Egun magikoa gaurkoa: Olentzerok etxean hartu gaitu Santurtziko euskaldunok eta. Batzuek ia gau osoa esna eman dute gaurko egunaren zain, Olentzero ikusteko irrikan, zer eskatu behar zioten pentsatzen: "Dena ipini ote dut eskutitzean? Ezin zait ezer ahaztu! Eta ikusten dudanean, zer esango diot? Ea, ikus dezagun: txintxo-txintxoa izan naizela, asko ikasten dudala, ez dudala gezurrik esaten...".

Atea zeharkatu bezain laster,
Maritxu Tailetuko agertu da teilatu gainean, gu agurtzera: "Hara,
hara, Santurtziko lagunak! Ondo etorri Izenadubara! Zuen zain geunden. Badakizue nor
naizen, ezta? Nik, haginak jausten zaizkizuenean, batu egiten ditut eta
zeruko laku magiko batera bota; tanta magiko batzuen modura, izar bihur
daitezen. Horretarako, umeok, haginak teilatura bota behar dituzue edo
bestela burkoaren azpian utzi eta niri deitu honela: Maritxu tailetuko,
gona gorridune, eutsi hagin zaharra eta ekarri barrie! Eta ni berehala
joango naiz bila. Ados? Orain zoazte, zoazte aurrera, Olentzero zain
duzue eta. Gero ikusiko dugu elkar ostera ere". Eta bidean aurrera egin dugu.
Bihurgune batera heldu garenean, andre eder bi agertu zaizkigu erreka ondoan ilea orrazten, eta galtzagorrik: "Emakume ederrak, ezta? Baina begiratu oinetara!". Eta guk: "Hara, ahateen oinak dauzkate: lamiak dira!!!". Eta eurek: "Bai,
lamiak gara! Atsegin duzue gure basoa? Gu natura zaintzen dutenen
lagunak gara; hondatzen dutenekin, aldiz, oso haserretzen gara. Ez
ahaztu! Baina jarraitu, jarraitu ezazue aurrera, Euskal Herriko andrerik
ederrena ere, Anbotoko Mari, zain duzue eta!". Eta guk, txintxo-txintxo, aurrera jarraitu dugu.


Azkenean, bidearen amaieran, Landetxo Goikora heldu gara. A zer-nolako
baserria: zoragarria! Handi-handia eta eder-ederra! Goitik behera,
kanpotik eta barrutik harriz eta egurrez egina; haritzaren egurrez,
gainera! Ataria oso-osorik egurrezkoa, baita aurrealdearen erdialdea
ere, teilaturaino. Behin atea topatuta, eguzki-lorearen azpitik, barrura
sartu gara. Bular barruan, taup-taup hasi zaigu bihotza:
Olentzeroren etxean gaude! Hau poza eta ilusioa!
Atea zeharkatuta, sukaldera heldu gara: erdi-erdian, beheko sua eta,
gainean laratzutik zintzilik, lapiko handia. Umeak suaren inguruan
jesarri dira arineketan, antzina gure ahaideek egiten zuten legez, eta
atzean helduok, geure galtzabeltzak zer kontatu behar zigun entzuteko.
Gure buruen gainean, sabaiaren ordez, tximinia erraldoia egon da, kanpora
barik, goiko pisura heltzen den tximinia; antzina, kea jatekoak
kontserbatzeko erabiltzen zuten eta. Sua ere oso garrantzitsua zen,
jakina, eta subilek, beheko suan erretzen ziren enbor sendoek, etxeko
hainbat txokotan jarrita, pertsonak eta animaliak gaixotasunetatik
babesten zituzten. Geuk ere horrelako babesa nahi genuenez, ate azpian egon den subilaren gainetik salto egin dugu. Hala egin behar ei da eta:
gainetik jauzi, ez zapaldu ez beste barik pasatu, ez, jauzi egin behar
da, jauzi! Eta horrela egin dugu denok, umeek zein helduok. Hortaz, osasuntsu ibiliko gara danok urte osoan! Urte oso baterako balioko ahal du!


