2014-03-30

Lau haizetara kontari

 Apirilean, Antton Irusta ipuin-kontalaria izango dugu geure artean; Santurtziko dorretxeko Bolintxis aretoan, apirilaren 4an, barikua, arratsaldeko 7,30etan.

Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Helduok ere atsegin dugu ipuinak entzutea, errealitatetik urruntzea eta istorio baten partaidea bihurtzea, ezta? Bada, horretarako, hain zuzen ere, gonbidatu dugu Antton Irusta: egunerokotasunetik asagotuta, mundu zoragarrietara eraman gaitzan. Bazatoz?


"Ipuinak umeak lokartzeko dira eta helduak esnatzeko. Euskal Herrian bizi zen gure laguna, berbalapiko kuttuna. Baina behin mundua ezagutu behar zuela eta, Euskal Herritik alde egin zigun. Nondik nora ibili behar den eta zer ikusi duen azalduko digu ipuin eta abenturaren bitartez".  

Horrela hasten du bere saioa Antton Irustak, hainbat herritako ipuinak kontatuz. Hor aurkituko dituzu han-hemengo ipuinak: “Eguzkiaren semea”, “Iasaren istorioa”, “Berberea eta arrotza”, “Katxinen ibilerak”, “Luki Barrabasa”...



Antton Irusta Zamalloa (Bilbo, 1963) Eubako Pasionistetan ikasi ondoren, Derioko seminarioan egin zituen magisteritza ikasketak eta Deustuan Euskal Filologiako goi mailako ikasketak. Egun, Urretxindorra ikastolan dihardu lanean euskara, literatura eta eta ipuinen tailerrean arduradun. Telebistan ere, Canal Bizkaian, Kontu kontari programa egiten du. 1983an hasi zen ipuin munduan. Madrilen, Bartzelonan eta Guadalajarako ipuin Maratoian parte hartu du. 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak Ipuinen tailerra liburua saritu zuen, kontsulta libururik hoberena izanik. Urteetan zehar haur, gazte, irakasle eta gurasoentzako ipuinen tailerrak ematen aritu da. Garatu irakasleentzako antolatzen diren ikastaroetako irakasle izan da. Ipuin kontalaria dugu. Horrekin batera irakasle eta idazle ere bai baina ipuingintzaren inguruan. Ipuinetan mundua ikusteko modu bat dago, herri baten kultura eta hizkuntzari lotuta, eta gaur egun herri-tradizioko corpus hori eskolumeengana eroaten dauka ardurarik handiena Anttonek. Hainbat mintegi eta eskola eman ditu, ikerketa lagun, eskolan hori suspertzeko metodologia lantzeko. Egun ipuin kontalariez eta kontaketaz tesi doktorala egiten ari da.