2012-12-31
2012-12-19
Urtarrilean Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu, bazatoz?
Urtea ondo hasteko, Bai Esan euskara elkartekook Bizkaiaren historian zehar bidaiatuko dugu. Lehenengo eta behin, denboraren makinan sartu eta 13000 urte atzera egingo dugu, gure arbasoak Santimamiñe kobazuloan bizi ziren garaira arte. Geroago, erromatarren garaira joango gara, Foruko herrixka erromatarrera. Eta azken geldialdia Erdi Aroan egingo dugu, gure herrietako ordezkariak Gernikako Arbolaren azpian batzartzen ziren garaian amaituko da gure bidaia. Plan itzela, ezta? Ez itxaron gehiago, hartu agenda urtarrilaren 19a, larunbata, gorde eta, izena emateko, guri mezua bidali hona: baiesan@kaixo.com Arin ibili, lekuak mugatuak dira eta!!!
Gernikara joango gara, egun pasa urtarrilaren
19an, larunbata. Bizkaiko herri horrek, inguru paregabean kokatua, leku
interesgarri asko eskaintzen ditu eta Euskal Herriaren historiaren zati
garrantzitsu bat ezagutzeko toki ederra da! Horregatik, egun horretarako
hainbat ekintza antolatu ditugu, hona hemen gure egitaraua:
9:30ean Santurtzitik aterako gara autobusez Gernikarako bidean eta lehenengo
geldialdia, denboran mila urte atzera eginda, Santimamiñe kobazuloan
egingo dugu, Kortezubi herriko Basondo auzoan, Ereñozarre mendiaren hegoaldeko hegalean.
10:30ean ikustaldi gidatua egingo dugu Santimamiñen, ordu eta erdikoa. Gaur
egun, pinturen gela zein kobaren barruko garapena ikerkuntza beharretarako
mugatuta daude, eta jendearentzako itxita, kontserbazioa bermatu ahal izateko.
Baina horren lekuan interpretazio eremua
eta Santimamiñeko ermitan kobako bisita birtuala egingo dugu!
Horren ostean Omako basoa
edo Foruko aztarnategi erromatarra ikustera joango gara, eguraldiaren arabera.
Omako baso margotua 1980ko hamarkadaren erdi inguruan egin zuen Agustin Ibarrola artista
basauriarrak. Margoak arboletan daude eginda, hainbat esparru espazialetan
dauden arboletan, eta bloke tematiko bakoitzari sakontasun eta mugimendu
desberdinak eman zizkion.
Basoak bisitarien parte hartzea eskatzen du, bisitariak berak sortzen
edo apurtzen dituelako eszenak, hartzen duen kokalekuaren arabera.
Obra honek hiru dimentsiotan egindako figurak dimentsio bakarreko
oihal bihurtzen ditu, beti ere bisitaria leku egokian jartzen bada.
Basoak, gutxi gorabehera, 5 hektarea hartzen ditu eta Basobarri
mendiaren iparraldeko hegalean dago, Omako nukleorako jaitsieran.
Bestalde, Foruko erromatar herrixka Busturialdeko Forua udalerrian
dagoen arkeologia-gunea da, Bizkaiko erromatar aztarnategi garrantzitsuenetarikoa. Foruaren eta portuaren kokagunea izan zen. Batez ere, erromatar garaiko eraikinen hondakinak
dauzka, I. mende eta IV. mende artekoak.
Forua du izena, baina forum berbatik ei datorkio herri izena. Merkatu
erromatar garrantzitsua zena bere sasoian (k.o. I-V mende artean), gaur
egun herri txiki eta lasaia da. Bizkaiko aztarnategirik handiena dago Foruan. Kristo ondorengo I. eta V.
mendeen artean bizi izan zen jendea han eta burdina landu eta saldu
egiten zuten foruarrek. Historiak jasotzen duenez, burdina forjatzen
aritzen ziren Foruko bizilagunak; izan ere, forum edo merkatu hori
itsasotik penintsularako bidean truke-gune bihurtu zuten. Foruara Ebro
bailarako salgaiak iristen ziren eta itsasoz eramaten ziren eta baita
alderantziz ere. Gaur egun bidearen alde bietan ikusten dira orduko
eraikinen egiturak.
15:00etan bazkaldu egingo dugu, garagardotegian, menu gozoa eta merkea,
eta kafea Gernikan hartu.
16:30ean beste ikustaldi gidatua edukiko dugu, oraingoan Batzar Etxean, Bizkaiko erakunderik gorenaren egoitza, hain zuzen
ere.
Ikustaldi gidatuaren ostean
Gernika bisitatzeko denbora egongo da, arbolaren ondoan argazkiak egin, herritik paseoa
eman, edota Euskal Herria museoa bisitatzeko aukera ere, sarrera dohainik da eta! Museo horretan, kultura eta
tradizioen bitartez ezagutu daiteke Euskal Herriaren historia, baita euskal
kirola eta folklorea era interaktiboan ere.
Irati Cabello Artamendi eta Itxaso Antuñano Zeanuri
Etiketak:
2013ko urtarrilean,
Bai Esan,
Batzarretxea,
Euskal Herria museoa,
Forua,
Gernika,
Gernikako arbola,
Santimamiñe,
Santurtzi,
Santurtziko euskara elkartea,
txangoa
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)