2011-09-26

DONOSTIAN PLAN ITZELA, BAZATOZ?

Urriaren 22an, larunbatarekin, Donostiara joango gara, bazatoz? Plan itzela daukagu: goizean Euskal baleazaleak erakusketa ikusi portuan, ondoren urpeko batean itsas azpiko bidaia egin eta, arratsaldean, ondo bazkaldu ostean, ibilaldi gidatua hirian zehar. Eta dena 5 €ren truke, Bai Esan euskara elkarteari eta Santurtziko EHEri esker. Plan ederra, ezta? Zeuk ere etorri nahi baduzu, idatz iezaguzu mezua hona: baiesan@kaixo.com, urriaren 18a baino lehen, plazak mugatuak dira eta. 

9:00 Santurtzitik irten (egon zaitezte parkeko arkupeetan 8:45ean)
10:30 Euskal baleazaleak erakusketa ikusi Untzi Museoan
12:00 Itsas zabalean ur azpiko bidaia
12:15 Libre (bazkaltzeko eta)
16:00 Ibilaldi gidatua Donostiatik
17:30 Libre (Donostiako berbalagunekin poteoa)
20:00 Santurtzira

Baleak euskal kostako bisitariak dira duela mende askotatik. Gogotik ehizatuak eta, aldi berean, ezezagunak izan diren ugaztun horiek Untzi Museoko erakusketa berriko animalia nagusiak dira.  

Erakusketan balearen ehizaren iragana eta oraina ematen da ezagutzera, euskaldunek jarduera horretan izan zuten parte hartzea bereziki azpimarratuta. Erakusketa Erdi Aroko arrantzategiei buruzko erreferentziekin hasten da, kostaldeko herrietako udal-zigiluen arabera, Kantauriko kostan garatu zen batik bat. XVI. mendean, Ternurako, Labradorrerako eta San Lorenzorako espedizioekin balearen ehiza gailurrean zegoenean, buruturiko jarduera aztertzen du. Garapen kronologikoari dagokionez, XVII. eta XVIII. mendeak sartzen dira, baita XIX. eta XX. mendeetako arrantzategi industrialen aldi garaikidea ere,  balea-industriaren egungo egoerara bitartekoa. Munduan zetazeoen egoera zein den eta desagertzeko arriskuan zein espezie dauden ere azaltzen du.


"Itsas zabalean" urpeko bidaia euskal itsas historian barrena


Donostiako portuko, Kontxako badiako edota euskal kostaldeko itsas hondotik bidaiatzeko aukera ematen digu Itsas Zabalean bideo-instalazioak. Tartean sorpresaren bat edo beste aurkituko dugu. Itsas bidaia honetan urpean mendeetan hondoratuta egon diren aztarnekin egingo dugu topo; pasioz, ausardiz, lan gogorraz eta abenturaz betetako itsas historiaren lekukoak dira aztarna hauek guztiak eta hauei esker euskaldunek itsasoarekin izan duten eta gaur egun duten harremana ezagutu ahal izango dugu. Donostiako Untzi Museoan okasiorako egokitutako urpekontzi birtualean egingo dugu zehatza eta era berean entretenigarria den bidaia. Denok zaudete gonbidatuta!

Donostia, itsas hiria: Ibilaldi historiko-literarioa

 

Itsasoari loturiko historia luzea dauka Donostiak. XIX. mendean turismoari begira jarri bazen ere, ordura arte itsas merkataritza, ontzigintza eta arrantza izan ditu ardatz hiriak. Gudaroste ingeles-portugaldarraren erasoak eragindako kaltea handia izan zen 1813an, baina hala ere, Donostiak gordetzen ditu, bere itsas historiari lotuta, oraindik ere uki daitezkeen gauzak.
Ibilaldi hau Donostiako moilan zehar egingo dugu kuadernotxo pedagogiko baten laguntzaz eta Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean bukatuko da.
Itxaso Antuñano Zeanuri

2011-09-24

EUSKARA ATSEGIN DUGU, ETA ZUK?

Urrian Berbalagunen 4. ikasturtea jarriko dugu abian Santurtzin. Dagoeneko 3 urte igaro dira 2008an 1. aurkezpena egin genuenetik. Hiru urtez lagun santurtziar euskaldunak egiten, santurtziar euskaldunen sarea osatzen, euskaraz bizitzen, gozatzen... Hamaika lagun elkartzen gara astero euskaraz berba egiteko. Eta zu, zeren zain zaude? Zeuk ere berbalagun izan nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan, euskaraz hitz egiteko gogoa baino ez duzu behar.
Begira, begira, hemen badira hainbat berbalagun santurtziar, baietz batzuk ezagutu:

2011-09-22

EUSKARAK BEHAR ZAITU, BAZATOZ?

Agur t’erdi, euskaldunok eta euskaltzaleok! 

Oporren ostean berriro gatoz gogotsu euskararen alde lan egitera, baina ez dugu zu gabe hasi nahi. Euskarak Santurtzin, gure herrian, denon beharra du, batez ere zeurea. Euskarak behar zaitu, bazatoz? Elkartekidea izateko ez duzu agiririk behar, euskaltzalea izatea nahikoa da! Baina zer egin horretarako?

Gurekin lan egin nahi baduzu eta Bai Esan Santurtziko euskara elkartearen kidea izan, hainbat era duzu:

*Elkarteko bazkidea izan zaitezke, Bai Esanen txartela jaso eta hainbat abantaila lortuko duzu zenbait denda eta kultur ekimenetan.
*Edota bi astean behin Bai Esanen batzarretara etor zaitezke; horrela, era aktiboagoan hartuko duzu parte, Santurtzin euskararen egoera hobetze aldera. 
* Edo bestela, antolatzen ditugun ekitaldietan laguntzailea izan zaitezke.

Bazatoz, ezta? Idatzi, bada, email honetara: baiesan@kaixo.com

Euskarari zure aletxoa eman nahi badiozu, Bai Esan euskara elkartean parada ezin hobea daukazu. Anima zaitez!

2011-09-20

IKASTURTE BERRIA, BLOG BERRIA!!!

Kaixo!

Hastear den ikasturte honetan, berriro gatoz gogotsu eta ilusioz beteta gure herrian euskararen alde lan egitera, eta gure berri era egokiagoan izan dezazun, blog berria sortu dugu, erakusteko baliabide gehiago ditugu eta. Gustatzen? Bertan, antolatzen dugun guztiaren berri izango duzu: informazioa, argazkiak, bideoak... Dena den, hemen klikatuta, www.baiesan.mundua. com, aurreko bloga ikus dezakezu, orain arte egindako guztiaren berri izan dezazun.