2012-09-19

II. bertso-afari mundiala

Aurten, Bai Esan euskara elkarteak 6 urte bete ditu ofizialki, gure lehenengo ekitaldia 2006ko apirilaren 1ean egin genuen eta. Behar bezala ospatzeko, urriaren 27an, zapatuan, gure II. bertso-afari mundiala egingo dugu, bertsolari paregabe bi gonbidaturik: Maialen Lujanbio Zugasti eta Amets Arzallus Antia (EHko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren). 

Afaldu aurretik, arratsaldeko 8etan, bertso-triki-poteoa egingo dugu Txitxarran, Joan XXIII.a eta Mendizabal kaleetan, herria girotzeko. Ondoren, 21:30ean gozo-gozo afaltzera joango gara, Marina jatetxera (Mendizabal kalea, 36). Afariak 20 € balio du eta txartelak salgai dituzue Lagun Etxea eta Sotera tabernetan, baita herriko euskaltegietan ere. Dena Santurtziko EHE eta Bai Esan euskara elkarteari esker. Plan itzela, ezta? Denok zagoze gonbidatuta; beraz, hartu agenda eta erreserbatu eguna, gugaz egoteko.



Lehen esan bezala, aurten, Bai Esan euskara elkarteak 6 urte bete ditu. Ez da marka makala, ez! Sei urtez herrian euskararen erabilera bultzatzen ibiltzea, inolako diru-laguntzarik gabe, autogestioaren bitartez, ez da lan erraza. Gorabehera handiko ibilbidea izan da gurea, behea jotzear ere izan gara  behin baino gehiagotan, gero gorantza egin badugu ere. Gaur egun, zorionez, ospatzeko moduan gara. Iaz, Santurtziko EHE gurekin lan egiten hasteaz gain, jaietako txosna elkarrekin jartzeko aukera ere eman zigun eta, bi urte hauetan ateratako diruaren zati bati esker, zorrak kitatu eta euskarazko ekitaldiak antolatzen eta gure hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitu ahal izan dugu. Gainera, hasieratik gure egitasmo nagusia izan zenak: BERBALAGUNA egitasmoak ere lau urte beteko ditu aurten, abenduaren 4an. Oso arrakastatsua izan da sortu zenetik, 2008an; egun, ia 200 berbalagun ditugu herrian, eta urterik urte, gorantza doa kopurua. BADUGU ZER OSPATU, BAI!

Orain dela 3 urte, I. bertso-afari mundiala antolatu genuen, euskara elkartearen 3. urteurrena ospatzeko. Orduko hartan, Andoni EgaƱa eta Unai Iturriaga ekarri genituen, garai hartan EHko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren. Itzel pasatu genuen! Ikusi gura zelan igaro genuen? Jo, bada, gure blog zaharrera, hemen klikatuta. Aurten, gure 6. urteurrena ospatzeko, beste hainbeste egin gura izan dugu, oraingo txapeldunak gonbidatuta.

Bertsolariek ez dute aurkezpen handirik behar; hala ere, hobeto ezagutu nahi badituzu, hemen daukazu 2009ko EHko txapelketa nagusiko bideotxu bat, eta beherago, biografiak. Gozatu!
Itxasoaz


Maialen Lujanbio Zugasti 1976ko azaroaren 26an jaioa, Hernanin (Gipuzkoa). Arte Ederretako lizentziaduna da. Bilbon egin zituen ikasketak (Bizkaia), eta han eman zituen urteak oso garrantzitsuak dira Maialen Lujanbioren ibilbidean, hiri handi batera egin baitzuen jauzi, eta hango giroak, harremanek eta bizimoduak asko eragin zioten. 2000. urtetik 2001era, munduan barrena bidaiatzen aritu zen, eta orduko bizibideek ere eragin handia izan zuten Maialen Lujanbiorengan.
Euskal prentsan iritzi-emaile lanak egin izan ditu, Euskal Herriko zenbait musika talderentzako letrak idatzi izan ditu eta kartelgintzan ere aritu izan da. Marrazki bizidunetako film baten gidoia idatzi du.
Bertsotan, ikastolan hasi zen, hango bertso eskolan. 2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta bitan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an lehenik eta 2001ean gero; urte horretan txapeldunorde izan zen. 90eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, emakumeak leku egiten joan dira goi mailako bertsogintzan, eta Maialen Lujanbiok goren mailara iristea lortu du. Gaur egun, sorkuntzari emana bizi da erabat, eta bertsogintza du jarduera nagusi.
Hainbatetan izan da finalista eta egun, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuenetik, Euskal Herriko txapelduna.

Amets Arzallus Antia Jexux Arzallus bertsolari goiaztarraren semea. Donibanen jaio arren, Hendaian bizi izan da beti. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Futbolerako ere afizio handia zuen, eta bost urterekin hasi zen. Pilotan ere ibiltzen zen, oso kirolzalea baita. Ikastolan Hendaian hasi zen, eta lagun koadrila txikitatik osatu zuten. Gerora horiei guziei eutsi die, pilotari izan ezik. Hegoaldearekin oso lotua egon arren (jatorrian nahiz bestela), Iparraldekoa sentitzen da. 10 urtetik aurrera ikastera Kanbora joaten zen Seaskaren Kolegiora, eta gero Lizeora Baionara. Orain bertsotan eta futbolean segitzen du, eta ikasketetan, kazetaritzara bideratu da. Argia aldizkariko elkarrizketa egile, Hendaiako bertso-eskolako irakasle eta Euskadi irratian kolaboratzaile. 
Hainbatetan izan da finalista eta egun, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bigarren geratu zenetik, Euskal Herriko txapeldunordea. Iparraldeko txapelduna ere bada, 2008an XILABA Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketa egin zen 1. aldian eta egin diren bietan bera izan da txapelduna.

2012-09-14

EUSKARAK BEHAR GAITU, BAZATOZ?

Agur t’erdi, euskaldunok eta euskaltzaleok! 

Oporren ostean berriro gatoz gogotsu euskararen alde lan egitera, baina ez dugu zu gabe hasi nahi. Euskarak Santurtzin, gure herrian, denon beharra du, batez ere zeurea. Euskarak behar gaitu, bazatoz? Elkartekidea izateko ez duzu agiririk behar, euskaltzalea izatea nahikoa da! Baina zer egin horretarako?

Gurekin lan egin nahi baduzu eta Bai Esan Santurtziko euskara elkartearen kidea izan, hainbat era duzu:

* Bi astean behin Bai Esanen batzarretara etor zaitezke; horrela, era aktiboagoan hartuko duzu parte, Santurtzin euskararen egoera hobetze aldera. 
* Edo elkarteko bazkidea izan zaitezke, Bai Esanen txartela jaso eta hainbat abantaila lortuko duzu zenbait denda eta kultur ekimenetan.
* Edo bestela, antolatzen ditugun ekitaldietan laguntzailea izan zaitezke.

Bazatoz, ezta? Idatzi, bada, email honetara: baiesan@kaixo.com

Euskarari zure aletxoa eman nahi badiozu, Bai Esan euskara elkartean parada ezin hobea daukazu. Anima zaitez!