu zitzaion. Saria 30 €-ko erosketa-txartela da, liburu-dendan gastatzeko. Zorionak, June, gozatu, gehiago irakurriz!

Saria, hurrengo egunean eman zitzaion, ekainaren 2an, Mintza Egunean; eta neba bikiarekin batera etorri zenez, biak igo ziren oholtza gainera, harro-harro eta poz-pozik (seguru asko, saria ere partekatu egingo dute, baina hori Junek erabaki beharko du), eta, Alfre Elgezabal aurkezlearen galderak erantzun ondoren, han zuten Bai Esaneko Juanan Sanabria zain, saria emateko. 

Junek irakurri zuen eta saria egokitu zitzaion, zeuri ere gerta dakizuke. Eta gertatzen ez bazaizu ere, liburutegian dagoen liburu bat irakurtzeagatik, % 25eko beherapena izango duzu, horixe berori edo beste edozein erosteko; eta Bai Esan elkarteko kidea bazara, % 50ekoa, prezio erdian. Gogoratu hileon ere Irakurri, gozatu eta oparitzeko aukera dugula Santurtzin, ekainaren 30era arte.
Itxasoaz 
June Santin Contreras eta neba bikia. Zoriooonak!!!
Oharra: AURTEN ERE IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU!!! AUTOGESTIOARI ESKER!!! Argitu behar dugu, esku-orrietan udalaren logoa agertzen bada ere, ez dugula udaletik dirurik jasotzen, ez kanpaina honetarako, ez ezertarako ere. Kanpaina hau abian jarri da Santurtziko EHEri eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Ekitaldiak antolatzeko dirua bazkideen kuotetatik eta, batez ere, Karmengo jaietan EHErekin batera ipintzen dugun txosnan lortzen dugu. Logoari dagokionez, kanpaina udal liburutegian egiten delako agertzen da, besterik ez.

Joseba Felix Tobar-Arbulurekin berbetan

Lehengo egunean, maiatzak 16, Joseba Felix Tobar-Arbulu ingeniaria eta EHUko irakaslea Dorretxera gonbidatu genuen, bizi dugun krisialdiaz berba egin ziezagun. Bai etorri ere; musu truk, gainera! Eskerrik asko, Joseba! Eskerrik asko, deitzen dizugun guztietan etortzeagatik ere bai.

Zinez, interesgarria esan ziguna! Orain askoz hobeto ulertzen dugu egunero-egunero pairatu eta hainbeste kezkatzen gaituen krisialdi madarikatu hori; orain badakigu zelan sortu zen, nortzuek eraginda, zeintzuk diren irtenbideak, orain badakigu austeritateaz eta murrizketez aparte, badirela bestelako irtenbideak, askoz eraginkorragoak direnak, gainera. Orain badakigu zein den Alemaniaren rola, zeintzuk diren egoera honen benetako eragileak eta zergatik... Orain Joseba Felix Tobar-Arbuluri esker jantziago gaude gai korapilatsu horretan. Orain badakigu ez dela hain korapilatsua, baina batzuei komeni zaiela korapilatsu iruditzea. Orain, zuri esker, Joseba, badugu benetako krisiaren berri. Beste behin ere, eskerrik asko! Eta eskerrik asko etorri zineten guztioi ere bai. Zuei esker ere jarraitu ahal dugu euskara elkartekook horrelako ekitaldiak antolatzen eta.

Etorri ez zinetenok jakin-mina baduzue, zeuek ere jantziago egon nahi baduzue, lasai egon! Josebak berbaldian esandakoa helarazi digu gure blogean ipini dezagun eta. Hemen daukagu, denok lasai-lasai eta patxadaz irakurri ahal izateko, guztioi interesatzen zaigun gaia da eta.

Amaitzeko, barkatu eragozpenak! Orain arte ezin izan dugu horren berri eman, batez ere Mintza Eguna antolatzen, oso lanpetuta ibili garelako. 
Itxasoaz

2012-06-16

Uxue Alberdi Estibaritzekin berbetan

Uxue Alberdiren hitzaldia izan zen ostegunean, ekainak 14, herriko dorretxean, badakizue.
Ongietorria emateaz arduratu zen pertsonak emakume, ama, kazetari, bertsolari eta idazletzat aurkeztu zuen hizlaria, eta ez zekiela horietariko zein etorriko zitzaigun esan ere esan zuen. Alberdik erantzun zion guztiak izaten saiatuko zela, bereizezinak baitira, azken finean. Eta ondo baino hobeto frogatu zuen.
Bere burua aurkezteko irakurri zigun poeman (“Ni naiz”), biluzi egin zen, bere emakumetasuna agerian utziz, bere emetasuna eta bere feminismoa argi utziz, ... Guztiok ahoa bete hortz utziz.
Berdin gertatu zen emakumeen omenez kantatu zigun bertsoarekin (“Konplize ditut eta maite ditut denak”).
Amatasunari kantu ederra egin zion bere alabaren jaiotzari buruzko bertso hunkigarriarekin (“Erditze baten kronika”).
Izan ere, kronista ona da Uxue Alberdi. Kazetari lan fina egiten du bere inguruko guztia iritzi kritikoz begiratzean. Errealitatearen alderdi desberdin askoak kontuan hartzen saiatzen da, hitzaldi osoan erakutsi zigun legez.
Bertsolari gisa agertu zitzaigun, esan dudan bezala, bertso bat baino gehiago kantatu zuen eta. Bestalde, esparru horretan oraindik ere ematen diren gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak izan ziren hizpide, beste bitxikeria batzuez gain.
Idazleak bere sortze-prozesuaz hitz egin zigun, bere etorri literarioaz, esku artean dituen lanez, bere egitasmoez.
Baina baziren gurekin beste Uxue batzuk (zilegi bekit dagoeneko izena bakarrik erabiltzea), hala nola: Uxue bikotekidea, Uxue irakurlea, Uxue laguna, …
Emakume osoa, zentzu guztietan.
Juanan

2012-06-10

Agurtza atunketaria ikustera berriro!!!

