Donostia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Donostia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013-12-30

EUREKA!!! Zientzia-museora urtarrilean

Izarrei begiratzea atsegin duzu?  Eta zientzia, estudiatu barik, ulertu ahal izatea? Baietz jolastea gogoko izan! Horietako bati gutxienez baiezkoa eman badiozu, gurekin etorri behar duzu: 


Urtarrilaren 18an, zapatua, Donostiako EUREKA!!! zientzia-museora joango gara, EZ ukitzea debekatuta dagoen lekura!!! Eureka museoa interaktiboa da; hau da, zientzia praktikatuz ulertu ahalko dugu, teorian baino. Ez da nahikoa ikustea edo entzutea, ukitu ere egin behar da. Horretaz gain, Planetariuma ikusteko aukera ere izango dugu, baita hainbat tailerretan parte hartzekoa ere. 15 laguneko taldean joanez gero, sarrerak 8 € balio du, planetariuma barne. Eta arratsaldean, Donostiako berbalagunekin elkartuko gara alde zaharrean. Plan itzela, ezta?  Gainera, betetzea lortzen badugu, autobusa gure kontura!!! Ez pentsatu gehiago eta eman ezazu izena lehenbailehen!!! Beti legez, eguzki amandrea ere gurekin etorriko da!!!


Eureka Zientzia Museoa, kutxaren Gizarte Ekintza, gure gizartearentzako kultura- eta hezkuntza- baliabidea da. Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dago, ingurune natural ikusgarrian, eta museo interaktiboa da. Izan ere, informazioa modu erakargarrian aurkezten du eta komunikazio-estilo berria du, objektuen maneiuan eta esperimentuetan oinarritua.

Eureka Zientzia Museoak inguru bizia eskaini nahi du, zientziaren eta teknikaren munduarekin loturiko jardueretan parte hartzeko. Adin guztietarako egokia den dibulgazio zientifikoko zentroa da, printzipio zientifikoak ulertzeko hezkuntza-programen osagarri eta aisialdirako baliabide egokia, bai familiarekin bai bakarrik gozatzeko.
Zentroak erakusketa iraunkor bat du: HIPATIA, zientziaren hainbat alor aztertzeko aukera izango dugu, gaikako 8 aretotan banatutako 160 modulu interaktibo baino gehiagori esker.

Azken belaunaldiko PLANETARIUM ere badu Eureka Zientzia Museoak, 142 lagun hartzeko prestatua. Oso tresna erabilgarria da astronomia irakasteko eta murgiltze-zinemako proiekzio ludikoak eskaintzeko.
Horrez guztiaz gain, hauek ere baditu: astronomia-behatokia (30 m-ko dorre batean), Foucaulten pendulua (14 m-ko beirazko dorre batean) eta animazio eta ikuskizun ugari (elektrizitatearena da aipagarriena, Espainiako estatuko bakarra). Jolas-eremu bat ere badago. Zur eta lur utziko zaitu hango errusiar mendiak.

Kanpoko lorategietan maketa-multzo bat (Gipuzkoako ondare-eraikinen maketak) eta lorategi botaniko txikia daude.

Aparkalekua doakoa da. Azkenik, kutxaren Gizarte Ekintzak kafetegia/jatetxea, denda, haurrentzako parkea, leihatilak eta piknikgunea jarri ditu bisitarien eskura.


BISITA SOZIOKULTURALA EUREKA! ZIENTZIA MUSEORA
Arrazoi askorengatik da nahitaezkoa Eureka! Zientzia Museoa bisitatzea.
  1. Azken belaunaldiko Planetarium digitala
  2. Miniaturazko Gipuzkoan paseatzeko aukera.
  3. Arreta pertsonalizatua, begirale-talde profesional baten eskutik.
  4. Bereziki helduentzat diseinatutako jardueren aniztasuna.
  5. Baina, agian, erakargarriena da zientziaren eta teknologiaren arloko edukietara hurbiltzeko aukera ematen duela, modu ezin atseginagoan. Harritu egingo zaituzte, bai edukiak (gure inguruko errealitatetik hurbil baitago), bai bisitan izatea espero dugun sentsazioek.
Proposatzen dugun jarduerak bi orduko iraupena du, eta taldeek, gutxienez, 15 lagunekoak izan behar dute.

Gainera, Gipuzkoa Miniaturan Eureka! Zientzia Museoan Gipuzkoan zehar kokatuak dauden eraikin esanguratsuenen eskalazko maketen erakusketa ikusgai dago Eureka! Zientzia Museoaren lorategian.