Ondoren, gure galtzabeltzak behera joan behar genuela esan digu, baina
ez beheko solairura, beherago oraindino, etxe azpian dagoen leizera; han
baten bat gure zain zegoela eta! Gu eskailerak jaisten hasi gara,
harrituta, geure buruari galdezka: "Etxe azpian dagoen leizera? Eta nor ote dago han, bada, gure zain? Anbotoko Mari, agian? Osterantzean, nor?".

Behin kanpoan, jolas-parke bitxia egon da. Bertan, jolasteko leku asko,
gure txikiak, ikusi bezain laster, arrapaladan hasi dira leku
guztietara igotzen. Bazter batean, Tartalo, begi-bakarra, zuhaitz bati
igota, ardiak jan eta jan. Geure txikiak ere jan ez ditu, bada! "Kaixo, lagunok! Hau gosea!
Zatozte, zatozte, zeuek ere jango zaituztet eta! Baina aurretik, joan
zaitezte hor ezkerrean dagoen kobazulora, Euskal Herriko emakumerik
ederrena, Anbotoko Mari, begira duzue eta!". Eta hala egin dugu,
haitzetatik sartu eta han, hondoan, andre eder-ederra zegoen, adats eder
luze-luzea urrezko orrazi batez orrazten: "Sartu, sartu! Ondo etorri nire haitzulora! Ni Mari nauzue, Euskal Herriko jainkosa nagusia. Zuen zain nengoen".
Mariri hika egin behar zaio, ez zaio gezurrik esan behar eta ezin zara
jesarri, berarekin hitz egin bitartean, berak hala eskatuta ere. Gure
herriarentzat bakea eta askatasuna eskatu ondoren, sartu bezala atera gara leize-zulotik, Mariri bizkarra eman barik, tradizioak agindu
legez. Ondoren, Basajaunen bila,
labirintoan sartu gara. Erdian, baseliza txikia zegoen, eta kanpaiak jo
ostean -zorte ona ematen omen du-, irteeraren bila hasi gara. Handik
ateratakoan, aker beltzarekin egin dugu topo. Ipurdiko zuloan pa emateak zorte ona ematen duela eta, bana eman diogu. Etxe guztietan bana egoten zen lehen, ugalkortasunaren sinboloa zelako; eta akelarreetan, egoten
zen gizonezko bakarra bera izaten zen.
Gure ibilaldiaren amaieran, berriro agertu zaigu Maritxu Teilatuko: "Kaixo,
lagunok! Ondo pasatu duzue? Joan baino lehen, ikusi gura duzue nola
egiten dudan lan? Igo zaitezte nire hegoen gainera eta lagundu iezadazue
galtzagorri batek kendu didan hagina berreskuratzen!". Eta guk: "Baina Maritxu Teilatuko, gu handiegiak gara zure hegoen gainera igotzeko!" Berak: "Ene! Bai, bai, arrazoi duzue!"
Eta hitz magikoak esanda, txiki-txiki bihurtu gaitu, beraren gainera
igotzeko modukoak. Eta han joan gara hegan, haginaren bila!"
Hau bai egun magikoa hau! Eta hala izan bada edo izan ez bada, sar dadila kalabazan eta atera dadila Santurtziko plazan!
Zer? Ez didazu sinisten?
Pertsonaia horiek guztiak ez direla existitzen? Ez dela galtzagorririk?
Ezta Olentzerorik, Anbotoko Maririk-eta ere? "Izena duen guztia da" dio
esaera zaharrak. Ez esan ez dela, ikusi ez duzulako, Izenaduba!
Bestalde, Maritxu Teilatukok esan bezala, irudimena eta sormena dira
lagunik onenak, gura dugun guztia lortzeko. Beraz, zer edo zer benetan
lortu gura baduzu, itxi begiak eta irudikatu! Baietz lortu!!!
Itxaso Antuñano Zeanuri
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.