Aurten ere Agurtza atunketaria ikustera joango gara, baina oraingoan arrantzale santurtziar euskaldun batek emango dizkigu azalpenak. Ekainaren 30ean, zapatuan, joango gara, txanda bitan: lehenengoa goizeko 11etan eta bigarrena jarraian, 12etan. Zeuk ere etorri nahi baduzu, idatzi iezaguzu mezua lehenbailehen email honetara: baiesan@kaixo.com. Azkar ibili, lekuak mugatuak dira eta!!!


Santurtziar gehienok gure arrantzaleak itsasoratzen eta lehorreratzen direnetan ikusten ditugu. Arrain freskoa ekartzen dute gure portura, eta batzuk hantxe bertan saltzen dituzte. Baina gutxik dute bertatik bertara beharrean ikusteko aukera. Gutxi kezkatzen dira arraina zelan arrantzatzen duten jakiteaz, eta, kezkatzen direnen artean, gutxik dute horren berri arrantzaleengandik eurengandik izateko aukera. Oraingoan, berriz, izango dugu. Lupi (Joseba Lupiola) arrantzale santurtziarraren ahotik, itsasoan zelan egiten duten arrantzan jakingo dugu, euren bizipenak, pasadizoak, trikimailuak...  Eta bururatzen zaizkigun zalantzak edota galderak egin ahalko dizkiogu Lupiri.

Iaz joan ginen lehenengo aldiz arrantza-ontzia ikustera, eta, izugarri gustatzeaz gain, primeran igaro genuen. Gure kronika irakurri nahi baduzu edota argazkiak ikusi, klikatu hemen.
 
Itxasoaz

2012-06-09

Uxue Alberdiren berbaldia

Uxue Alberdi Estibaritz
Ostegunean, ekainak 14, Uxue Alberdi Estibaritz idazle, kazetari eta bertsolari elgoibarrak bere liburuen gainean egingo digu berba, Dorretxean, Rompeolas aretoan, arratsaldeko 7etan. Sarrera dohainik, Bai Esan euskara elkarteari esker. Ezin duzu galdu!!!

Bestalde, gogoratu Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina duzuela liburutegian ekainaren 30era arte. Maiatzean 30 €-ko txekea zozketatu genuen liburutegian, parte-hartzaileen artean: sariduna June Sandin izan zen. Ekainean ere zozketatuko dugu, baina oraingoan liburu-dendan, liburuak erosten dituztenen artean. GOZATU EUSKARAZ IRAKURRIZ, BESTEAK BESTE!!!

Oharra: Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren esku-orrietan udalaren logoa udal liburutegia erabiltzen dugulako bakarrik agertzen da, udalak ez digu inolako laguntzarik ematen-eta, ez kanpaina honetarako ez ezertarako ere. Autogestioari esker ordaintzen ditugu ekitaldi guztiak!!!

2012-05-13

Bizi dugun krisialdia!


Komunikabideetan, “adituen” solasaldietan, tabernetan, bazkalosteetan eta, batez ere, gure patriketan, krisialdia presente dugu. Eta arrazoirik badago, egoera ekonomikoak guztioi baldintzatzen digu bizitza eta.
Baina ulertzen dugu krisia? Gure bizimoduak gobernatzen dituztenek esandakoa, egia da? Berez sortua da krisia?
Boteretsuen ordezkarien ahotsez gain, beste batzuenak ere entzun behar ditugu, pentsamendu kritikoa eratu ahal izateko.
Horietariko ahots bat dugu Joseba Felix Tobar Arbulu ingeniaria, soziologian masterra eta EHUko irakaslea.
Eta guk, santurtziarrok, bere ahotsa entzuteko eta bere ideiak ezagutzeko parada izango dugu asteazken honetan, maiatzak 16, 20:00etan Dorretxean, Igarillo aretoan izango den hitzaldian.
ETORRI ETA ENTZUN BESTELAKO AHOTS JAKITUN BAT, NAHIKOA IRUZUR KONTATU DIGUTE ETA!

2012-04-29

MINTZA EGUNA, SANTURTZIN!!!

Aurten, Mintza Eguna, Euskal Herriko berbalagun guztion eguna, Santurtzin ospatuko dugu ekainaren 2an. Horretarako, egitarau mundiala prestatzen gabiltza! Ezin duzu galdu. Hartu agenda eta erreserbatu eguna gurekin egoteko! Ez zaizu damutuko, ondo baino hobeto pasatuko duzu eta.

Ekainaren 2an goizeko 11etan Santurtziko portuan elkartuko gara euskaraz bizi nahi dugunok. ZEUK ERE EUSKARAZ BIZI NAHI BADUZU, ZATOZ GUREKIN!!!

Hona hemen, behin-behineko egitaraua:

11:00 Ondoetorria eta hamaiketakoa portuan, Bihotz Gaztea kantu-taldeak eta Mamarigako Kultur Etxeko txalapartariek eta bertsolarigaien bertso-jarriek lagunduta.
12:00 Ibilaldi gidatua herritik berbalagunon eskutik / Gurasolagun eta umeentzako jolasak parke nagusian
13:30 Berba kalejira, Maskarrada taldearekin.
14:30 Bazkaria Gernika parkean (20 €)*
16:00 Sari-banaketa eta bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Iñaki Apalategi
17:00 Euskal erromeria, Aldats taldearen eskutik.
20:00 Kantu-triki-poteoa, Dangiliske taldearen eskutik

* Bazkari-txartelak AEKn dituzu salgai dagoeneko, maiatzaren 23ra arte, (zeliakoa edo barazkijalea bazara, esaiozu izena hartzen dizunari) . Umeentzako bazkaria ere egongo da, 10 €-koa. Ez itxaron azken unera arte, lekuak mugatuak dira eta!