  • Hasiera: 2013/01/1       Bukaera: 2014/12/31
Erakusgai dagoen eraikina
Deskribapena
Erakusgai dagoen eraikina

Irudikatutako eraikinak:
  • Loiolako Santutegia
  • Arantzazuko Santutegia
  • Gipuzkoa Plaza - Foru Jauregia
  • Irungo Udaletxea
  • Oñatiko Unibertsitatea
  • Zumarragako Antioko Ermita
  • Beasaingo Igartza Jauregia
  • Azpeitiako Enparan Etxea
  • Zestoako Lili Jauregia
  • Donostiako Udaletxe Zaharra
  • Debako Santa Maria Parrokia
  • Eta abar.






2011-09-26

DONOSTIAN PLAN ITZELA, BAZATOZ?

Urriaren 22an, larunbatarekin, Donostiara joango gara, bazatoz? Plan itzela daukagu: goizean Euskal baleazaleak erakusketa ikusi portuan, ondoren urpeko batean itsas azpiko bidaia egin eta, arratsaldean, ondo bazkaldu ostean, ibilaldi gidatua hirian zehar. Eta dena 5 €ren truke, Bai Esan euskara elkarteari eta Santurtziko EHEri esker. Plan ederra, ezta? Zeuk ere etorri nahi baduzu, idatz iezaguzu mezua hona: baiesan@kaixo.com, urriaren 18a baino lehen, plazak mugatuak dira eta. 

9:00 Santurtzitik irten (egon zaitezte parkeko arkupeetan 8:45ean)
10:30 Euskal baleazaleak erakusketa ikusi Untzi Museoan
12:00 Itsas zabalean ur azpiko bidaia
12:15 Libre (bazkaltzeko eta)
16:00 Ibilaldi gidatua Donostiatik
17:30 Libre (Donostiako berbalagunekin poteoa)
20:00 Santurtzira

Baleak euskal kostako bisitariak dira duela mende askotatik. Gogotik ehizatuak eta, aldi berean, ezezagunak izan diren ugaztun horiek Untzi Museoko erakusketa berriko animalia nagusiak dira.  

Erakusketan balearen ehizaren iragana eta oraina ematen da ezagutzera, euskaldunek jarduera horretan izan zuten parte hartzea bereziki azpimarratuta. Erakusketa Erdi Aroko arrantzategiei buruzko erreferentziekin hasten da, kostaldeko herrietako udal-zigiluen arabera, Kantauriko kostan garatu zen batik bat. XVI. mendean, Ternurako, Labradorrerako eta San Lorenzorako espedizioekin balearen ehiza gailurrean zegoenean, buruturiko jarduera aztertzen du. Garapen kronologikoari dagokionez, XVII. eta XVIII. mendeak sartzen dira, baita XIX. eta XX. mendeetako arrantzategi industrialen aldi garaikidea ere,  balea-industriaren egungo egoerara bitartekoa. Munduan zetazeoen egoera zein den eta desagertzeko arriskuan zein espezie dauden ere azaltzen du.


"Itsas zabalean" urpeko bidaia euskal itsas historian barrena


Donostiako portuko, Kontxako badiako edota euskal kostaldeko itsas hondotik bidaiatzeko aukera ematen digu Itsas Zabalean bideo-instalazioak. Tartean sorpresaren bat edo beste aurkituko dugu. Itsas bidaia honetan urpean mendeetan hondoratuta egon diren aztarnekin egingo dugu topo; pasioz, ausardiz, lan gogorraz eta abenturaz betetako itsas historiaren lekukoak dira aztarna hauek guztiak eta hauei esker euskaldunek itsasoarekin izan duten eta gaur egun duten harremana ezagutu ahal izango dugu. Donostiako Untzi Museoan okasiorako egokitutako urpekontzi birtualean egingo dugu zehatza eta era berean entretenigarria den bidaia. Denok zaudete gonbidatuta!

Donostia, itsas hiria: Ibilaldi historiko-literarioa

 

Itsasoari loturiko historia luzea dauka Donostiak. XIX. mendean turismoari begira jarri bazen ere, ordura arte itsas merkataritza, ontzigintza eta arrantza izan ditu ardatz hiriak. Gudaroste ingeles-portugaldarraren erasoak eragindako kaltea handia izan zen 1813an, baina hala ere, Donostiak gordetzen ditu, bere itsas historiari lotuta, oraindik ere uki daitezkeen gauzak.
Ibilaldi hau Donostiako moilan zehar egingo dugu kuadernotxo pedagogiko baten laguntzaz eta Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean bukatuko da.
Itxaso Antuñano Zeanuri