Menu gozo-gozoa: 1. oilasko-paella, 2. txahal-masailak txanpiñoi eta patata paristarrekin, postrea, ardoa eta kafea.




Hurrengo egunean, domekan, ekainak 3, Ibilaldia izango dela kontuan hartuta, gaua Santurtzin eman dezakezue kanpotik etorriko zaretenok. Hona hemen ostatuen estekak:

Santurtziko ostatuak: http://turismo.santurtzi.com/eu/alojamientos.aspx
Barlovento ostatua:  http://www.pensionbarlovento.blogspot.com.es/
Iruña ostatua http://www.pensioniruna.com/habitaciones.htm

Eta aurten, lehenengo aldiz, Mintza Egunak kanta ere badu. Abestia ere egin dugu zu gonbidatzeko, hona hemen:



Santurtziko portuan!
Noz? Ekainaren 2an.
Santurtziko portuan,
goizeko hamaiketan.
Bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
TXO, berbalagun guztiak!!!
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
Bai Esanek dino.

Santurtziarrak gara eta
euskara dogu hizkuntza.
Berbalagunak gara eta
euskarak batzen gaitu.
Zeuk ere gura badozu.
Zeuk ere gura badozu.
Zeuk ere gura badozu.
ÑO! Zatoz gugaz batera.
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
ekainaren 2an.

Euskaraz bizi gura dogun
santurtziarrak gara.
Astean behin alkartuuta,
gogotsu ibiltzen gara.
Jaietan zein oporretan,
Jaietan zein oporretan,
Jaietan zein oporretan,
TXO! Gure hizkuntza ahoan.
Atsegin dot, atsegin dot
berbalagun izatea;
atsegin dot, atsegin dot,
euskaldun naz eta.

Santurtziko portuan!
Noz? Ekainaren 2an.
Santurtziko portuan,
goizeko hamaiketan.
Bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
bertan alkartuko gara,
ÑO! Berbalagun guztiak!!!
Egixe da, egixe da,
Mintza Eguna dogulako.
Egixe da, egixe da,
Bai Esanek dino.

Doinua: Bermioko portuan, herrikoia
Hitza: Itxaso Antuñano Zeanuri

Abeslariak: Santurtziko berbalagunak
Kantu-zuzendaria: Lorea Artetxe
Soinu-jotzailea: Marina Gutierrez
Soinu-teknikaria: Juanpe Salvador
Bideo-egilea: Urko Rio
Otzarak: Bihotz Gaztea dantza-taldea

Doinua entzuteko, klikatu hemen.

Gure bideoaren kronika:

Kantaren hitza eta bideoa grabatzearen ideia neureak badira ere, bideo hau hor agertzen garen guztion (eta agertzen ez diren batzuen) artean egin dugu.

Kanta egin ostean, taldez talde joanda, berbalagun talde handia batu nuen kantatzeko, hainbat taldetako lagunak, eta entseatzen hasi ginen. Gainerakoa, batetik eta bestetik lortu genuen: Josek bazuela bideo-kamera; Nereak Benito, itsasontziaren jabea, ezagutzen zuela. Mamarigako Kulturreko Urkok grabatu egingo zuela. Trikitilari bati esan, eta baietz, berak joko zuela. Ez zen erraza izan grabatzeko eguna aukeratzea, baina denbora gutxi geneukan eta lehenbailehen egin behar. Beraz, entsegu bi egin ostean (a capela, gainera, trikitilaria ezin izan zen etorri eta; zuzendaria, ordea, bai: Lorea Artetxe, laguntza ederra!), eguna aukeratu nuen eta aurrera. Saioetan ibili ziren batzuk ezin izan ziren etorri; dena den, haiei ere eskerrak eman nahi dizkiet, honen guztiaren parte ere badira, bideoan agertu ez arren.

Maiatzaren 6a aukeratu nuen grabatzeko, Santurtziko portuan eta gero parke nagusian. Eguraldiaren beldur ginen, txarra zegoen iragarrita eta; hala ere, ausartu eta joan egin ginen. Eguzki amandrearekin hitzordua geneukan eta ez zigun kale egin (trikitilariak ez bezala). Atsekabeak eta malkoak ere egon ziren, ez pentsa, eta ez nolanahikoak, grabaketa bertan behera uzterainokoak, gainera. Hala eta guztiz ere, azkenean grabatu egin genuen, entseguetan bezala: a capela, baina ederto baten. Egun ederra izan zen, primeran pasatu genuen, eta, bide batez, herria alaitu genuen. Maiatzaren 10ean, arineketan soinu-jotzailea bilatu ostean, Juanperen estudioan grabatu genuen Mamarigan. Marina Gutierrez soinu-jotzailearekin estudioan bertan behin entseatu eta grabatzeari ekin genion.


Berbalagunak: Jose, Nerea, Irati, Lorea, Marijo, Zulema, Gladys, Rosana, Juanan, Bego, Amaia, Yoli, Gontzal, Eva, Marian, Balen, Luis, Oihane, Ane eta ni, Itxaso.

Laguntzaileak: Inma eta senarra, berari eta Faniri esker lortu nituen Bihotz Gaztea dantza-taldearen otzarak. Eta, gainera, argazkiak ateratzen eta zaintzen ibili ziren, inor sar ez zedin erdian guk grabatu bitartean.

Hara hor, gure kronika. Arineketan eginda dena, gorabeherez beteta, baina lortu genuen, eta ez da gutxi. Eskerrik asko bihotz-bihotzez zelan edo halan parte hartu duzuen guzti-guztioi, musu bana.

Itxaso Antuñano Zeanuri

Hona hemen grabaketa argazkitan, grabaketaren erreportajeak: lehenengo luzea eta gero laburra:




2012-04-10

Aurten ere Irakurri, gozatu eta oparitu!

Aurten ere, seigarren urtez, BAI ESAN euskara elkartekook Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina jarriko dugu abian, apirilaren 23tik ekainaren 30era.

Urtero-urtero, elkartea sortu genuenetik, antolatu dugu irakurketa sustatzea helburu duen egitasmoa. Aurten baina, hainbat aldaketa egongo dira: alde batetik, epea laburragoa izango da, hiru hilabete barik, bi iraungo du: Liburuaren Nazioarteko Egunetik, apirilaren 23tik, alegia, ekainaren 30era; eta bestetik, hainbat sorpresa egongo dira, esaterako, hilero (maiatzean eta ekainean) liburutegian 30 €ko erosketa-txeke bat zozketatuko da, parte-hartzaileen artean.


«Penak elefanteak dira, eta bizkarrera igotzen zaizkizu. Pozak zaldiak dira, eta zure oinei eragiten diete. Amodioa inurriak dira, eta gorputz osora zabaltzen zaizkizu». Ez dakit horren hitz gutxirekin gehiago esaterik ote dagoen. Hitzak Juan Kruz Igerabideren poema batenak dira, eta gutxi-asko bizitza bere osotasunean jasotzen dute.

Baina Igerabideren hitzak bezain egokiak dira Johnson doktorearenak: «Zer egiten du liburu on batek? Ba, oinazea arindu oinazean bizi denari, eta poza areagotu pozik bizi denari». Beraz, irakurri, gozatu eta oparitu!  Patxi Zubizarreta

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoak irakurtzeko gogoa kutsatu nahi du, eta poza, eta ahal dela penak arindu eta inurriak zabaldu. Hainbat irakurtzaleren artean ehun liburuko zerrenda lagungarria osatu dugu, baina apirilaren 23tik ekainaren 30era bitartean, liburutegi osoa izango duzu eskura: euskarazko liburu bat hautatu, irakurri, fitxa batean sentitu dituzun elefante, zaldi eta inurrien berri laburra eman, eta euskarazko edozein liburu % 25 merkeago erosi ahal izango duzu zeure herriko liburu-dendetan (Pagazaurtundua kaleko Temasen edo Mamarigako Itsasoko Ama Birjina plazako Arkupen), beste norbaiti opari egiteko, edo zeure buruari, merezi duzu eta. Baina adi! BAI ESAN euskara elkarteko bazkidea izanez gero,  beste % 25eko deskontua izango duzu liburua eskuratzeko, % 50 guztira, hau da, prezio erdian.

Gure bazkidea izan nahi duzu? Bada, jarri gurekin harremanetan honako helbidean: baiesan@kaixo.com, Facebooken edo Twitterren; edo bestela, AEKn, Udal Euskaltegian, Mamarigako Kultur Etxean edo liburutegian bertan, bazkide-orria eskatu eta bete, eurek helaraziko digute eta. Ondo etorria izango zara eta bestelako abantailak ere izango dituzu, TOPAKIDE txartelari esker.

Itxasoaz



2012-04-06

San Jurgi jaietan: euskal triKIbiala!!!

Aurtengo San Jurgi jaietako lehenengo egunean, apirilak 20, ostiralarekin, arratsaldeko 8etan, 2. EUSKAL TRIkiBIALA egingo dugu txosna-gunean.


Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, egin genuen lehenengo aldiz. Ikusi, ikusi zer dibertigarria izan zen: hemen klikatuta. Hain arrakastatsua izan zen, non herriko jaietan ere egitea erabaki genuen.

Baina zertan datza Euskal TriKIbiala? Trikitiak alaitutako poteoan, hainbat jolas edo proba antolatu ditugu, jai-giroan ondo igaro dezagun, geure hizkuntzarekin jostari. Parte hartzeko, hiruzpalau laguneko taldeak osatu behar dira; eta, talde-lanean, zenbait proba erraz eta dibertigarri egin, esaterako: igarkizunak, esaera zaharrak, hieroglifikoak, bertsoetako oinak asmatu, abestu eta imintzioka aritu. Lehenengo postuetan geratzen diren taldeentzat sariak egongo dira, baita parte-hartzaile guztientzako oparitxoak ere. Animatu parte hartzen, mundiala izango da eta!!!

Euskara euskaldun guztiok dugun altxorra da. Hala ere, gure herrian, zoritxarrez, aukera gutxi izaten dugu geure hizkuntzan aritzeko, eta are gutxiago jaietan. Hori dela eta, Bai Esan euskara elkartekook antolatzen ditugun ekintza guztietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, bai eta zuen egunerokotasunean lanean, eskolan, familian, lagunartean, kalean, dendetan, tabernetan… euskaraz hitz egitera ere. GURE HIZKUNTZ ESKUBIDEAK DEFENDA DITZAGUN!!! EGUNERO, JAIETAN ZEIN OPORRETAN, GEURE HIZKUNTZA BIHOTZEAN ETA AHOAN!!! EUSKARAZ BIZI!!! 

Gogoratu apirilaren 20an, ostirala, arratsaldeko 8etan, 2. EUSKAL TRIkiBIALA hemen:


2012-03-01

LABURBIRA: Film Laburren IX. Zirkuitua

Urtero bezala, Londresen, Parisen, Madrilen, Gasteizen... eta Santurtzin ere LABURBIRA: Film Laburren IX. Zirkuitua! Hartu agenda eta apuntatu: martxoaren 21ean, eguaztena, Kresala aretoan, arratsaldeko 8etan, Santurtziko EHE eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Sarrera dohainik. Ezin duzu galdu!!!!

Gainera,  filmak ikusi ostean, David Zabala, Ohe azpiko zera filmaren zuzendaria, gurekin izango da solasean.

2011n eta 2010ean ekoitzitako euskarazko zortzi ikus-entzunezko emango ditugu guk eta Euskal Herriko beste 26 herrik, bai eta Londresek zein Parisek ere. Fikziozko lau lan, animaziozko bi eta bideoklip bat ikusiko ditugu; halaber, 60eko hamarkadan, Francoren garaian, Gotzon Elortzak 16mm-tan grabatutako Aberria dokumental interesgarria ikusteko aukera ere izango dugu; euskaraz egin den lehenengo dokumentala omen da. Bestalde, aurreko edizioetan bezala, honetan ere ibilbide luzeko egileak eta egile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egin dugu: Jon Garaño, Gregorio Muro, Maialen Sarasua, Joseba Uberuaga, Paul Urkijo, David Zabala eta Xoxe Díaz.

LABURBIRA euskarazko produkzioa ezagutzeko aukera paregabea da; baita egileentzat ere, euren lana ezagutarazteko. Gure herrian zinema-aretoak baditugu ere, gutxitan izaten dugu filmak euskaraz ikusteko parada, eta, horregatik, euskara elkartekook hartzen dugu ardura hori. Gainera, proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dugu zuzendari batekin, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.
 
Hona hemen filmak: 

HEMEN NAGO. 2010 (13´45´´) MAIALEN SARASUA. Lau urterekin ez da erraza irudimena eta errealitatea bereiztea. Xalotasuna eta krudelkeriaren arteko muga ere lausoa da askotan. Garrantzia duen bakarra bizirautea da. Imanolek argi dauka eta horren arabera jokatzen du. 

ZEINEK GEHIAGO IRAUN. 2011 (12´) GREGORIO MURO. Haur jolas arriskutsu batek Anderren eta bere familiaren bizitza aldatuko du betirako.


URREZKO ERAZTUNA. 2011 (7´) JON GARAÑO. Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez zezan.
 
IZENA DUENA. 2011 (9´) JOSEBA UBERUAGA. Gaua bukatzear da. Basajaunek beste askotan bezala zaindari igaro du gaua. Bordatxoko tximinian kea ageri da eta bere lana bukatutzat eman lezake. Baina azken unean agertu dira Otsoak, arrapaladan. Txistua joaz ohartarazi nahi ditu bordakoak, baina gaztea da izarrik dagoen artzaina eta ez du deia aintzakotzat hartzen, basoetako izakiak sineskeria hutsa direla erakutsi baitiote.

OHE AZPIKO ZERA. 2011 (13´) DAVID ZABALA eta PAUL URKIJO. Mattin mutiko gazte bat da. Etxean eta ikastolan arazoak dauzka galtzerdiak galtzen dituelako. Klase-kideek burla egiten diote eta gurasoek errieta. Gauez, bere gelako ohean komiki bat irakurtzen dagoen bitartean zaratatxo batzuk entzuten ditu ohe azpi ertzean. Mattin lo geratzen da.
 
KANTUKA - REVOLTA PERMANENT. 2011 (3´) KULTUR KABIA. IZARREN DISTIRA. Revolta Permanent taldearen bideoklip berria, "Kantuka" abestia, Izarren Distira egitasmoaren barruan grabatua Getxon, Sopelan, Lezaman eta Zaldibarren 2011ko urriaren 16an grabatu zuten Juantxu Beloki eta Jone Novok. Revolta Permanent taldea Iker Aginaga eta Iker Villa Barakaldarrek osatzen dute. Euskal Rap...Euskal Herrian

INSTALACION. 2010 (14´22´´) XOXE DIAZ. Arte garaikide museo bateko zuzendariak, kritiken presiopean dela, bere izen ona babestu eta finantziazioa bermatuko dion premiazko "instalazio" baten bila dabil. Egoera horrek behartuta, erreferentzia gutxiko artista ezezagun baten artelana onartzen du. Zuzendariak baina, ez du "instalazio" horren ezaugarrien berri. 

Ikus entzunezko guztiak euskaraz garaturikoak dira, INSTALACION, izan ezik. Hori galegoz egindakoa da, Galizian, eta euskarazko azpidatziekin eskainiko da.

ABERRIA. 1961 (15´) GOTZON ELORTZA. Francoren diktaduraren garaian –50eko hamarkadaren bukaeran eta 60ko hamarkadaren hasieran- Gotzon Elortzak zinemazaleak, zenbait dokumental filmatu zituen 16mm-ko kamerarekin Bizkaiko lurretan. Parisen bizi zen garai hartan Gotzon eta helburu garbi bat zuen ikusentzunezkoen arloan ere euskarak lekua izatea. Lan haiek euskaraz osorik egindako lehenengo dokumental gisa hartzen dira gaur egun. 
Sinopsia: Aberriaren inguruko hausnarketa sakona eta berezia. Baserri giroko ikuspegia islatzen du garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi Bertsolariekin eta Victor Olaeta dantzariekin. Garaiko zentsurari izkin egiteko, Erria izenburua jarri zion Elortzak filmari. 

EUSKARAZKO LEHEN DOKUMENTALA: ABERRIA, dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Duela 50 urte egindakoa da, Franko garaian, eta besteak beste, balio historiko handikoa dela uste dugu.


Laburbira Film Labur Zirkuituaren bederatzigarren edizioa:


2012-02-12

Zapatu goizean, Santurtziko jauregian

Zapatu goizean, otsailak 11, berbalagun batzuk herriko jauregia edo dorretxea ezagutzera joan ginen, eta, bide batez, gure herriaz gehiago jakitera, bertan dagoen Santurtziko historiaren interpretazio-zentroan. Eraikina goitik behera ikusi genuen, goitik hasita, alegia, hori baita ikusteko modurik onena.
Heldu ginenean, harrerakoak txarteltxoa eman ostean, zuzenean gora, ganbarara, joan ginen igogailuz, han dago interpretazio-zentroa* eta. Santurtziko gertakizun nabarmenenak ezagutzeko aukera ematen du hainbat museo-euskarriren bidez, besteak beste: pantaila digitalak, antzerki birtuala, Santurtziko maketa eta udalerriari buruzko ikus-entzunezkoak. Horrez gain, eraikuntzaren beiradun balkoian 360 graduko ikuspegia ematen duen periskopio bat dago, zeinen bidez XX. mendearen hasierako Santurtziko irudia ikusten den.

Oso interesgarria izan zen, baina desengainua hartu genuen lehenengo pantailan bertan: mutua da, ez dauka soinurik, dena irakurri egin behar duzu, ezta musikarik ere. Eta beste pantaila batean: albo batean testu luzea eta beste alboan antzinako argazkia, aldi berean, ez daukazu denborarik irakurtzeko eta argazkia ikusteko, aukeratu egin behar duzu; betokerra ez bazara, behintzat. Nori bururatu ote zaio horrela jartzea? Askoz hobe da argazkia ikusi bitartean, testua entzutea, museo eta erakusketa gehienetan (guztietan ez esatearren) egiten den bezala. Eta antzerkia ikusteko? Hiru leihotxo! Zein baino zein ezerosoagoa. Tira, amaierako maketa pozez zoratzen ikusi genuen, belarriak ere erabili ahal izan genituen eta!


Gero, eskailera kiribiletatik, goiko balkoira igo ginen. Garai batean leku altua izango zen, baina gaur egun... Hala eta guztiz ere, merezi du igotzea, ingurua ikusteko: Gernika parkea eta; baina, batik bat, bertan dauden argazki zaharrak ikusteko.


Ondoren, bigarren solairura jaitsi ginen; han, behinolako egurrezko kutxatzar bi daude ikusgai. Eta lehenengo solairuan ikusgarriena: eskailera nagusia! Victor Goikoetxea margolari muralista gipuzkoarrak apaindua. Lan zoragarria, benetan! Ez dut uste era hoberik dagoenik gure herriaren historia islatzeko. Bikaina da eta! Muralak hiru gai islatzen ditu: baserria, meatzaritza eta arrantza. Baina, kasu honetan, hitzak baino irudiak dira lekukorik onenak: 
Itxaso Antuñano Zeanuri
(Oharra: hemendik aurrerakoa ez dut nik idatzi. Argazkiak, aldiz, denak dira neuk ateratakoak)


“Lana ondo egiteko lehen urratsa gaia ongi ezagutzea da. Duela 50 urteko Santurtzi irudikatu behar nuen. Baserria ezaguna nuen, baina arrantza, eta meatzaritza batez ere, oso arrotzak zitzaizkidan” Goikoetxeak ARGIA aldizkarian.
Baserritarren mundua ageri da eskailera-buru nagusian. Antigoalekoa da baserria, pertsonaiak, berriz, egungoak. Neska Hernanikoa da, adibidez. Baserria Santurtzikoa da, Mamariga auzoan dago, zutik dagoen azkenetakoa: “Denbora eta lana... biak islatzen ditu egur zati horrek” diosku Goikoetxeak. Muralak kare-hondarrak dauzka, eguzkilore handia ere, gure arima gaiztoak uxatzeko edo; gurutze txikiak ere alboan ditu. Kristautasunak lagatako seinaleak. Balendin Enbeitaren bertso bat ere badago, baserriari kantatua: “Txirua dozu izakeria, alan be urrezko bizitza; ez-eukiaren laguna zara, baña zoriz aberatsa”.


“Bozetoak egitean, adin eta sen guztietako jendea hartu nuen kontuan, baita artea ikasi duena ere. Zerbait ulergarria egin nahi nuen, baina ez garaikidea”. Santurtziko langileriaren lanabesen arrastoa agertu nahi zuen: arrantza-ontzi baten sareak, baserriko zurak edota meategiko hautsa bera: “Santurtziko elementu singularra arrantza zen, beraz, pareta handiena arrantzari eskaintzea eskatu zidaten. Arrantzaleen kofradia berritu zuten garaian ekin nion. Herritarren elkargune nagusia zen (arrantzaleak eta erosleak...), lonja zoragarria zen. 1960ra arte bete-betean iraun zuen arrantzaren historia birsortu nuen, sardinerak tarteko. Portugaleteko zubi zintzilikatua ageri da hondoan. Hori ez da aldatu...”.

Zugastietako meatzeak
La Arboleda edo Zugastietako meategiek burdinak herrian izan zuen indarra agertzen dute. Muralik ausartena da. Abstrakzioak berebiziko indarra hartzen du, badauka arte figuratibotik ere haatik. Materialek osatzen dute murala: burdinak, baita zinkak eta bestelako mineralek ere. Santurtziko meatzeak “mendia jaten egiten ziren” zen. Mendia arrakalatu ahala burdinazko barruak zabaldu zituzten langileek: “Meatze horietako pareta bat irudikatu dut, meatzari eta burdina ateratzeko makina. Meatzeen izenak ere idatzi ditut. Mural gogorra da, lana ere hala zelako”.

Hiru ogibideak funtsezkoak izan dira herrian. Mea asko Santurtzin atera zen, ez Gallartan edo Zierbenan soilik. Goiko auzoak baserritik bizi ziren, baina eurek eta euren ideiek atera zuten lehen minerala.

Eraikinaren historia 
Gehienok dorretxea esaten badiogu ere, jauregia da: Hormazatarren jauregia. XX. mendearen erdialdera arte, herrian askoz jauregi gehiago ei zegoen; gaur egun, ostera, hori eta Oriol jauregia dira geratzen diren bakarrak.
Adituek uste dute Jauregia XVIII. mendean eraiki zela. Ondorio horretara heldu dira eraikinaren estiloa, eraikitzeko erabili ziren elementuak, hala nola, karga-horma, eta fatxadan dagoen Hormaza familiaren armarria aztertuta. XIX. mendean Luis Maria Lizana eta Hormazak, VI. Casa Torre markesak, birmoldatu egin zuen, eskaileretako sabaian dagoen ezkutuak adierazten duenez.
Eraikinaren jabegoaz dauden datu historikoen arabera, Juan Jose Ovejas eta Diez jaunak (1682-1732), logroñoarra bera, Ameriketan aberastu eta markesgoa erosi zuen. Orduantxe hartu zuen gizonak Casa Torre markesa izena.
Semea, Lazaro Lizana eta Ovejas, V. Casa Torre Markesa, Arnedon (Errioxan) jaio zen 1805ean. Josefa Hormazarekin (1817an jaioa) ezkondu zen, Santurtziko familia garrantzitsuenetako baten alaba, zeinek eraikina arbasoengandik oinordetzan jaso zuen. Seme bat izan zuten Jose Maria Lizana eta Hormaza ( 1843 Durango – 1911 Amberes) VI. Casa Torre Markesa, Dolores Txabarrirekin ezkondu zena. Bikote hau izan zen eraikina goitik behera zaharberritu zuena.
Casa Torre Jauregiko beheko solairuan atariak eta kortak zeuden, lehenengo solairuan logelak, egongelak eta familiaren gainontzeko gelak, eta bigarren solairuan morroiak eta neskameak bizi ziren. Teilatu azpiko solairua ganbara zen. Garai hartan eraikinak eta berorren lurrek 10.000 m2 baino gehiago neurtzen zuten eta herriaren erdi-erdian zeuden. Bertan jauregi eta lorategiez gain, bi solairuko beste eraikin bat zegoen, familiaren gidari eta lorazainen bizitokia zena, Mahastieta kalearen ondoan.
Jose Maria Lizana eta Hormaza Bilboko Alkatea eta senataria izateaz gain, Bizkaiko ekonomia-oligarkiako kidea ere izan zen, meategien ustiapenarekin, burdingintza- eta itsas-industria hasiberriarekin eta merkataritza tradizionalarekin lotua dagoen oligarkiako kidea hain zuzen. Hainbat historia lan idatzi zituen, hala nola, "Gutun hungariarrak eta gutun irlandarrak" izenekoa, Antonio Truebaren, Markesaren lagun minaren, hitzaurrea duena.
Jose Maria Lizana eta Hormaza jaunak eta Dolores Txabarri andreak seme-alabarik izan ez zutenez, Carmen eta Maria Salazar Txabarri portugaletetar lobek hartu zuten jauregia oinordetzan.
Salazar ahizpek 1942an Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari saldu zioten eraikina. Monjek goitik behera aldatu zuten jauregiaren itxura, bai barrutik, eta bai kanpotik.
Azkenik, Santurtziko Udalak Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari jauregia erosi zion 1984an eta udal bulegoak bertan ezarri zituen, eraikinaren barruko egitura are gehiago aldatuz. 2006an itxi egin zen.
Jauregia kultura-ekintzetarako erabiltzeko zaharberritze lanak 2009ko azaroan hasi ziren eta 2011ko martxoaren 19an amaitu. Lanak Marta Tomé andreak eta Juan José Boulanger jaunak, udal arkitekto eta arkitekto-laguntzaileak hurrenez hurren, zuzendu zituzten.


*Santurtziko historiaren interpretazio-zentroan honako prozesu historiko hauek jorratzen dira:
1) Santurtzi eta hasierako garai historikoak
2) Santurtzi Goi Erdi Aroan
3) Santurtzi Bizkaiko lurralde antolaketaren garaian, XIV. mendetik aurrera
4) Santurtzi eta Hiru Kontzejuen udal zaharra
5) Santurtzi Hiru Kontzejuen udalerriaren banantzean
6) Santurtzi eta Urtuellaren banaketa
7) Santurtzi XX. mendean: lurraldearen finkatzea
    Bereziki, hurrengo arlo hauek azpimarratzen dira:
    a) Lurraldearen garapena eta herriaren eta biztanleriaren eboluzioa
    b) Eboluzio sozioekonomikoa eta udalaren administrazio-antolaketa
    c) Garrantzi handiko gertaera historikoak eta beren eragina Santurtzin
    d) Garrantzi handiko gertakizun historikoak eta berorien eragina Santurtzin

      2012-01-29

      Larunbat goizean, Bilboko Euskal Museoan

      Mikeldi gure atzean
      Larunbatean, urtarrilak 28, Euskal Etnografia eta Kondaira Museoan egon ginen. Gehienok egonda geunden, baina aspaldian, eta horregatik, ideia polita iruditu zitzaigun berriro ikustea. Gainera, orain dela urte batzuk berriztatu egin zuten, eta arkeologia saila beste museo batera eraman. Beraz, aldaketak ikusteko gogotsu geunden.

      Goizeko 10etan hitzordua egin genuen Santurtziko tren-geltokian eta, erreka-ondotik bidaiatuz, berehala heldu ginen Abandora. Egia esan, metroa baino garestiagoa izan arren, arinagoa eta politagoa da trenez joatea; dena den, nire ustez, lehen, Najaraino heltzen zenean, askoz politagoa zen, baina tira. Behin Bilbon, paseotxo bat egin genuen Unamuno enparantzaraino; eta bertan, kafetxo bana hartu ostean (goiz izateaz gain, hotz zegoen eta), museora joan ginen.

      Barruan, Miren gidaria gure zain zegoen. Aurkezpena egin eta gero, klaustrora eraman gintuen. Han, Mikeldi* ezaguna aurkeztu eta museoari buruzko historia azaldu zigun. Ondoren, Durangoko Kurutziagako gurutzearen erreplikaren inguruko eskaileretatik lehenengo solairura igo ginen. Bertan, lihoa eta artilea zelan lantzen zituzten erakutsi ziguten. Arte-lana, egiatan! Lihogintzan andreak aritzen ziren, baina artilegintzan gizonak; artzainak, hain zuzen ere; mendietako bordetan ardiak zaintzen ematen zituzten hilabete luzeetan, josten ere jarduten ziren. 

      Ondoko aretoetan, arrantzaren eta artzaintzaren gaineko erakusketak daude; baina, dena azaltzeko astirik ez eta aukeratu behar izan genuen: bata ala bestea. Hasieran, zalantzak izan genituen, gu itsas herrikoak izanik, arrantzaren alde beti, baina ekainean Santurtziko Agurtza atunketarian eta urrian Donostiako Untzi Museoan balearen arrantzari buruzko erakusketa ikusten egon ginenez, orduko hartan artzaintza aukeratu genuen. Eta ez zitzaigun damutu, benetan interesgarria izan zen eta.


      Bisita gidatua amaitzeko, goiko solairura joan ginen, antzina, Bilbo harresi batez inguratuta zegoenean, zelakoa zen maketa baten ikustera. Maketa horretan, besteak beste ikusi ahal izan genuen lehenengo udaletxea San Anton elizari zetxekion etxe txiki batean zegoela eta San Anton zubia elizaren beste aldean eta ez gaur egun ezagutzen dugun lekuan. Hamaika gauza bitxi eta interesgarri kontatu zizkigun gidariak.

      Mirenek solairu horretan agurtu ondoren, hirugarrenera joan ginen Bizkaiko maketa erraldoia ikustera. Botoiak ez zebiltzan edo guk behintzat ez genuen asmatu; deiadar-mendien argiak piztu nahi genituen, baina alferrik! Gainera, aretoa nahiko ilun zegoen. Hala eta guztiz ere, merezi izan zuen gure lurraldea horrelako maketa batean ikustea, itzela da! Eta inguruan, Bizkaiko dorretxe ezagunenen (Erandioko Martiartu dorrea eta Muskizko Muñatones gaztelua, esaterako) eta baserri batzuen maketa politak daude.

      Baina gure bisita ez zen hor amaitu. Ondoko gelan, Bilboko Kontsulatuaren aretoa ikusi genuen. Eta gero, atzera egin genuen eskaileretatik behera, ikusi barik utzi genuen guztia lasaitasunez ikusi ahal izateko: arrantzari buruzkoa, berbarako. Beheko solairuan, gainera, Inauterien inguruko erakusketa ikusteko aukera ere izan genuen; Euskal Herriko mozorroak ez ezik, Europako zenbait herrialdetakoak ere bazeuden.

      Amaitzeko, beste bisita bat egin genion Mikeldiri, agur egiteko eta bide batez beste argazki batzuk atera ahal izateko. Museotik atera ostean, behin gure jakin-mina asebeteta, egarria asetzera joan ginen Kalderapeko tabernara.

      Leire, Esther, Laura, Javi, Arantza, Itxaso, Blanca eta Begoña (argazkia atera zigunak moztu egin zuen :-S)


      *Lehenaldiaren aztarnak Mikeldi Idoloa irudi zoomorfo paleokristaua da, euskaldunek praktikatzen zuten antzinako erlijio paganoaren adierazgarri. Bere hankek disko handi batzuei eusten diete, eguzkiaren eta ilargiaren sinbolo. XIX. mendearen amaieran Durangaldean aurkitu zuten irudi hau, Mikeldiko San Bizente ermitatik hurbil.  Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan dagoen pieza preziatuenetako bat da.


      Erromatarren garai aurrekoa da. Eskultura bitxia da zinez eta ez du parekorik Euskal Herrian. Antzeko batzuk Gaztelan aurkitu ziren eta beste bat Tarragonan, baina ez dute erdiko biribila. Mikeldi, berriz, aurkitu zuten lekuan egin zen, Iurretako harrobiko harri bakar batez eginda dago eta. Eztabaida handiak izan dira irudiaren esanahi erlijioso edo funerarioek eraginda, aipatzen delarik, halaber, munarri edota oinordekotza bideekin zerikusia izan zezakeela. Gehienen ustez, animalia aketza da (ernaltzeko erabiltzen den txerri arra).

       Itxaso Antuñano Zeanuri

      Oharra: argazki guztiak hemen. Eta aurkezpen interesgarria hemen.